Eta Jainkoak esan zuen: 'Izan bedi argia'. Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpeetatik". Hor hasi zen Historia. Gero etorri ziren gerokoak: Adan eta Eva, sugea, sagarra… eta Jainkoaren lehen gezurtxoa. "Ez jan jakituriaren zuhaitzetik, hil zaitezkete eta". Sugea lagun, Evak jaramonik ez. Eta ez zen hil, noski. Hara Historiako lehen zapla! Evak jandako sagarrari esker, beraz, gizakiak paradisua galdu eta ezagutza eskuratu zuen.
Suari esker argia nahieran sortzeko ahalmenak Jainkoaren kapritxoetatik askatzeko bidea ireki zuen. Hala, gauak luzatu ziren eta suaren argipean kontakizunak eta irakaspenak transmititzen hasi ziren, kobetan babesteko aukera zabaldu zen, eta basapiztiak uxatzeko moduak ere biderkatu ziren.
Zoragarria da argi artifiziala, baina, industrializazioaz geroztik, argiz mozkortu da gizakia. "Jendeari kutsaduraz hitz egiten diozunean, berehala burura datozkio ibaietako isuriak, berotegi efektuko gasak edota zarata, esaterako; baina ia inori ez zaio bururatzen argia ere kutsadura mota bat dela", argitu du Luminica Ambiental enpresako zuzendari Susana Malonek. Gasteizen lan egiten duen astrofisikari honek gertutik ezagutzen ditu gehiegizko argiztapenak sortzen dituen arazoak. Eta horretan laguntzen aurkitu du ogibidea. "Gustatzen zaidan arloan lan egiten dut, eta, era berean, arazoaren inguruan kontzientziazioa sustatzeko aukera daukat". Arabako Astronomia Elkarteko kide ere bada Malon.
"Argi-kutsaduraren arazoari aurre egiteko, funtsezkoa da
hemen ere araudi bat garatzea; herren gabiltza"
Susana Malon, Luminica Ambiental enpresa
Astronomoak gaiaren inguruko kezka gehien zabaltzen dutenak dira, baina argi kutsaduraren eraginak zerua behatzeko jardunean ez ezik, bestelako arloetan ere eragiten du. Nabarmenena, agian, aurtengo Medikuntzako Nobel sariaren haritik ezagunagoak egin diren erritmo zirkadianoei dagokiona da. "Lurrean gauden bizidun guztiak 24 orduko erritmoari egokituta gaude; egunean zehar esnatuta gauden bezala, gauez lo egin behar dugu, atsedena hartzeko eta bizirik irauteko. Baina argiztapen artifiziala dela eta, gaua urritzen ari gara, eta horrek eragiten die erritmo zirkadianoei". Adituaren esanetan, eragin hori gizakiengan zein gainerako bizidunengan ere eragiten du.
Bereziki argi urdina da kezka sortzen duena. Espektro elektromagnetikoan indar gehien duena da. "Kolore urdineko argia da gehien barreiatzen dena, gainerako koloreak baino askoz gehiago. Horrek esan nahi du argia gero eta zuriago izan, orduan eta gehiago barreiatuko dela, eta kutsadura handiagoa sortuko duela".
Horregatik, argiztapen jasangarria eraikitzeko, argi mota hau ekidin beharra dago. Oraingo LED teknologiari esker, nahieran molda daiteke argiaren tenperatura, eta horrek abantaila nabarmena ekarri du. Bestetik, telefono adimenduetan eta tabletetan hainbat teknologia garatu dira gauez irakurri behar denean argi urdinaren kopurua gutxitzeko, argi urdinak gorputzeko melatoninaren sorreran arazoak sortu omen ditzakeelako. Hormona horren ekoizpena funtsezkoa da ondo lo egiteko.
Araudi propiorik ez
Estatu mailako araudi batek zehazten du arazoari aurre egiteko estrategia: efizientzia energetikoa arautzen duen 2008ko 18/90 Errege Dekretuak, hain zuzen. Baina, Nafarroan ez ezik, gurean ez dago garatuta. Bai, ordea, erkidego gehienetan. Katalunia, Balear Uharteak, Extremadura, Kantabria, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Kanariar Uharteak… horiek guztiek lege propioak dituzte. "Arazo honi aurre egiteko funtsezkoa da hemen ere araudi bat garatzea", argudiatu du Malonek. "Gainera, orain egoera onean gaude, gaur egun dagoen teknologiari egokitzeko aukera izango genukeelako". Adituak aipatu duenez, Estatu mailako araudiak ez ditu kontuan hartzen azken urteetan nagusitu den LED teknologia. "Oro har, ingurumenari dagokionean, Euskadi aitzindaria izan ohi da, baina arlo honetan herren gabiltza".
Duela bost urte inguru Eusko Legebiltzarrera gaiari buruz hitz egitera joan zela esan du astrofisikariak, eta duela hilabete inguru garapen jasangarria lantzen ari den batzordean ere parte hartu du; baina, antza, gaia ez da asko garatu.
Hortaz, egoitza Gasteizen izan arren, proiektu gehienak Arabatik kanpo egiten dituela esan du Malonek. Arabako kasu bakanetakoa Zalduondon egindakoa izan da. Bertan, argiztapen proiektua garatu du Luminica Ambiental enpresak. "Argiteria aldatu behar zuten. Zeukatena aztertu eta ikusi genuen karkasa berdinak erabiltzeko aukera bazegoela, LED plaka berriak jarrita". Halere, adituak nabarmendu du hori beti ezin daitekeela egin hain modu errazean, eta egoerak banan-banan aztertu behar direla. "Benetako astakeriak ikusi ditut, Araban bertan ere", gaineratu du.
"Deskarga elektrikoko argiteria kendu eta zuzenean LED luminariak jartzen dituzte askotan, ezer gehiago aldatu gabe". Horrek arazo asko sor ditzakeela ohartarazi du adituak.
"120-100 gramoko bonbilla kendu eta kilo bateko pisua duen bonbilla berria jartzen dute, kontuan hartu gabe pisu horrekin erraz erori daitekeela. Bestetik, tenperaturari dagokionean, kontuan hartu behar da LED luminariak asko berotzen direla, eta bero hori disipatu beharra dago. Luminaria estalita badago, hor infernu txikia sortzen da, eta argi hori larregi berotzen denean itzali egiten da".
"Zalduondon egindakoa eredugarria da; kutsadura maila
errespetatzeaz gain, segurtasuna zaindu dute"
Zalduondon jarri duten kolore tenperatura 3.000 kelvinekoa izan da. "Itsutzen ez duen argi beroa jarri dute bertan, oso efizientea. Zalduondon egindakoa praktika onen adibide da. Kutsadura mailak errespetatzeaz gain, kaleetan segurtasun maila bat ere zaindu beharra dago, eta estatu mailako araudi batek hala izan behar duela dio. Bestetik, A etiketa energetikoa lortu da". Zalduondoko faroletako goranzko fluxua hutsa dela azaldu du Malonek. Horrek esan nahi du farolaren goiko aldetik argirik ez dela isurtzen.
Gizateriaren eskubidea
Zeruaren kalitatea neurtzeko lau parametro erabiltzen direla zehaztu du adituak: gaueko zeru-hondoaren distira naturala, atmosferaren turbulentzia, atmosferaren gardentasuna eta hodeien estaldura. Toki batean balore horiek egokiak badira, Starlight Fundazioaren ziurtagiria lor daiteke.
Duela 30 urte inguru jaio zen Starlight ekimena, Kanariar Uharteetako astrofisika institutuan. Ordudanik, nazioarte mailan lan egiten duen fundazioa bilakatu da. 2007an egindako nazioarteko topaketa batean La Palmako adierazpena egin zuten. Zerua Gizateriaren eskubide gisa definitzen da bertan. Fundazioak gaiaren inguruko dibulgazioa egiten du, eta eremu bakoitzean zeruaren kalitatea nolakoa den ziurtatzen du.
Arabak badu halako eremu bat: Santa Katalinako lorategi botanikoa, Tresponden. "Izar-parkearen kategoria du. Kasu horretan, hiruzpalau gauez distira neurtzearekin nahikoa izan genuen. Kutsatuta dagoen eremua da, noski, Gasteiztik gertu dagoelako, baina kutsadura maila baxua du. Zientzia dibulgazioa egiteko nahikoa kalitate du bertako zeruak". Ziurtagiri garrantzitsuagoak lortzeko, egin beharreko lana askoz zorrotzagoa da. "Hainbat urtetako eboluzioa aztertu behar da, urte bakoitzeko zenbait gau ateri dauden jakiteko. Neurketak urtearen sasoi ezberdinetan egin behar dira, gainera". Hori egiteko moduko tresneria du Malonen enpresak. Haren esanetan, estatuan ez dago tresneria hori duen enpresa pribaturik: Sky SQM fotometroa edota Santa Barbaran (Kalifornia, AEB) berariaz egindako kamera berezi bat, adibidez. "Halakoekin, neurtzeko prozesua automatizatzea lortzen dugu". Starlight proiektu bakoitza egiteko 6-12 hilabete behar dituela esan du Malonek.
Gaiaren inguruko kontzientziazioa indartzeko, mezua belaunaldi berrietan sustraitu beharra dago, ezinbestean. Norabide horretan, Luminica Ambiental-ek Cosmium planetario mugikorra kudeatzen du. Eskolaz eskola eramaten duten planetario txiki horri esker, gazteenek zeruaren edertasunaz gozatzeko aukera izaten dute. Planetarioa joan den asteburuan egon da ikusgai Bibat museoan, Zientzia Astearen barruan. Seguruenera bertan bokazio berriak piztu dira. Evaren bidea jarraituz, zerura begira bai, baina ezagutza handitzeko irrikan.
Kaleko argiak hobetzeko lanean
Gasteizko San Prudentzio kalean kokatuta, kaleko argiteria hobetzeko lanean ari da Luminica Ambiental enpresa, Susana Malon astrofisikari zaragozarraren eskutik. Energia- aholkularitzan espezializatuta dago, eta, zehazki, herriei eta hiriei laguntza eskaintzen die, kontsumo elektrikoa murriztu eta zerua gutxiago kutsatzen laguntzeko. Halaber, kontzientzazio lana ere egiten du, eskolaz eskola Cosmium izeneko planetario mugikorra eramanez. Bibat arkeologia-museoan ikusgai egon berri da, Zientzia Astearen baitan. |