Azazetako istripuan hil zen laguna etxez etxeko langilea zen

Erredakzioa 2025eko irailaren 2a

Elkarretaratzea deitu dute ostegun honetan Azazetako lan istripua salatzeko. Argazkia: ALEA

ELA eta LAB sindikatuek baieztatu dute Serveo enpresako behin-behineko langilea zela auto istripuan zendu zen laguna, eta lanetik bueltan izan zuela ezbeharra.

ELA eta LAB sindikatuek baieztatu dutenez, astelehen honetan Azazetako mendatean hil zen pertsona Serveo enpresako behin behineko langilea zen, eta lanetik bueltan izan zuen auto istripua. 56 urte zituen zendutako langileak eta etxez etxeko laguntzaile bezala lan egiten zuen.

Horiek horrela, lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du Serveoko enpresa batzordeak, ostegun honetan, 11:30ean, Gasteizko Posta plazan.

ELA sindikatuak iragarri du kontzentrazioarekin bat egiten duela, eta gogoratu du "prekarietatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan erritmoak eta segurtasun neurri falta" daudela lan heriotzen atzean. "Izan ere, enpresek produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituzte guztiaren gainetik, eta, ondorioz, laneko segurtasuna eta osasuna erabat baztertzen dira". 

LAB sindikatuak bere aldetik azpimarratu du zaintzaren sektorea, salbuespen batzuk kenduta, guztiz pribatizatua dagoela gaur egun, eta horrek ondorio larriak dituela langileentzat. "LABen ustez, pribatizazioak prekarietatea eta halako gertakari tragikoak dakartza berekin", esan du sindikatuak.

Halaber, etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintzak oso prekarioak direla salatu du LABek. "Langileek desplazamendu ugari egin behar izaten dituzte oso denbora tarte laburrean, lan zama gero eta handiagoa den testuinguru batean. Enpresek beren irabaziak bermatzeko ezartzen dituzten ratioek, lan erritmoek eta desplazamenduetarako denbora urriek laneko arriskua areagotzen dute".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago