Arabarron memoria

Ibernalo Basterra: "Gaur bakarrik ez zaudetela esan nahi dizuegu"

Erredakzioa 2025ko mai. 7a, 17:49

Kanpezuko Udalak Segundo Viana Arroniz omendu du, Bujandako bizilaguna, Mathausengo kontzentrazio esparruan hildakoa.

Kanpezuko Udalak Segundo Viana Arroniz omendu du asteartean, 1942an Mathausengo kontzentrazio esparruan hil zen Bujanda herriko bizilaguna. Nazien kontzentrazio esparruetatik azken euskalduna askatu zuteneko 80. urteurrenean egin du omenaldia.

Ekitaldian Segundo Viana Arrronizen senideek ere parte hartu dute, eta oroigarri bat inauguratu da herrian. Ibernalo Basterra Kanpezuko alkatea senideei zuzendu zaie: "Badakigu denbora luzeegian isiltasunari, ziurgabetasunari eta errekonozimendu ezari aurre egin behar izan diozuela. Gaur bakarrik ez zaudetela esan nahi dizuegu. Zuen senideen egiaren eta duintasunaren aldeko borroka funtsezkoa izan da gaur haien alde ahotsa altxatu ahal izateko. Memoria hau ere zuena da, eta zuen mina eta indarra aitortzen hasi da erreparazio honi esker" adierazi du Basterrak.

Alkateak gogorarazi du, halaber, erakundearen erantzukizuna dela memoria berreskuratzea, "gogoratzea ez baita soilik atzera begiratzea, baizik eta etorkizunaren eraikuntzaren zati bat".

Omenaldiaren bueltan, Basterrak kontzentrazio esparruetan egon ziren beste euskaldunak ere gogorarazi ditu: "Frankismoak isiltasuna eta ahanztura inposatu zituen, eta Trantsizioak ez zuen memoria historikoa merezi bezala lantzeko ausardi nahikorik izan. Pertsona horiek diktadura baten biktimak izan ziren, ihes egin behar izan zuten eta beste erregimen diktatorial batekin topo egiten zuten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago