Arabarron memoria

Mauthausenen hil zen Segundo Viana Arroniz omenduko du Kanpezuko Udalak

Erredakzioa 2025ko ots. 20a, 10:00

Segundo Viana Arroniz, 1934ko argazki batean. Argazkia: ANTZINA ALDIZKARIA

Bujandan jaioa, ofizioz praktikantea eta ile apaintzailea zen Viana. Bartzelona Francoren tropen eskuetan erori ondoren Frantziara erbesteratu behar izan zen.

Kanpezuko Udalak Segundo Viana Arroniz omenduko du, 1942an Mauthausengo kontzentrazio esparruan hildako Bujanda herriko bizilaguna. Ekimena osoko bilkuran onartu dute asteon.

Udaberri honetan, Mauthausengo sarraski eremu naziaren askapenaren 80. urteurrena ospatzen da, eta Kanpezuko Udalak adierazi du iritsi dela garaia "omenaldia egiteko altxamendu frankistaren eta ondorengo diktaduraren aurka borroka egin zuten, ihes egin zuten eta, muga zeharkatu ondoren, III. Reichak ezarritako terrorearen diktadurarekin topo egin zuten pertsona antifaxistei".

Bujandako praktikantea

Segundo Viana Arroniz Bujandan jaio zen, 1898ko martxoaren 29an, eta ofizioz praktikantea eta ile apaintzailea zen. Bartzelona Francoren tropen eskuetan erori ondoren Frantziara erbesteratu zen; eta Saint Cyprien kontzentrazio esparruan egon zen, eta handik atera zuten Atzerritar Langileen Konpainian sartzeko. Gerran preso hartu ondoren, Langreseko Fronstalag 123ra eremura eraman zuten; eta handik III Reicheko gerrako presoak jasotzeko Austriako kontzentrazio eremu handienetako batera, Stalag XVII-B13ra, Krems-Gneixendorfen.

1941eko abenduaren 19an, berriz, Mauthausenera deportatu zuten beste 468 behartutako langileekin,  konboi batean; eta handik Gusen zelaira eraman zuten, 1942ko ekainaren 8an. Hilabete geroago hil zen, 1942ko uztailaren 14an. Bere emaztea Clara Alba Brizek 1943an hasi zen Segundo Viana bilatzen, Nazioarteko Gurutze Gorriaren bitartez.

Kanpezuko udalean onartutako ekimenak euskal deportatuen errolda eta datuak eguneratzea ere proposatzen du. Era berean, bat egin du Stolpersteine ekimenarekin. Gunter Demnig artista alemanak egindako arte-proiektua da Stolpersteine, eta dagoeneko mundu osoko 20 herrialdetan zabaldu da. Eskuz idatzitako zementuzko bloke txiki batean nazismoak kontzentrazio esparruetan jazarri edo hildako biktimen izena eta bizitzaren datuak idazten dira, eta horiek jazarritakoen herrietan kokatzen dira, omenaldi gisa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago