Laminoriako parke eolikoa gelditu du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2025ko mar. 17a, 08:44

Laminoriako proiektuaren kontrako protesta, Arabako Diputazioaren aurrean. Argazkia: PODEMOS

Ostiralean argitaratu zuten ingurumen txostena. Harrobian aurreikusitako parke fotovoltaikoak aurrera egiteko baimena jaso du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Laminoriako parke eolikoa eraikitzeko proiektuaren kontrako ingurumen txostena egin du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostiral honetan argitaratu duenez. Ebazpen horrek, ordea, oniritzia eman dio inguru horretan parke fotovoltaiko bat jartzeari. Bi instalazioak Aixeindarrek bultzatzen ditu, proiektu berdinaren barruan.

Proiektu eolikoak ehun metro baino gehiagoko altuera eta 40 MWko potentzia duten zortzi aerosorgailu instalatzea aurreikusten du. Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren arabera, "onargarria ez den inpaktu kritikoa" izango du parkeak "arriskupean dauden abifauna eta kiroptero katalogatuen" gainean; halaber, "Natura 2000 Sareko espazioen arteko konektibitate ekologikoa" ere arriskuan jarriko du, baita "lehentasunezko intereseko landaretza eta habitat katalogatuak" ere.

Azazetatik gertu

Are gehiago, Ingurumen Zuzendaritzak azpimarratu du Azazetako proiektu eolikoaren ondoan kokatuko dela Laminoriakoa, eta bi parkeen jardueraren arteko sinergiek "efektu kritiko" ez onargarria izango lukete ingurumenean. Aixeindarrek aurreikusitako alternatibetako bat, aerosorgailuak Laminoriako harrobian bertan kokatzea aurreikusten zuena, bideragarria zen ingurumenaren ikuspegitik, baina "aerosorgailuetako batzuek bideragarritasun teknikoko arazo kritikoak dituzte, egindako azterketa geoteknikoen arabera hegalaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzen ez duten zona ezegonkorretan daudelako", dio ebazpenak.

Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena hartu du oinarri erabakia hartzeko orduan, eta "zuhurtasun eta kautelazko printzipioak" kontuan hartu ditu Laminoriako Parke Eolikoaren proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena aurkakoa dela adierazteko.

Fotovoltaikoari bai

Aitzitik, toki berean kokatu nahi duten parke fotovoltaikoaren inpaktua inguruko landaredia  eta fauna  babestearekin "bateragarria" dela iritzi dio Jaurlaritzak, "kontuan hartuta prebentzio, zuzenketa, eta konpentsazio neurriak" hartu behar dituela enpresak. Hortaz, Ingurumen zuzendaritzak parkearen aldeko adierazpena egin du.

Laminoriako harrobian kokatuko da parke fotovoltaikoa, Arraia-Maeztuko udalerrian, degradatutako eta zati batean zaharberritutako eremuetan. Instalazioak 34,37 MWko potentzia instalatua izango du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago