Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartea eratu dute

Erredakzioa 2025ko urt. 13a, 10:24

Arabako Errioxako hainbat alkate, elkartea eratzeko bileran. Argazkia: LAPUEBLA DE LABARCAKO UDALA

Asteburu honetan abiatu dute elkartea, Montserrateko Monasterioan. Bidearen bueltan turismoa indartu nahi dute, eta udalerri txikiei babesa eman.

Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartea eratu dute asteburu honetan Montserrateko Monasterioan (Bartzelona). Ibilbideak hartzen dituen 92 udalerrietatik 72 hartzen ditu bere gain elkarte berriak. Bidea Manresarik (Bartzelona) Azpeitiaraino (Gipuzkoa) doa, eta, gurean, Arabako Errioxako, Mendialdeko eta Lautadako lurrak zeharkatzen ditu, 73 kilometro inguru eginez. Arabaren partetik, besteak beste, Asparrena, Kanpezu, Elvillar, Kripan, Laguardia, Lapuebla de Labarca eta Zalduondo egongo dira elkartean

Kulturaren, historiaren, gastronomiaren eta ondarearen alorretan bideak eskaintzen dituen aukerak indartu asmo dituzte elkarte berriaren bidez. Manresa izan da proiektua bereziki bultzatu duen udalerria, eta bertako alkatea izango da elkartearen lehen presidentea.

Bi lerro jorratuko dituzte. Lehena seinaleztapenari dagokiona izango da, hori ezarri edo —dagoen kasuetan— hobetzeko asmoa baitute, bai eta bidearen beraren azpiegiturak eta baliabideak indartu ere. Bigarrena, herriei dagokie, bertako aktibo material eta immaterial guztiak turismo paketeetan sartu nahi dituztelarik. Azken hau batez ere udalerri txikiak buruan izanda pentsatu dute, horiek eskuratu ezin dituzten baliabideak elkarte berriak erraztuko dizkielakoan.    

Orain bidea gehien erlijioari eta erromesaldiari lotuta egonik ere —Ignazio Loiolakoak 1522an egindako erromesaldian oinarritzen da ibilbidea—, elkartearen bitartez bestelako profilak erakarri nahi dituzte.

Arabako Errioxa, Mendialdea eta Lautada zeharkatzen ditu bideak. Mapa: ALEA

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago