Azkeneko ogi labekadak

Anakoz Amenabar 2024ko abenduaren 20a

Edorta Alonso, Olga Alonso eta Maite Aberasturi okinak, Urizaharreko Alonso okindegian. Argazkia: ALEA

Astebete barru itxiko ditu ateak Urizaharreko Alonso okindegi ezagunak, erretiroa hartuko baitute langileek; herritar, bezero eta lagunentzako despedida txiki bat egingo dute abenduaren 28an.

Gutxinaka-gutxinaka, apalategi eta kutxak husten doaz Alonso okindegian. Ogi sobatu, madalena, opil eta txoripan gutxi batzuk baino ez dira geratzen dagoeneko. Enkarguetarako labekada handi bat egingo dute larunbatean, eta hilaren 28an itxiko ditu ateak betiko Urizaharreko denda ezagunak. "Bezero, herrikide eta lagunekin despedida txiki bat egingo dugu orduan. Bisitan datozenekin kafe edo ardotxo bat hartu ahal izateko eguna izango da 28a", gogoratu du Olga Alonso okinak.

Izan ere, denda izateaz gainera, Urizaharreko herritarrentzat topalekua ere izan da urteetan okindegia. "Orain beharbada lanpetuago gabiltza, eta zaila da solasean geratzea, baina gogoan dut aita edo aitona erretiroa hartuta inguruan zebiltzanean; herritarrek ordubete pasa ematen zuten hemen hizketan", aipatu du Edorta Alonsok. Eta ez urizahartarrak bakarrik, egunean zehar herria igarotzen duten dozenaka lagunen tentazioa izan baitira bertako ogi eta gozoak. Gasteiz eta Errioxa arteko joan-etorrietan askok egin dute geldialdia bertan.

Baina zer du txoko honek hainbeste lagun elkartzeko? "Beste leku batzuetan egin ohi den ogiaren aldean, uste dut desberdina dela hemen egiten den ogi sobatua, eta horren bila etorri izan dira asko. Oso mamitsua da, samurra, eta, gainera, hainbat egunez ondo mantentzen da", azaldu du Maite Aberasturik, Olga eta Edorta anai-arrebekin batera lan egiten duen okinak. Alonsotarren aitonak egiten zuen moduan egiten dute ogia gaur egun ere, aiton-amonen oratzeko makinarekin oraindik, eta milaka ogizale izan dituzte atzetik; Gasteizko hogei bat dendatan, eta Miranda Ebro eta Logroñoko beste zenbait txokotara ere eraman dituzte ogiak astero, beste hainbat herri txikirekin batera.

"Gure bezeroen moduan, beste ogi bat bilatzen hasi beharko dugu"

Olga Alonso, okina

Ogi sobatua dute izarra, baina urteotan bestelako produktu batzuk ere izan dituzte. Gasteizko Queseando gazta dendarekin elkarlanean, esate baterako, gazta tartak prestatu dituzte denbora batez, eta txintxortak ere arrakasta handia izan zuen garai batean bezeroen artean. "Txarriboda garaian egiten zituen aitonak etxe desberdinetarako txintxortak, txerri gantzarekin, eta guretzat ospakizun bat zen, baten bat guretzat izaten zelako beti", esan du Olgak. Ekilore olioa eta mahaspasez egiten hasi ziren gero. "Gozogintza aldatzen joan gara urteotan, etxean edo batean eta bestean ikusi ditugun errezeta errazekin. Bizkotxoak, esaterako, irratian entzundako errezeta batekin hasi ginen, jendeari gustatu zitzaion eta...", azaldu du Maitek. Bezeroen gustuak aldatuz joan dira urteekin, eta familietan ez da garai bateko ogi kopurua jaten ere, azaldu dutenez, beraz, ogiak txikiagoak dira gaur egun, eta bestelako osagai batzuk ere barneratu dituzte.

Araban ogi integrala egiten lehenengoetarikoak izan zirela nabarmendu dute, duela ia 50 urte. Gainera, modu berezi batean hasi ziren egiten. Yoga egiten zuen herritar talde bat gerturatu zen Urizaharrera, eta, errota ikusirik, ogi integrala egiteko proposamena egin zieten gurasoei. Ordura arte ogi txuria baino ez zuten egiten. Egiten ikasi, eta Zaramagako La Oriental belar-dendan hasi ziren saltzen, hiriko beste zenbait dietetika dendarekin batera. "Gurasoek lotsatuta eraman zuten lehenengo ogi integrala dendara, ogi zapero trinko bat zelako hura, gerraosteko ogi beltzaren antzerako zerbait; baina, antza, hori zen bilatzen zutena, eta laster hasi zen zabaltzen, beste inork egiten ez zuelako Gasteizen". Besteak beste, Arrasate, Eibar eta Elgoibarren ere saltzen zuten ogi integrala. "Autobus geltoki zaharra zegoen oraindik... Autobusetan ogi zaku handiak sartu eta hainbat lekutara bidaltzen zuten".

Errota

Ogiaz gainera, Alonso errota zaharrak berak ere erakartzen du bisitarien atentzioa, etxe aurrean iturburuak sortzen duen urmael gardenarekin batera. Urizaharreko herritarrek Hijarko dukearen Las Herrerias errotan eho behar zuten alea, garesti, udalbatzak 1778an herriarentzako beste errota hau erosi zuen arte. Alonso familiak errentan hartu zuen lehenik, eta jabe bilakatu ziren ostean. Sotero eta Aquilina Alonso arduratu ziren –Olga eta Edortaren herenaitona-amonak– lehendabiziko ehoketez, eta hurrengo belaunaldiak hasi ziren ogia egiten. "Gu geu etxe honetan bertan jaio gara, beraz, txikitatik ikusi dugu ogia nola egiten zuten gure aiton-amona eta gurasoek", gogoratu du errotarien azkeneko belaunaldiak. Larunbatero egin duten moduan, honetan ere, Villambrosan landatzen duten gari arabarra ehotuko dute lurraldeko osagaiekin egindako ogi integrala egiteko.

1778ko errota dute alonsotarrek Urizaharrean; barietate arabar bateko garia ahotu dute astero honetan. Argazkia: ALEA

Tradizio luzearekin amaitzeak pena ematen die alonsotarrei, baina, aldi berean, erretiroa hartuta, etapa berri bat hasteko irrikaz daude, lanbide gogorra baita okinarena. 03:00ak aldera esnatzen dira, ogia egin eta egunean zehar banaketa egin ahal izateko. "Gure gurasoek ez zuten lana horren goiz hasten, ogia arratsaldetan banatzen zutelako, baina goizetan eskatzen hasi ziren bezeroak, eta presioarekin... akabo!", gogoratu dute. Arratsaldean hurrengo egunerako prestaketa lanak egin eta enkarguak hartu behar dituzte. Opor egunak hartzeko, hiru lagunen artean antolatu behar dituzte txandak, urtean hiru jai egun bakarrik dituztelako okindegian.

"Topalekua ere bada okindegia; garai batean, solasaldi luzeak izaten ziren"

Familian ez da ofizioarekin jarraituko duenik, eta, kanpoko zenbaitek interesa agertu duten arren, ez da posible izan erreleboa. "Gure alabak ofizioa bizi izan du gertutik, eta gaiaren inguruan ere ikasi du bi urtez, baina ez da erraza negozioarekin jarraitzea; beste bide bat aukeratu du", azaldu du Edortak. Horregatik, penaz, baina agur esango diote okindegiari. "Pena handia ematen du, belaunaldi askoren lanaren emaitza delako hau, errotari eta okin moduan, baina... harriak ere nekatuta egongo dira honezkero".

Okindegia itxita, 29tik aurrera, deskantsatu eta disfrutatzeko gogoa dute alonsotarrek; goiz jaikitzeaz ahaztu eta herriko beste topalekuez gozatzeko tartea izango da. "Eta, noski, gainontzeko bezeroen moduan beste ogi bat bilatzen hasteko momentua izango da, kalitatezkoa ahal bada", nabarmendu du Olgak. "Hemendik aurrera, guretzako ere ez dugu ogirik egingo, ez daukagu lan egiteko asmorik, kar-kar. Tarte luze batez behintzat, kitto!"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago