Ega garaiko 'puzzlea' ezagutzera gonbidatu dute

Erredakzioa 2024ko api. 10a, 17:31
Mendialdean egingo dira ekitaldi gehienak; tartean, Markizen. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Martin Ttipia kultur elkarteak Ega ibaiak zeharkatzen duen goiko lurraldearen historia ezagutzeko ekimen sorta antolatu du.

Ega garaiko lurraldearen historia ezagutarazteko helburuarekin, ostiral honetan hasi eta irailera arte luzatuko den zikloa antolatu du Martin Ttipia kultur elkarteak. Besteak beste, hitzaldiak, erakusketak eta bisita gidatuak antolatu dituzte.

"Kodes eta Toloño/Kantabria mendilerroen magalak hegoaldean, eta Lokiz nahiz Gasteizko mendien bizkarrak iparraldean" dituela, Ega ibaia bere sorreran elikatzen duten ibaiadarrek historian zehar "berezko izaera eduki duen eskualde berezia" egituratu dutela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek, ohar batean. 

Berezko izaera hori izan arren, eskualdea hainbat muga administratiboren arabera zatituta dagoela erantsi dute: EAE, Nafarroa eta Gaztela eta Leon. Hortaz, "puzzle arraro hau" historian zehar nola egituratu den azaltzen ahaleginduko dira.

Ostiralean, apirilak 12 dituenean, Marañón eta Lapoblación artean bisita gidatua egingo dute, Nafarroako Erresuman aditu Iñaki Sagredoren eskutik. Marañón, Korres eta Bernedoko gazteluak izango dituzte mintzagai.

Maiatzaren 10ean Jose Antonio Gonzalez Salazar etnografoak La facería de Izki, organización tradicional hitzaldia emango du Markizen.

Ekainaren 7rako bigarren bisita gidatua prestatu dute Kanpezu eta Zukiano artean: Pierola eta Santa Piako monastegi zaharrak gaia jorratuko du Iñigo Larramendi ikertzaileak. Bisitaren ondoren bertso afaria egingo dute.

Uztailaren 12an, Fernando Sanchez Aranaz historialariak Los fueros municipales y la formación de las fronteras actuales hitzaldia emango du Antoñanan.

Irailaren 12an Korresen amaituko dute kultur zikloa, Kike Fernandez de Pinedo batzarkide ohiaren eskutik, soberan deskriptiboa den Euskara eta sorginkeria Arabako Mendialdean hitzaldiarekin.

Horrez gain, Sonsierrako nafar defentsa sareari buruzko erakusketa paratuko dute Bernedon ―ekainaren 17tik 23ra―, Kanpezun ―ekainaren 25etik 30era―, eta Maeztun ―uztailaren 2tik 8ra—. 

Bestalde, aurreratu dute Segurako (Gipuzkoa) Historia Oroituz elkarteak landutako Orreagatik iragan hurbilera izeneko antzezlana uda ostean izango den Atauri Art festibalean txertatzeko asmoa dutela.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide