"Ekarpen inportanteak egin ditugu, baina ez dugu norabidea aldatu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 17a, 07:52

Kike Fernandez de Pinedo da EH Bilduko ahaldun nagusigaia. E.LANAO

Batzar Nagusietan igaro den legegintzaldiaren balorazio gazi-gozoa egin du Kike Fernandez de Pinedok; ereduen arteko talka agerian geratu dela uste du EH Bilduko ahaldun nagusigaiak, eta lurraldean aldaketa gauzatzeko "ausardia falta" egotzi dio EAJri. 

Martxoaren 31n itxiko dute legegintzaldia Arabako Batzar Nagusietan, eta despedidarekin batera abiatuko du EH Bilduren ahaldun nagusigai Kike Fernandez de Pinedok (Gasteiz, 1961) hauteskunde kanpaina. Ate bat ixten eta bestea zabaltzen den denbora tarte hori aukera egokia da egindakoaren balantzea egiteko eta aurrera begiratzeko, eta hori egin du hain zuzen Fernandez de Pinedok ALEAren eskutik. PPk ezarritako politikak aldatzeko "ekarpen garrantzitsuak" egin badituzte ere, norabide aldaketa sakontzea falta izan dela aitortu du ahaldun nagusigaiak: "Momentua iritsi zenean, politikak sakondu behar zirenean, EAJk atzera egin zuen, eta harrezkero aldaketa gutxi ikusi dira".  

Ramiro Gonzalezen kargu-hartzea erraztu zuen EH Bilduk, eta bi aldiz aurrera atera zituen aurrekontuak. Azkeneko biak, ordea, ez ditu babestu. Zer aldatu da? 

PPren gobernu batetik gentozen, eta gutxiengoan zegoen foru gobernu bat etorri zen. Lurraldeak merezi zuen norabide aldaketaren alde, eta, aldez aurretik baldintza batzuk jarrita, lehen bi urteetako aurrekontuei bidea eman genien. Ekimen asko abiatu genituen aurrekontu horietan, baina akordio orokor bat etorri zen EAJren eta PPren artean. Arabatik kanpo erabaki zuten, eta inposatu zuten PP izan behar zela gobernuko bazkidea; horrek fiskalitatean atzera egitea ekarri zuen, eta gainera, hortik aurrera, betiko politiketara itzuli ziren. Ez dugu aukerarik izan fiskalitatearen inguruan edo toki erakundeen finantzazioari buruz eztabaidatzeko.

Negoziatzeko gaitasun eta malgutasun nahikoa izan al ditu EH Bilduk?

Jakinda gaia konplexua zela, ahaldun nagusiari esan genion: "Baduzu urte bat eztabaida zabaltzeko eta mahai gainean jartzeko fiskalitatearen eta tokiko administrazioen finantziazioari buruzko aukera guztiak". Eta ez zen eman eztabaida hori. Bat-batean PPrekin akordio orokorra zutela ikusi genuen. Hori izan zen EAJren hautua; EBBk hartu zuen erabakia, Arabatik kanpo.

Arabako instituzio nagusietan, EAJren eta EH Bilduren artean atzematen edo irudikatzen zen "sintonia" edo "konfiantza giroa" hautsi egin da? 

Giro hori bazegoen, baina uste dut ausardia falta izan duela EAJk. Behin hasten zarenean aldaketak egiten, nabarmenak izan behar dira arlo guztietan, nekazaritzan, ingurumenean, enpleguan… Eta momentu klabe horretan, sakondu behar zenean, EAJk atzera egin zuen eta harrezkero aldaketa gutxi ikusi dira.

Gasteizko Udalean Gorka Urtaranekin gertatutakoak eragina izan al du Arabako Diputazioan?

Hasieratik argi utzi nahi izan genuen bi erakunde autonomo direla; eta erabakiak modu autonomoan hartu dira, eta gainera, modu desberdinetan jokatu da. Ez dut uste paralelismo handiegia egon denik. Hemen, gutxienez, lehen bi urteetan egin ziren akordioak bete egin ziren eta Gasteizko Udalean, berriz, ez da hori gertatu. Egia da, baita ere, PPrekin akordioak egiteko hautua berdina izan dela.

Perspektibarekin hartuta, zeintzuk dira EH Bilduk egin dituen ekarpenik handienak?

Agendan jarri dugu lurralde oreka. Joera handiegia dago dena Gasteizen zentralizatzeko, eta lurralde orekan pausuak ematea lortu dugu. Despopulazioari buruzko eztabaida zabaldu dugu, eta horrekin batera hainbat neurri sustatu ditugu tokiko garapen sozioekoenomiko endogenoa bultzatzeko, zerbitzuak hobetzeko, alokairuko etxebizitza herrietan egiteko, proiektu komunitarioak lantzeko; eta oso lotuta dagoen lehen sektorean alternatibak eta eredu aldaketa bultzatu ditugu. Beste arlo batzuetan ere ekarpenak egin ditugu: egonkortu genituen kuadrilletako teknikarien lanpostuak, eta %0,5a igo genuen tokiko erakundeen finantzaketa. Zerbitzu sozialen arloan, akordioa lortu zen San Prudentzio egoitzan 60 plaza publiko sortzeko, nahiz eta gero ez gauzatu.

"Lehenengo bi urteetan batzuetan lokaztu egin gara, eta orduan akatsak egin ditugu"

 Zertan huts egin duzue?

Batez ere lehenengo bi urteetan, hainbatetan lokaztu egin gara; eta lokazten zarenean akatsak egiten dituzu. Arlo batzuetan ez dugu lortu oso inportanteak ziren proiektuak gauzatzea. Lehen aipatu dizut adibiderik onena, San Prudentzio adinekoen egoitza. Bada, ez dugu plaza bakar bat ere lortu. Aldiz, proiektu xumeak izan direnean, EAJren politikak kolokan jartzen ez dituztenak, horiek aurrera atera dira; baina fiskalitatearen aldaketa, toki finantziazioa, edo zerbitzu sozialetan... Hor ari zara eredua ukitzen.

Nekazaritzan ere gauza interesgarri asko martxan jarri dira, esate baterako, Lautadako transformazio gunea, baina ez dugu lortu norabidea aldatzea, betiko inertziak ez ditugu aldatu. Hasieran, norabide aldaketa lortu genuen, baina ez dugu lortu sakontzea.

Arabatran ere EH Bilduren proposamen nagusietako bat izan da. Egingarria ikusten duzu aurrera begira? 

Proiektu batzuek laburbiltzen dute atzean zer politika dagoen. Bi eredu ditugu hemen. Guk tren sozial bat sustatzen dugu, lurraldea kohesionatzen duelako, eta pertsonen zerbitzura dagoelako. Honekin batera, ezinbestekoa den treneko korridoreen modernizazioa egitea nahi dugu eta hirugarren hari bat merkantzientzat eta nazioarteko trafikorako. Hori da gure eredua, malgua. Horren aurrean, XX. mendeko politikak egiten dabil EAJ; azpiegiturak inposatzen ditu, eta bai ala bai egin behar dira, azaldu gabe zer bideragarritasun sozial eta ekonomiko duten. Hor talka dugu, ereduen talka. Arabatranekin lortu genuen txostena egitea, oso ondo, oso polita, baina kaxoi batean geratu da. 

"XX. mendeko politikak egiten dabil EAJ; azpiegiturak inposatzen ditu"

 Fiskalitatea aipatu duzu lehen. Hor ere oso urrun geratu da foru gobernua EH Bilduren proposamenetik? 

Nabarmena da EAJren aldetik aldaketa bat eman dela. Are gehiago, esango nuke Iberdrola eta Petronor bezalako enpresa handiek markatu diotela EAJri bidea, sozietate zergaren inguruan edo ondasun handien zergan. Zor handia du oraindik lurraldeak eta  beharrak gero eta handiagoak dira, batik bat zerbitzu sozialetan, gizartearen zahartzeagatik. Hortaz, finantzazioa handitu behar da, modu justuan. Uste genuen erdibide bat adostea posible zela, EH Bilduren eta EAJren eta PSEren arteko proposamenen arteko erdibide bat, baina eztabaidatzera ere ez gara iritsi. Eskema atzerakoi bat inposatu da, eta ezin izan dugu aurrera egin.

Foru Ogasunaren diru sarrerak handitu egin dira; hori ona da.

Hobekuntza egon da ekonomiaren lerro batzuetan, baina nazioarteko testuinguruak bultzatuta izan da, ez da soilik Arabako kontua. Enpleguan gauza batzuk egin dira, baina sortzen den enplegua gero eta kaskarragoa da, eta gainera gero eta behin behinekoagoa. Langile pobreak sortzen ari gara. Industrian eta jarduera sozioekonomikoan, EAJren filosofia da merkatuak arautzen duela jarduera ekonomikoa. Gure ustetan, aldiz, eskualde mailako planak eta tokiko garapenarekin lotutako dinamikak sustatu behar dira, enpresa txikien arteko kolaborazioak eta elkar ezagutza, eta horietan berrikuntza indartu. Enpresa handi asko 5.0an ari dira lanean, eta beste txiki asko oraindik ez dira 2.0ra iritsi.

Uraren kudeaketaren harira eta partzuergo berriaren osaketa dela eta, uste duzu auzian jartzen ari direla kontzejuen eskumenak eta gaitasunak? 

Dudarik gabe. Gobernantza ona ez da zentralizazioaren sinonimoa, hurbiltasunetik etorri behar da, eta kontzejuek ahalmena erakutsi dute horretarako. Inposatu nahi izan da eredu bat, xantaiaren bitartez eta gardentasun gutxirekin.

Arabako ura negozio iturri bilakatzeko arriskua dago?

Problema da kontrolak zure eskuetatik ihes egiten duenean, ez dakizula zer gertatuko den. Esaten zaigu erakunde publikoa izango dela, baina arriskua hor dago. Horregatik kontrol publikoa toki erakundeek izatea inportantea da, haiek dutelako eskumena. 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 182. zenbakian 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago