MENDIALDEA RADIO

Mendialdearentzat "errespetu" eske

Juanma Gallego 2024ko ots. 14a, 18:32

Mendialdeko kolektibo ugarik parte hartzen dute Mendialdea Radioko programazioan. Argazkia: MENDIALDEA RADIO

Mendialdea Radio egitasmoa finantzatu ahal izateko Arabako Diputazioarekin bizitzen ari diren"sufrikarioa" salatu dute. Urte eta erdi kobratu gabe egon dira, gauzatzen ez zen diru laguntza baten zain.

Mendialdea Radio komunikazio proiektua aurrera eraman ahal izateko Arabako Foru Aldundiarekin nozitzen ari diren "sufrikarioa" salatu du aste honetan Batzar Nagusietan Aritz Ibañez proiektuaren koordinatzaileak. Batzar Nagusietan bai, baina azkenean prentsa aretoan eman behar izan du egoeraren berri. Izan ere, berez Lurralde Orekako Batzordean parte hartu behar zuen Ibañezek, baina foru gobernuan dauden alderdiek, PPren abstentzioarekin, atzera bota dute agerraldiaren eskaria. Hortaz, EH Bildu eta Elkarrekin Araba batzarkide taldeen babesarekin prentsa agerraldi batean azaldu dituzte proiektuari buruzko nondik norakoak.

Une honetan Mendialdea Radio egoera "latente" batean dagoela azaldu du koordinatzaileak. "Horrek ez du esan nahi proiektua utzi dugunik", argitu nahi izan du. Dioenez, azken urteotan izandako hazkundearen ondorioz berrantolaketa prozesu batean daude uneotan, baina geldialdi hori bada ere, azaldutakoaren arabera, diputazioarekin azken urteotan bizi izan duten arazo baten ondorio zuzena.

Finantzazioari dagokion arazoa, hain justu. Izan ere, Ibañezek salatu du diputazioak ez duela bete proiektua diruz laguntzeko hasieran hartutako konpromisoa, eta horrek kolokan jarri du proiektuaren bideragarritasuna.

2021. urtearen amaieran, garaiko Demografia Erronkaren Sailarekin "bilera asko izan ostean", 2022 urterako 18.000 euroko diru laguntza lortu zuten. Hazten ari zen proiektua kudeatzeko, Ibañezek alta eman zuen Gizarte Segurantzan autonomo gisa. Horrez gain, Rural Refounding Araba ekimenaren bitartez, antzeko planteamendua beste zenbait landa eskualdetara zabaltzeko lanean hasi zen, Mendialdean hasitako esperientzia Lautadara, Gorbeialdera, Arabako Errioxara eta Gaubeara eraman nahian.

Asteartean eman dute egoeraren berri, Batzar Nagusietako prentsa aretoan.  Argazkia: BBNN 

Orain ezagutarazi dutenez, urte horretako uztailean jaso zuten agindutako diru laguntzaren %10. "2022ko abenduan, berriz, 20.000 euroko diru laguntza lortu genuen". Adostu bai, baina artean aurreko urteko diruaren %90 kobratu gabe zegoen. "Iazko maiatzean esan genion diputazioari konpromisoa betetzen baldin ez bazuen, egoera hau publiko egingo genuela", azaldu du koordinatzaileak, oraingo agerraldi honen abiapuntua azaleratuz.

Azkenean, bilera batean erantzuna jaso zuten. Inondik inora espero ez zuten azalpena, hain zuzen. "Esan ziguten kontu hartzaileek ez zutela onartzen ordainketa, proiektuaren arduraduna autonomo izateagatik".

Joko arau berriak

Atakatik ateratzeko irtenbide bezala, diputazioak babesletza kontratu bat sinatzea proposatu zien. "Kontua da diru laguntzak ez daudela zergapetuta, baina babesletza kontratuak bai". Gauzak horrela, zergen magia azaldu zen, bete-betean: egoera berri horretan, dagoeneko eginda zegoen lan bat ordaintzeko 18.000 euro horiei BEZaren %21 eta PFGZaren %15   kendu behar zitzaien. "Horrek, noski, finantziazio zulo handi bat ireki zuen dagoeneko itxita zegoen ekitaldi batean", gogora ekarri du Mendialdea Radioko koordinatzaileak.

SEI IRRATSAIO EDUKI DITUZTE AZKEN DENBORALDIAN, 14.000 BAT ENTZUNALDI IZANIK

Ezer ez kobratzeko alternatibaren aurrean, babesletza kontratu hori sinatu zutela azaldu du Ibañezek, baina nabarmendu du ez dietela uko egingo diru laguntzei. Gogor kritikatu du aldundiak egindako kudeaketa, horrek suposatu dielako "praktikan urte eta erdi baino gehiago kobratu gabe lanean egotea, bitartean hirugarrenei egin beharreko ordainketa guztiak egin badizkiegu ere".  Horregatik, hein handi batean "aisialdian eta boluntariotzari esker" egiten den proiektu batean parte hartzen duten guztiei egindako "errespetu falta" kritikatu du Ibañezek, eta eskatu du azalpen ofizial bat.

2020ko irailean abiatu zuten irratia, Mendialdeko komunitatearentzako komunikazio tresna bezala. Podcast formatuko hiru programarekin martxan ipini zuten lehen denboraldian 2.500 entzunaldi lortu zituzten. Irratiak izan duen gorakadaren adierazle, iazko ekainean bukatu zuen azken denboraldian, ordea, sei saio eta 14.000 bat entzunaldi izan dituzte. Orain arteko ibilbidean hiru sari jaso dituzte, gainera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago