Eduardo Ruiz de Loizaga

"Kuadrilla ireki nahi dugu, parte hartzea bultzatu"

Anakoz Amenabar 2023ko urr. 7a, 08:00

Eduardo Ruiz de Loizagak gidatuko du Mendialdeko Kuadrilla hurrengo urteetan. ALEA

Datozen lau urteetan, Kaixo Kanpezuko alderdi independenteko Eduardo Ruiz de Loizaga izango da presidentea, EAJri lekua kenduta.

Urizaharreko AMI alderdi independentearekin eta EH Bildurekin adostuta, Eduardo Ruiz de Loizaga Kanpezuko zinegotzia (Kaixo) aukeratu dute Mendialdeko Kuadrillako presidente. Ordezkariek sinatutako akordioan hurrengo urteetan jorratu beharreko zortzi ardatz jasotzen dira; horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, energia-komunitateak sustatzea, ekonomia zirkularra eta adinekoentzako egoitza publikoa bultzatzea. Kuadrillak duen bulegora lanera heldu berri, ALEArekin izan da presidentea.

Bulegora iritsi berri, oraindik egunean jartzeko astirik gabe.

Bai, oraindik neurria hartu gabe. Gerentea eta teknikariekin bilduko naiz lehendabizi, egiteke daudenak zeintzuk diren ezagutzeko  eta premiazkoa dena erantzuteko. Hurrengo egunetan egunean jartzen joango naiz.

Sei lan eremutan banatu dituzue akordioan jasotako zortzi ardatzak.

AMIk, Bilduk eta Kaixo elkarteak lortu dugun akordioak onartzen du presidentea ezin dela izan funtzio guztiak betetzen dituen eta eskumen guztiak dituen bakarra. Gure lan egiteko modua horrelakoa izan da azken zortzi urteetan Kanpezuko Udalean, eta horrela egin nahi dugu hemen ere, AMI eta EH Bildurekin batera. Kuadrillan lan handia dago, gainera, ezagutzen dut, arlo asko daude, teknikari asko, eta lan hori banatu egin nahi dugu, eskumenak banatu eta denen artean egin, parte-hartzailea izatea nahi dugu. 

Urte askoan EAJren esku izan eta gero, etapa berri bat al da hau?

Bai. Ni lehenago ere egon nintzen Kuadrillako lehendakariorde, Kanpezuko Udaleko zinegotzi izan nintzen lehen legegintzaldian, eta orduan ez nuen ezer eskura izan, ez zidaten laguntzen, ez zuten nirekin kontatzen. Kuadrilla, oro har, jendearentzat itxitako erakundea izan ohi da, eta ireki egin nahi dugu, ahal den neurrian jendeak parte har dezan bultzatu. Ikusten genuen herritarrek aldaketa bat nahi zutela, lan egiteko modu berriak, irekiagoak.

Zeintzuk izango dira lan ildo nagusiak?

Akordio honen oinarrietan jasotzen den moduan, zortzi lan ildo  bultzatu nahi ditugu. Ez dut esan nahi aurretik horietan lan egiten ez zenik, baina beharbada bultzada berezia behar dute batzuek, edo hori da gure taldeak nabarmendu nahi duena. Oraintxe bertan, esaterako, komunitate energetikoei bultzada bat eman behar zaie, eta eskumenak Kuadrillarenak ez diren arren erabat, babesa eta laguntza ematen egon nahi dugu. Badakigu Arabako Aldundiak martxan duela Maeztuko Ekiola parkea, eta hori aukera aproposa iruditzen zait, baina ez da bakarra. Gainera, badira beste proiektu batzuk, eolikoak tartean, oraindik aztertu beharko ditugunak; kasu batzuetan badirudi ez direla oso iraunkorrak ingurumenari dagokionez, eta ikusi beharko dugu. Guk proposatzen dugun eredua instalazio txikiena eta Mendialdeko pertsonen energia subiranotasunarena da.

"Eraldaketa zentroa bultzatu nahi dugu, eta turismo estrategia berri bat abiatu"

Populazioa gero eta edadetuagoa da Mendialdean, eta eskualdearen despopulatzea kezka iturri...

Badira zenbait gai lurraldean biztanleria finkatzen lagun dezaketenak; hala nola, lanpostuak sor ditzakeen eraldaketa zentroari bultzada bat eman nahi diogu, eta turismorako beste estrategia bat abiatu nahi dugu, azkenaldian bisitari ugari izan dituzten  Ignaziotar Bidea edota Bide Berdea aprobetxatuta, edota kultura proposamen desberdinak areagotuta. Lanpostuak sortzeko aukera izan behar dute horiek ere, eta hori indartu nahi dugu.

Zaharren egoitza publiko bat proposatu duzue.

Aipatu moduan, biztanleria zahartzen ari da, eta beharra dago. Orain Mendialdean ditugun egoitzak ez dira benetan egoitzak, mendekotasun-maila bat ere ez duten lagunentzako etxebizitza komunitarioak dira; gero eta mendekotasun handiagoa dute adinekoek, eta, gure ustez, aztertu beharreko gaia izan daiteke egoitza publiko bat egotea, gainera enplegua sortuko duena.

Nolako aukerak dituzte Mendialdean geratu nahi duten gazteek?

Lana egon badago. Enpresa jarduera dago, abeltzaintzaren sektorean, nekazaritzan... Egia da, halaber, hemen bizi diren pertsona askok Gasteizen, Lizarran edo Logroñon ere lan egiten dutela, eta beste asko lanerako soilik etortzen direla eskualdera. Hala ere, datozen urteetarako ditugun ideia horiek guztiak lanpostuak sortzearekin lotuta daude, hala nola energia-komunitateekin, ekonomia zirkularrarekin, konpostajearekin, transformazio-zentroarekin, turismoarekin, egoitzekin... Horiek guztiek lanpostuak sor ditzakete, eta horretan lan egingo dugu. Beste gai bat etxebizitzarena da; Kanpezuko Udaletik azken urteetan gaia lantzen ari gara, lantaldeak egin ditugu etxebizitzaren benetako errealitatea zein den jakiteko, erosi, saldu edo gainerako beharrak zein diren ezagutzeko, eta Eusko Jaurlaritzarekin ere elkartu gara. Jakin  badakigu, halere, etxebizitza eskaera dagoela eskualdean, eta gai horrekin lan egin beharko dugu.

Zerbitzu publikoak "indartzea" eskatu dute hainbat herritarrek azken hilabeteetan, Kanpezuko eskolan zein osasun zentroan izan diren murrizketen ondorioz.

Bi kasuetan, batez ere langileen ondoan egotea da guri dagokiguna, eta zerbitzuak gutxienez orain arte bezala mantentzea eskatzea. Gero ikusiko dugu zein diren gure eskumenak edo nola jardun dezakegun horietan, baina hasierako pausoa hori da.

Mugikortasunari dagokionez, nolako egoera du Mendialdeak?

Mendialdeko garraioak bere gabeziak ditu. Gasteiz eta Lizarra lotzen dituen zerbitzua dugu, Aldundiaren eskutik, gune handietatik igarotzen dena, baina  horietatik herri txikiagoetara joateko taxia edo aurretik eskatuta  egin behar da; deseroso samarra da premiazko bidaia egin behar duenarentzat edo aurreikuspenik gabeko bidaia bat egin nahi dutenentzat, eta baita telefonoa eta ordenagailua erabiltzera ohituta ez dauden adineko pertsonentzat ere. Beraz, buelta bat eman behar zaio zerbitzuari,  hobetu edo alda daitekeen ikusteko.

Mendialdeko Kuadrillaren batzarra irailaren 28an osatu zuten. Argazkia: BBNN

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago