Arratiandi elkartearen eta Bapatean Konpainiaren eskutik, 2021. urteaz geroztik, Arabako Mendialdeko herri txikian egiten duten kale antzerki, zirku eta clown jaialdiak nobedade ugari iragarri ditu. Berritasunen artean, musikari tarte handiagoa eskainiko dio aurtengo Atauri Art jaialdiak.
Hala, iraileko bigarren asteburuan (8, 9 eta 10)inauguratuko dute jaialdiaren hamabigarren edizioa, musikaren eta umorearen artean. Ezaguna den konpainiarekin hasiko dira emanaldiak: irailaren 8an, 19:00etan, Ataurin, Zirika Zirkus taldea gonbidatu dute, umorea, zirkoa eta antzerkia nahasten dituen A toda vela ikuskizuna aurkezteko. Larunbatean, berriz, saio bikoitza izango da Ataurin, Jimena Cavalleti Valentziako konpainiaren eskutik. B.O.B.A.S (Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales) ikuskizuna aurkeztuko dute, Leioako Umore Azokan, Munduko Ikuskizun Onenaren saria lortu duen antzezlana. Leioako epaimahaiak azpimarratu duenez, "ikuskizun lotsagabe, ausart eta probokatzailea lortzen duen clown lan bikainagatik" eman diote saria, baita "publikoarekin inplikazio eta konplizitate handia" sortzea lortu dutelako ere. 18:00etan, aurkeztuko dute lehen obra; eta bigarren emanaldia, berriz, 21:00etan hasiko da. Horretan, Y tan panchas izeneko kontzertu komikoa eskainiko du Jimena Cavalleti konpainiak, Los Panchos musika talde ezagunaren abestien bertsio "ezezagunetan" oinarrituta.
Irailaren 10ean, igandean, eguerdian, vermoutharekin batera, David Cid eta bere taldearen jazz kontzertua antolatu dute Ataurin; eta arratsaldean, Pez Limbok Oxido mikroantzerkia aurkeztuko du, hiru espazio desberdinetan.
Bakarrizketen lehiaketa, azaroan
Irailean atseden hartu ostean, ohi bezala, urrian eta azaroan, emanaldi gehiago egingo dira Atauri Art jaialdiaren barruan. Aurten, urrian, bat beharrean bi antzezlan izango dira. Urriaren 6an, Maeztun, Zirkun zirkoaren Izaskun Ruedaren Bidaiabizitzen, umeentzako txotxongilo eta zirku ikuskizuna aurkeztuko dute; eta urriaren 7an, Ruth Garretaren El espejo cómico lana.
Azaroan, azkenik, antzerki jaialdia nobedade batekin itxi nahi izan dute Arratiandi elkarteko kideek, bere programan oso ohikoa ez den bakarrizketa formatuari protagonismoa emanez eta bertso bazkarien dinamikarekin nahastuz. Kasu honetan, mikro irekiko bakarrizketa saio bat antolatu dute, bazkari baten bueltan, eta parte hartzen dutenen artean saria banatuko dute. Aurretik izena eman beharko da.
EGITARAUA