Txikitan Santutxun bizi zen arren, ostiralak eta oporrak ilusio handiz hartzen zituen Ibernalo Basterrak (Bilbo, 1973), amaren herrira joateko aukera zuelako. Denborarekin, herrian geratzea erabaki zuen. Orain, hirugarrenez Kanpezuko alkate hautatu dute, gehiengo osoarekin.
Emaitza itzelak lortu dituzue. 418 boto, EAJren 142 botoen eta PPren 30 botoen aldean. Zergatik uste duzue gertatu dela hau?
Azken zortzi urte hauetan egindako lanaren ondorioa dela esango nuke. 2015ean apustu bat egin genuen ordura arte zegoen udal gobernua gainditzeko. Garai horretan gauzak nahiko triste zeuden. Udalerria itzalita zegoen, arlo guzti-guztietan. Hortaz, horri buelta emateko beharra ikusi genuen. Orain, berriz, kolorea eman diogu udalari. Horregatik, gure apustua izan zen herriaren eta udalaren arteko harremanetan gertutasuna lortzea. Azken finean, herria da hitza duena, eta guri egokitu zaigu hor egotea gauzak kudeatzeko. Orain edozein herritar hurbiltzen da nahi dituen gauzak proposatzera. Modu sozialagoan edo gizatasun gehiagorekin jarduten dugula uste dut. Lan handia dago oraindik egiteko, baina uste dut egindako lanak ekarri gaituela orain gauden tokira. Horrek, noski, indarra ematen dizu jarraitzeko, eta apala izaten jarraitzeko ere.
Talde barruko hautagaitzak erabakitzeko modua ere nahiko berezia da zuenean...
Bai. 2014an asanblada batzuk egin ziren, eta handik abiatu zen Kaixo taldea. Gure bost herrietako izenetatik hartutako hizkiak dira: Kanpezu, Antoñana, OrbIso, BuXanda [Bujanda] eta Oteo. Alabaina, hasierako asanblada horietan hautagaitzetarako boluntariorik ez zen atera, eta horregatik erabaki zen bost herrietan primario batzuk egitea, jendeak hautagaiak proposatuz. Nik behintzat ezustekoa hartu nuen aukeratutakoen artean nire burua ikusi nuenean. Bada, funtzionamendu hori mantendu dugu ondorengo hauteskunde guztietan ere.
Zelan sustatzen duzue partehartzea egunerokotasunean?
Herritarrak udaletxera lasaitasun osoz hurbiltzen dira, eta niri ere kaletik komentatzen dizkidate gauzak. Gertutasun hori oso polita izaten da. Zenbaitetan pixka bat neketsua izan daiteke, noski, baina ni ohituta nago, eta nahiko ondo eramaten dut. Orain eszedentzian nago, baina nire ogibidea denda batean egiten nuen, eta, funtsean, hau ez da oso kontu desberdina jendearekiko harremanei dagokienez.
Orain arte egindako lanei begira, zer proiektu nabarmenduko zenituzke?
Duela zortzi urte aterpetxea apustu handia izan zen. Orain jada irekita daukagu, eta, gainera, udalerriko familia batek hartu du horren kudeaketa. Oso pozik gaude: familiak eta taldeak etorri daitezke aterpetxera, edo baita bide inaziotarra egiten dutenak ere. Igerilekuak ere handitu behar izan ditugu, eta autokarabanentzako tokia ere handitu dugu: hamalau plaza izatetik 29ra pasa gara. Rokodromo berria ere bukatu dugu, eta oraingo uda honetan irekitzeko moduan egongo da. Uztagunea da aipatu ahal den beste proiektu bat: zereal biltegi bat zena coworking espazioa bihurtu dugu, enpresa berritzaileentzat edo telelanean dabilen eta azpiegitura hori erabili nahi duen jendearentzat. Dena dela, eta hauek guztiak oso garrantzitsuak izan arren, nik zementu hutsetik harago doazen lorpenak ere nabarmenduko nituzke. Niretzat oso esanguratsua izan zen pandemian gertatu zena. Hondamendia izan zen, eta garai horretan galdu genuen jendea ezin daiteke ahaztu. Baina, modu berean, lagungarria izan zen beste kudeaketa mota bat posible zela erakusteko. Kanpezun komunitatea asko indartu zen, eta orduan ikusi zen zein beharrezkoa zen egunerokotasuna lantzea; zerbitzua ematea herriari eta komunitateari.
Datozen lau urte berri hauei begira, zein estrategia dituzue?
Funtsean, aipatu dugun filosofia honetan sakontzen jarraituko dugu, proiektuetan aurrera egiteko lan taldeak eratuz eta jendearen parte hartzea sustatzen. Gure bost herriak aurrera ateratzeko ditugun zerbitzuak mantendu edo hobetu ditugu. Zentzu horretan, argi dago hezkuntza eta osasuna direla kezka nagusiak orain.
Hezkuntzari helduta, Mendialdea ikastetxeak murrizketak salatu ditu...
Bai. Askotan batzuei ahoa betetzen zaie despopulazioa hitzarekin, baina gero errealitatea da herrietan zerbitzuak kentzen dituztela. Eta zerbitzurik gabe, nork egingo du apustua herrietara joan eta bertan finkatzeko? Hirietan bezala, zerbitzu horiek mantendu eta babestu behar dira ezinbestean. Ikastetxearen kasua da. Ahalegintzen ari gara Lakuarekin hitzordu bat lortzen, [Jokin] Bildarratz sailburuarekin. Osasunaren arazoa hor dago ere: uda datorrenean, logikoa denez, mediku, erizain eta administrazio langileek oporrak hartu behar dituzte, baina hutsune horiek ez dira behar bezala betetzen, herritarren kalterako.
Jaurlaritzak dio teleasistentzia indartuko dutela. Hori ez da nahikoa, ezta?
Ez. Hemen adineko pertsona asko ditugu, eta horietako batzuk teknologia berriekin moldatzen badira ere, beste batzuek oso zaila dute halakoekin aritzea. Pandemian ere hori oso garbi geratu zen. Jendeari eskatzen zioten zauri edo ubeldura bati argazkia atera eta bidaltzeko, baina seme-alaben edo beste baten laguntza ez dutenentzat oso konplikatua izan daiteke hori.
"ZERBITZURIK GABE, NORK EGINGO DU APUSTUA HERRI BATERA JOAN ETA BERTAN FINKATZEKO?"
Zahartzea da eskualdearen beste erronketako bat. Hau zelan landu daiteke?
Lan talde bat osatu dugu, adinekoekin beraiekin lantzeko. Udalaren izenean ni egoteaz gain, kultur animatzailea, erretiroa hartutako erizain bat, Gurutze Gorriaren arduradun bat... askotariko jendea gaude, bost herrietakoak. Hilean behin elkartzen gara proposamenak lantzeko, edo zertan lagundu daitekeen hitz egiteko. Enpresa batekin diagnosi bat egingo dugu ere. Bestetik, herrian etxe komunitario bat dago, udalarena, baina Aldundiak kudeatuta. Hor ahalegin ekonomiko handia egin behar dugu, guk zati bat ordaintzen dugulako, eta horrek kentzen duelako dirua beste zenbait tokitatik. Baina guretzat funtsezkoa da zerbitzu hori mantentzea.
Etxebizitzak egokitzeko zailtasunez hitz egin duzu behin baino gehiagotan. Zer proposatzen duzue ba?
Udalean sartu ginenean, aurretik landuta zegoen HAPOa onartu behar izan genuen, baina orain moldaketak egiteko lanean ari gara. Hiri handi batean zentzua izan dezaketen zenbait eskakizun herri txikietan malguagoak izan daitezkeela uste dugu, batez ere etxeak zaharberritu ahal izateko. Gure herrietan, adibidez, kale batek ez du zertan hamar metroko etorbidea izan. Minimo batzuk mantendu behar ditu araudiak, kamioi bat edo larrialdi zerbitzu bat aise igarotzeko adina, baina uste dugu araudia egokitu daitekeela.
Udaletxea ere handitu nahi duzue...
Bai. Teknikari asko pasatzen dira hemendik, baita Mendialdeko Kuadrillakoak ere, eta, askotan, jarduteko espazio nahikorik ez daukagu. Udaletxea txiki geratu zaigu. Alboko etxea udalarena dela ere. Orain, Nekazaritza Ganbara dago etxe horretan, baina leku berri bat bilatuko diegu, eta udaletxea bera handituko dugu. Kultur etxean ere esku hartu nahi dugu, berritu behar den espazioa delako.