"Haserre eta nekatuta". Arabako Mendialdea Ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta irakasleek ezintasun handia sentitu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, birritan bildu ostean, eman dien erantzunaren aurrean. Administrazioak ez du hurrengo ikasturteko murrizketak atzera botatzeko asmorik. "Zenbakiak besterik ez dituzte ikusten", azaldu du ikasketa buruak; "ez dute kontuan hartu non bizi garen, landa eremuan bizi garela, despopulazio handia duten herrietako umeak jasotzen ditugula, behar bereziak eta zaurgarritasun maila handia dagoela".
Gainera, zentroko irakasleak eta zuzendaritza lanez gainezka daudela azaldu dute ikastetxetik, eta dituzten irakaskuntza orduei, prestakuntzarako behar dituzten orduei eta burokraziari eusteko "itota" dabiltzatela. Egoera are okerragoa izango litzateke hurrengo ikasturtean, Hezkuntza sailak onartu dituen irakasleen murrizketak gauzatzen badira. Susana Diaz ikasketa buruak ALEAri azaldu dionez, hezkuntza kalitatea "izugarri" jaitsi da, emandako baliabideak ez direlako nahikoak izan, "eta orain arte genituenak kendu dizkigute". Gainera, azpimarratu du ikastetxearekin aurretik hitz egin edo adostu gabe, egun batetik bestera, hainbat programa kendu dizkietela.
Hilaren 12an, kontzentrazioa
Gauzak horrela, aurreko astean egindako protesten eta mobilizazioen ondoren, asteazkenean, batzarra egin dute Mendialdea Ikastetxean. "Jende asko etorri da, herri guztietatik, baita inguruko herrietako alkateak ere". Hartara, lan talde bat osatzea erabaki dute, ikastetxeko langileak ez diren beste agente batzuekin –gurasoak eta udalak– erabakitzen diren pausuak koordinatzeko. Lan talde horrek Mendialdeko udal guztietan mozioa aurkeztuko du.
Halaber, mobilizazioekin jarraituko dute, egunero patioan sarrera baino lehen; kontzentrazioa ere deitu dute, hilaren 12an Eusko Legebiltzarraren aurrean, 'Herriak ez ito' lemapean; eta hilaren 17an, manifestazioa egingo dute Kanpezun, 18:00etan.
Diazek azaldu duenez, ikastetxean duten arazoarekin batera, lehen mailako osasun arretan aurreikusten diren murrizketak ere mintzagai izan zituzten batzarrean, "ikusten ari garelako landa eremuko herri txikietan bizitzeko baldintzak gero eta eskasagoak direla". Horregatik, asmoa dute, hurrengo egunetan, Arabako landa eremuak bizirik irauteko proposamen zehatzak eramateko Eusko Legebiltzarrera. Gainera, gai hauen inguruan, beste ikastetxe batzuekin harremanetan jartzeko eta elkartzeko asmoa dute, "herrietako baliabideak mantentzeko".