Arabako Mendialdea

EH Bilduk irabazi du Lagranen eta independenteek garaipena sendotu dute

Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 10:05

Urtzi Gaintzarain izango da Lagrango alkate berria. / Argazkia: EH BILDU

Zortzi urteko ibilbidearen ostean, Iber Basterraren talde inepdendenteak aise irabazi du Kanpezun. Anartz Gorrotxategi jeltzaleak Arraia-Maeztuko alkatetzari eutsiko dio. Eta EH Bilduk EAJ gainditu du Lagranen.

Lehenbizikoz, Arabako Mendialdean, EH Bildu zerrenda bozkatuena izan da udalerri batean. Lagranen, hain zuzen, gazteen eskutik garaipena erdietsi du koalizio abertzaleak, eta lau urtean udalerriko mapa politikoari buelta ematea lortu du: zinegotzi bakarra izatetik hiru izatera igaro dira. Irabazle gaindiezina zirudien EAJk lau zinegotzitik bi galdu ditu.

Halaber, indar handia erakutsi du EH Bilduk Bernedon, eta eserlekuetan berdinketa egon da EAJren eta EH Bilduren artean –bakoitzak hiru zinegotzi lortu ditu–, baina jelkideek boto gehiago lortu dituzte. 2019an, zinegotzi bakarra izatetik hiru izatera pasa da koalizio abertzalea; eta jelkideek, aldiz, bi zinegotzi galdu dituzte. PPk bere eserlekuari eutsi dio.

Beste alde batetik, Kanpezuko eta Urizaharreko talde independente historikoen sendotasuna frogatu dute berriro ere udal hauteskundeek. Zortzi urteko ibilbidearen ostean, Iber Basterraren taldeak aise irabazi du Kanpezun, "gardentasunaren eta hurbiltasunaren" lemapean. Zinegotzi bat gehiago dute, seitik zazpira, eta EAJk bat galdu du eta birekin konformatu beharko da. Urizaharrean, berriz, bost zinegotzietatik hiru lortu ditu talde independenteak eta EAJk bi eserleku izango ditu. Juanjo Betolaza izango da herriko alkatea beste behin.

Arraia-Maeztun, berriz, Anartz Gorrotxategik eutsiko dio alkatetzari. EAJk boto gutxi batzuk galdu ditu eta eserleku bat gutxiago izango du aurrerantzean (4); EH Bildu da bigarren indarra zinegotzi bat gehiago eskuratuz (3). Haranan EAJk irabazi du, nahiz eta botoen ia erdia galdu; eta EH Bildu da bigarren indar bozkatuena. Bost zinegotzietatik lau dira jelkideak eta bat koalizio abertzalearena.

GRAFIKOAK

MENDIALDEA

Arraia-Maeztu

Bernedo

Harana

Kanpezu

Lagran

Urizaharra


Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago