Bidea ireki diote parke eolikoari

Erredakzioa 2023ko mai. 3a, 11:10

Azazetako parke eolikoaren aurkako mobilizazio asko egin dituzte azken hilabeteotan. ARABAKO MENDIAK ASKE

Jaurlaritzak Azazetako parke eolikoa egiteko baimen administratiboa eman du. Hasierako proiektuan zenbait aldaketa ezarri dituen arren,  hainbat eragilek aurkeztutako alegazioak atzera bota ditu Lakuak.

Azazetan parke eolikoa jartzeko administrazio baimena argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. Honezkero, Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagari eragingo dion instalazio eolikoak bide irekia du Jaurlaritzaren aldetik, ebazpena errekurritzeko hilabeteko epea dagoen arren.

Jaurlaritzak ingurumen inpaktua gutxitzeko hainbat aldaketa eskatu dizkio proiektua sustatzen duen Aixeindar SA enpresari. Aurkeztutako proiektuak alegazio ugari jaso ditu. Besteak beste, hainbat talde ekologistak, administrazio batzarrek, erasandako udalek eta 3.236 pertsonak aurkeztu dituzte alegazioak. Guztiak atzera bota ditu Jaurlaritzak.

Ingurumen inpaktua gutxitzeko hainbat aldaketa egin beharko ditu Aixeindarrek. Orotara, enpresak Azazetako mendietan zortzi aerosorgailu jarri asmo ditu, 40 megawatteko potentziako instalazio batean.

Jaurlaritzaren ebazpenaren arabera, errota horietatik hiru lekuz aldatu beharko dituzte, babestutako eremuetatik gertuegi egoteagatik. Modu berean, tentsio linearen zati bat lurperatzeko eskatu dio Jaurlaritzak enpresari. Horrez gain, elektrokuzioen aurkako neurriak hartu beharko ditu, bai eta soinu kutsadurari aurre egiteko hainbat neurri ere. Hala, goi tentsioko lineak herrietatik gutxienez 200 metrora pasa beharko dira, eta etxe bakartuetatik 100 metrora. Modu beran, Kapilduiko radar meteorologikoa mugitu beharko dute ere, oraindik hori nola eta noren kontu egingo den zehaztu ez badute ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago