1998ko martxoaren 31n, Eusko Jaurlaritzak, Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eskatuta, eta Euskal Herriko Natura Kontserbatzeko legearen babesean, Izki parke natural izendatu zuten, Arabako hirugarren parke naturala eta Euskal Autonomia Erkidegoko seigarrena.
Tokiko landarediaren garrantziak, habitaten aniztasunak eta Izkiko mendien inguruko faunaren eta botanikaren aberastasunak bultzatu zuten, natura babesteko politikaren lehen urratsetatik, euskal administrazioak baso eremu hori kontserbatzeari lehentasuna ematea. Hala, Euskal Landa Plan Estrategikoak (1992-96) eta Euskal Baso Planak (1994-2030) Izkiko mendietan parke natural bat sortzea aurreikusten zuten.Aurreikuspen horiek 1995eko otsailaren 16an hasi ziren gauzatzen, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez Izki parke natural deklaratzeko prozedura hasi zenean.
Lehen urratsetan, errezeloak
Izkiko parke naturalaren proiektua Arabako Mendialdean jarduera ekonomikoa sortzeko alternatiba gisa aurkeztu zieten bertako biztanleei, baina prozedura hasi eta berehala errezeloak agertzen hasi ziren biztanleen partetik. Izan ere, hainbat administrazio batzarrek, 1995ean sinatutako idazki batean, parkea "lau alboetatik erreko zela" esanez mehatxu egin zuten. Askok uste zuten inguru horretatik urrun zeuden erakundeen intrusismoa zela erabakia, eta leporatzen zieten ordura arte kontzejuek bermatu zuten baliabide naturalen kontserbazioaren kudeaketaz jabetu nahi izatea.
Gainera, babes neurriek garapen ekonomikoa hipotekatuko zuten beldurra zuten, oso egoera ekonomiko eta sozial larrian zegoen eremu batean. 1990eko hamarkada horretan, Arabako Mendialdea despopulaziotik oso gertu zegoen, eta biztanleria zahartua eta maskulinizatua. Ekimen eta dinamismo ekonomikorik ez ziren atzematen eskualdean, eta, bereziki, ezkortasun sentimendua oso orokortua zegoen hiriburutik urrutien zeuden Arabako herri txikien etorkizunaren inguruan.
Parkea baino gehiago
25 urte eta gero, Izkiko parke naturala errealitate sendoa da; eta, azken urteetan, natura eta fauna babesteko bestelako figurak ere batu zaizkio parkearen oinarrizko ordenamenduari: babes bereziko eremuarena, eta Natura 2000 sarearen barruan, hegaztien babeserako eremuaren izendapena, besteak beste. Izkik ez du gutxiago merezi. Arabako Mendialdeko parke naturala isilpean gordetako sekretua da, biodibertsitatearen altxorra. Bere barruan dago, adibidez, Euskal Herriko ameztirik zabalena –3.600 hektarea–, alboan pagadi itzelak dituela. Bizitzaren aniztasunaren gordeleku bikain horretan desagertzeko arriskuan diren espezie batzuk ere hazten dira.
Urte osoko ospakizuna
Parkearen ibilbidea eta gaurko errealitatea ospatzeko, Arabako Diputazioak urte osoko jardueren egutegia antolatu du, hilabete honetatik hasita. Hala, apirilaren 15ean, zirriborroak egiteko lantegi bat egingo dute, Korresko Erdi Aroko arkitekturaren inguruan. Jardueren egutegiak Izkiko behatoki astronomikorako proposamenak ere jasotzen ditu; lurrean edo zeruan gordeta dagoena ezagutzeko interpretazio irteerak, eguneko harrapakariak protagonista direlarik; beste jarduera bat musika eta hegaztien kontzertu bat da, eta, gainera, bizikleta elektrikoz hegaztiak ikusteko mendiko bizikletazko birding irteera bat eta erreserba integralaren ikustaldi gidatu bat ere badaude. Halaber, Markiz, Korres eta Antoñanara egingo dituzte bisitak, eta herri horietako biztanleek bertako historia eta kultura ondarea erakutsiko dituzte.
Horri guztiari bi erakusketa gehituko zaizkio; lehenengoa Izkiko parketxean egingo dute, eta bertan Izkiko "alfabetoa" erakutsiko dute naturagunean dauden animalien edo landareen orrien bidez. Helburua espezie horietako batzuei Arabako Mendialdean ematen zaien herri izena ezagutaraztea da. Bigarren erakusketa, berriz, argazki zaharren erakusketa bat izango da, eta uda partean, Gasteizen, ikusgai egongo da.
Urteurrenaren ekitaldi nagusia Artzainen Komunitateen Egunarekin bat egingo du, eta irailaren 29an ospatuko dute. Azaroan, ondare naturalari eta kulturalari buruzko hiru hitzaldirekin amaiera emango diete 25. urteurreneko jarduerei.