Gure artean Dani ezizena hartu badu ere, Nazar Mudasir (Khambi, Pakistan, 1979) du jatorrizko izena. Eta ez da erraza izan, ez, Dani harrapatzea. Azazeta eta Bikuña artean dabil, batean ardiak, eta, bestean —anaiaren laguntzarekin—, ahuntzak zaintzen. Ardiak orain erditze garai bete-betean daude, eta, horregatik, lan eskerga ematen dute. Hori guztia gutxi balitz, elkarrizketa egin eta hiru ordura animalia osasunari buruzko azterketa dauka, Neikerren; eta ardien jabeak, gainera, istripu bat izan berri du. Lanaz gainezka egonda ere, irribartsu azaldu da elkarrizketa osoan zehar, bekereke artean bere ahotsa gailenduta.
Hitzordua finkatzeko mezuan, urdueraz eman dizkizut eskerrak. Asmatu dut?
Tira, urduera Pakistan osoan egiten den hizkuntza da, baina eskualdeen arabera hizkuntza desberdinak daude. Nire ama hizkuntza punjabera da. Hona ekarrita, urduera gaztelaniaren parekoa litzateke; eta, punjabera, euskararen parekoa.
Indian ere punjabdarrak badira, ezta?
Bai, kultura komuna dugu, baina erlijio desberdinak ditugu: gu musulmanak gara, eta Indian diren punjabdarrek, berriz, sikhismoa jarraitzen dute. Garai batean, gure aiton-amonak batera bizi ziren, baina 1947an India eta Pakistan bereizi zirenean, eskualdea zatitu egin zen.
Zerk ekarri zintuen Europara?
Ogibide bila etorri nintzen. Familian zazpi anai-arreba gara, eta, bizitza osoan abeltzaina izan ondoren, nire aitak ez zuen erretiroa kobratzeko aukerarik. Pakistanen gure familia oraindik ere abeltzaintzara dedikatzen da. Bufalo emeak eta behiak dituzte, esnea ekoizteko. Haragirako, berriz, Pakistanen ahuntzak erabiltzen dira. Hori izan da betidanik familian landu egin duguna, eta nik ere animaliekin lanean jarraitu nahi izan dut. Urte eta erdi eman nuen Grezian, eta Euskal Herrian hamalau urte daramatzat, etorkizun bat eraiki nahian. Zazpi edo zortzi urtez eraikuntzan lan egin nuen, eta ondo moldatzen naiz horretan ere: pinturan eta igeltserotzan ofiziala naiz, baina erosoen nagoen lanbidea hau da: animaliekin egotea.
"NIK LARRE KOMUNAK BEHAR NITUEN ARTALDERAKO, BAINA JOKANON ATEAK ITXI ZIZKIDATEN"
Behin artalde propioa izan zenuen. Zer gertatu zen?
Bai, hamar urtez eraikuntzan irabazitako dirua erabili nuen Jokanon artalde bat eta korta bat erosteko. Baina azkenean guztia ezerezean geratu zen, eta inbertsioa galdu nuen. Arazoa izan zen hiru urtez Jokanon bizi izanda ere, ez nuela lortu bertako auzokide izatea. Eta ez dakit zergatik. Bertako Jesus Mariri eskerrak eman nahi dizkiot eman zidan laguntza guztiagatik. Baina gainerako jabeek ez ninduten nahi herrian. Izan ere, jakin bazekiten auzokide bihurtuz gero, larre komunak erabiltzeko eskubidea izango nuela. Eta, hala izanik, beraiek diru laguntzak galduko zituztela. Haien artean banatuta zituzten lurrak, eta ez zituzten partekatu nahi. Eta gero badago jendea dioena etorkinak diru laguntzetatik bizi garela! Bada, Jokanoko abeltzain horiek ez zituzten larreak erabiltzen. Berez, lau behor askatzen zituzten, ikus zedin hor animaliak bazirela, horiengatik diru laguntzak kobratu ahal izateko. Nik, berriz, larre horiek behar nituen nire ardiak elikatzeko. Azkenean, larreak erabili beharrean, animalientzako janaria erosi behar nuen, eta hori ez zen bideragarria. Hortaz, alde egin behar izan nuen, ateak itxita nituelako. Ekonomikoki kolpe latza izan zen, baina berreskuratzea lortu nuen. Erretiroa hartu berri duen Txema Zendoia albaitariari ere eskertu behar diot emandako laguntza; niretzat, anaia baten modukoa izan da.
Nolakoa da zure lana Azazetan?
Ardiak saldu nituenean, Raul Rituerto ezagutu nuen, eta lanean nago berarekin. Orain batez ere haragiarekin lan egiten ari gara. Ogibide gogorra da hau, baina gustura egiten dut.
Zure etorkizuna mendian ikusten duzu, beraz?
Bai. Larrea da behar dudana. Adibidez gustura egingo nuke transhumantzia, baina bide horiek galdu egin dira, eta dagoeneko ez daude egokituta. Dena dela, Euskal Herritik kanpo aukera gehiago ikusten ditut. Espainian mendi eta larre asko dago aukeran, baina oso urrun daude. Badajozen, adibidez, aukerak aztertzen ari naiz, baina hemendik joateak pena ematen dit. Nire proiektua egiteko 4.000 edo 5.000 ardi beharko nituzke, eta horiek Araban sartzea ezinezkoa litzateke. Animaliak modu naturalean bizitzea nahiko nuke. Duela 40 urte gauzak egiten ziren moduan egitea, gaur egungo aurrerapenei muzin egin gabe. Makilarekin ibiltzea mendian, artaldea zaintzen. Noski, neguan eta behar dutenean, aterpe bat izan dezatela, baina, funtsean, mendian hazi ahal izatea da lortu nahi dudana. Baina, horretarako, mendi asko izan behar da eskura. Oso zaila izaten ari da: hamalau urte daramatzat borrokan, baina tematuta nago, eta uste dut egunen batean nire ametsa betetzea lortuko dudala.
"BUFALO EMEEN ARTEAN JAIO NINTZEN, ETA ABERE HORIEKIN GUSTURA LAN EGINGO NUKE"
Etorkizunean, beraz, ardiekin jarraitzeko asmoa duzu?
Musulmana naizenez gero, txerria ez den edozein animaliarekin lan egiten dut. Ardiez eta ahuntzez gain, asko gustatuko litzaidake bufalo emeekin lan egin ahal izatea. Hori esparru guztiz berria da hemen, oso gutxi daudelako. Italian, adibidez, asko daude, mozzarella egiteko bufalo emearen esnea erabiltzen delako. Eta Asian, noski, asko kontsumitzen da. Ni bufalo emeen artean jaio nintzen, eta oso eroso eroso sentitzen naiz abere horiekin.
Horrekin ere, halal merkatua landuko zenuke, ezta?
Bai. Musulmanen komunitatea dezente handitu da hemen. Gainera, arkumeak ez dira soilik hemen kontsumitzen. Kalitate handikoak direnez, Saudi Arabiara edo Qatarrera esportatzen da ere beren haragia. Bada, bufalo emeen esnearekin ere aukera egongo litzateke Asiako gozogintza asetzeko, asko erabiltzen delako esne mota hori. Eta, horrez horrez gain, mozzarellaren aukera dago. Arazoa da, beste behin, larre gutxi dagoela eskura bufalo eme horiek sartzeko.