Urte luzetan zehar antropologoak herriz herri ibili dira herri xehearen testigantzak jasotzen, historia handiaren tsunamiaren aurrean historia soziala galdu ez dadin. Horri esker gorde ahal izan dira bestela azken hatsarekin betiko galduko ziren hainbat istorio eta oroimen. Lan hori ez da eten, baina garai berrietara egokitu da. Horren adibide da Mendialdeko Kuadrillak egin duen azken lana. Vital Fundazioaren laguntzarekin, XX. mendeko ahozko memoriaren bilketa egin dute. Eskualdeko zortzi lagun aukeratu dituzte, kameraren aurrean beren bizitzen berri eman dezaten. Aspaldiko ohitura eta bizimoduak kontatu dituzte; material hori Kanpezun aurkezteko, hilaren 12a aukeratu dute.
Ondarearen alorrean lan egiten duen Labrit enpresa nafarrak egin du ikerketa. "Guk badaukagu azken hamabi urteetan Nafarroa Garaian garatu dugun metodologia bat", azaldu du proiektuaren ardura izan duen Beatriz Gallego antropologoak. "Ahozko memoriaren bilketa jaso dugu, eta, horretarako herri askotatik igaro gara". Orain, metodologia hori Arabako Mendialdera eraman dute.
Ez da kuadrillarekin aritzen diren lehen aldia, iaz ondare immaterialaren aurreinbentarioa egin zutelako. Gallegoren esanetan, gauza bera izan ez arren, bi proiektuek lotura handia dute. "Kuadrillan euren identitatea eta euren bizilagunen historia jasotzeko gogoa dute. Jakitun dira ahozko memoria galtzen den zerbait dela". Galera horri aurre egiteko, dirulaguntza bat eskatu zuten, eta horri esker garatu ahal izan dute ahozko memoria berreskuratzeko testigantzen bilketa hau.
Aurretik Araban eta EAEn antzeko esperientziak egon badira ere, lehen aldia da modu sistematiko batean egiten dutena. "Kasurako, gainerako esperientziak bideratu dira gai batera", argitu du Gallegok. Kasu honetan, ordea, abiapuntua izan da modu antropologiko batean eskualde bat aztertzea.
Lana burutzeko, metodologia parte-hartzaile batetik abiatu dira. Labriten lekuko egokienak aukeratzeko irizpide batzuk finkatuta dituzten arren, beti ahalegintzen dira tokian tokiko komunitateekin lanaren nondik norakoak adosten. Horretarako, batzordeak antolatzen dituzte, komunitatea bera izan dadin bere ahozko memoriaren transmisoreak aukeratzen dituena. "Egia da profila izan ohi dela adinekoa den norbait, gaitasun komunikatiboa duena, askotariko bizipenak izan dituena, edo gai zehatz batean oso espezializatuta dagoena", esan du Gallegok.
Elkarrizketa sakona
Galdetegia bera ere komunitatearekin batera lantzen dute. Badira, noski, komunak diren ardatz batzuk, baina gero horiek egokitu behar dira eskualde bakoitzera. "Herri horretako berezitasunak, edo beraien ikuspuntutik esanguratsuak diren osagarri horiek zeintzuk diren ikusi nahi dugu". Mantentzen duten solasaldia ez da laburra: bi ordu eta erdi edo hiru orduko elkarrizketak dira. "Normalean oso giro polita sortzen da pertsonarekin, eta konfiantza sortzen da. Hori da ere elkarrizketak horren luzeak izatearen arrazoi bat: gustura egoten garela".
"ITXITA ZEGOEN ARMAIRU BATEAN ZERBAIT TOPATZEAREN PAREKOA DA HAU". BEATRIZ GALLEGO, ANTROPOLOGOA
Elkarrizketa ikus-entzunezko batean jasota geratzen da, baina hori lanaren hasiera baino ez da. "Hurrengo pausoa da materialaren azterketa egitea ikuspegi antropologiko batetik. Sekuentziak egiten dira, indexatzen dira, hitz gakoak jasotzen dira", argitu du antropologoak. Kontua ez da soilik etorkizunari begira material hori ondo gordeta geratzea, materialarekin lan egin ahalko dela ziurtatzea baizik. "Aurrerago, ikerketa berri batean edozein bilaketa edo konparaketa egin nahi izanez gero, material hori eskuragarri izango dugu".
Adituak ohartarazi du helburua ez dela soilik jasotzea garai batean nola bizi ziren. "Emaitza ez da sepia koloreko argazki finko bat. Aspaldiko bizipenak jasotzeaz gain, adineko hauek egiten dituzten hausnarketak ere jasota garatzen dira". Dioenez, hori ere oso esanguratsua izan daiteke. "Adineko jendeak gauza asko bizi izan ditu, tartean aldaketa asko. Finean, informazio putzuak dira".
Baina informazioa biltzeaz gain, Gallegorentzat interesgarriena da hori gero gizarteratzea; transmititzea. "Adibidez, Kanpezuko aurkezpena transmisioa ere bada, lekukotasun horien zertzelada batzuekin bada ere". Aurrera begira ere, testigantzak tresna izan daitezke; kasurako, ikastetxeetan lantzeko, baina abiapuntu izan daitezke ere zenbait herritan aspaldiko ohituraren bat berreskuratzeko.
Ez da elkarrizketa horietatik jasotzen den onura bakarra. Elkarrizketan aspaldiko oroimenak aise berreskura daitezkeelako. "Funtsean, aspaldi itxita zegoen armairu batean zerbait topatzearen parekoa da hau. Imajinatu nahi dut lekukoentzat ere ariketa goxoa izango dela".