Kanpezuko liburutegiaren twitter kontuak jakinarazi du Unai Rodriguez zendu dela. Mezuan familiari eta lagunei doluminak ere azaldu dizkiete. Alboko esklerosi amiotrofikoa zuen Antoñanako gaztearekin eta bere inguruarekin elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna erakusteko dozenaka ekimen solidario egin dira Arabako Mendialdean azken bi urte hauetan. Tartean, musika jaialdia egin zuten 2021eko udan; zozketa bat ere egin zuten, erretratu digital baterako; eta kamisetak eta eskumuturrekoak saldu ziren, Indarrak batuz lemarekin.
Horrekin batera, Unai Rodriguez gazte antoñanarraren testigantzak jaso zituen Koldo Berruetek, Soy Unai. Padezco ELA liburuan. Ideia herriko idazlearen eta Kanpezuko Udalaren arteko akordioaren ondoren atera zen aurrera. Lehen edizioaren 700 aleak berehala agortu ziren, eta bigarren edizio bat ere egin zuten, eskari handiagatik. Rodriguez berak Berrueteri egindako eskaera izan zen liburuaren jatorria, ELArekin izandako harremanari buruzko esperientzia jaso nahi zuen gazteak, eta bere lagunen eta senideen testigantzak ere jaso nahi zituen. Berruetek azaldu duenez, baloreak eta maitasuna transmititu nahi izan zituen liburuarekin: "Esperientzia honekin konturatu naiz jendeak, orokorrean, horrelako gaixotasun minoritario baten aurrean oso ondo erantzuten duela; elkartasuna dago Mendialdean".
Txikitan Gasteizen bizi zen Rodriguez, baina ama Antoñanakoa da eta asteburu guztietan eta oporretan herrira joaten zen, bertan bizitzea erabaki zuen arte. Lana eta lagunak topatu zituen Antoñanan, eta baita maitasuna ere. Berruetek esan bezala, oso pertsona zintzoa zen, ona eta zabala. Alboko esklerosi amiotrofikoarekin gaixotu arte, Kanpezuko gasolindegian ibili zen hamar urtez lanean, eta hortaz, oso pertsona ezaguna zen inguruan.