Koldo Berruete

"Unai eta ondokoen emozioak kudeatzea oso zaila izan da"

Mirian Biteri 2021ko ira. 18a, 08:00

Koldo Berruete Gomez, Antoñanan. ALEA

Alboko esklerosi amiotrofikoa duen Unai Rodriguezen eta inguruan daudenen testigantzak liburu batean bildu ditu Koldo Berruetek.

Sentimenduz beteriko liburu berria idatzi du Koldo Berruete Gomez irakasle eta idazleak. Alboko esklerosi amiotrofikoa duen Unai Rodriguez gazte antoñanarraren testigantzak jaso ditu, Soy Unai. Padezco ELA izeneko liburuan.

Nor da Unai?

Pasa den irailaren 8an 35 urte bete zituen Antoñanako mutil bat da. Txikitan Gasteizen bizi zen, baina ama bertakoa da eta asteburu guztietan eta oporretan herrira etortzen zen, bertan bizitzea erabaki zuen arte. Lana eta lagunak topatu ditu Antoñanan, eta baita maitasuna ere. Oso pertsona zintzoa da, ona eta zabala. Alboko esklerosi amiotrofikoarekin gaixotu arte, Kanpezuko gasolindegian ibili zen hamar urtez lanean, eta hortaz, oso pertsona ezaguna da inguruan.

Nola dago momentu honetan?

Gaixotasuna oso aurreratuta dago. Oso azkar doa, orain dela bi urte ez zuen sintomarik eta orain laguntza behar du guztirako. Oso gogorra da bere egunerokoa.

Berak proposatu zizun liburu bat egiteko ideia, ezta?

Bai. Laguna da eta noizbehinka bisitan joaten naiz bere etxera. Aurtengo Aste Santuan ikusten joan eta bere testigantzak jasotzen zituen zerbait idaztea nahi zuela esan zidan, eta baita horretarako laguntza eskatu ere. Hasiera batean, ez genuen liburu batean pentsatu ere egin. Gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik, gaitz neurodegeneratiboa bera ezagutzera ematea izan du buruan, bere sentimenduen bidez.

Zer saiatu zara transmititzen argitalpen honetan?

Baloreak. Maitasuna, adibidez: Miriam bikotekidearena. Unairi gaixotasunaren berri eman ziotenean, bi hilabete baino ez zeramaten batera. Oztopo guztiei aurre eginez, berarekin jarraitzen du; are gehiago, uztailean ezkondu egin ziren. Bestalde, adiskidetasuna ere azpimarratuko nuke. Txalotzekoa da Unaik dituen lagunen jarrera, bere kuadrilla. Esperientzia honekin konturatu naiz jendeak, orokorrean, horrelako gaixotasun minoritario baten aurrean oso ondo erantzuten duela; elkartasuna dago Mendialdean.

"Protagonistak oso pozik daude, eta nik ere lasaitu ederra hartu dut; gustura nago nire buruarekin".

Dena dela, horrelako egoera batean ez da erraza izango liburu bat egitea. Nola bizi izan duzu zuk prozesua?

Asko kostatu zait. Hasieran, proposatu zidanean zelako nahaste borrastean sartu behar ote nintzen pentsatu nuen. Bere egoera ikusita, oso zaila izan da Unairen zein ingurukoen emozioak kudeatzea. Kontuan hartu behar da, Unairen bizipenez gain, bikotekidearenak, anaiarenak, amarenak eta inguruko beste hainbatenak ere jasotzea proposatu zidala eta hala egin dudala. Baina, testigantzak jaso eta idazten joan ahala, gorputza hartzen joan da eta zerbait polita geratu dela iruditzen zait. Protagonistak oso pozik daude, eta nik ere lasaitu ederra hartu dut; gustura nago nire buruarekin.

Kalean jasotako erantzuna ere ona izan da, lehen edizioa dagoeneko agortu egin delako. Ez da horrela?

Hala da, bai. Esan bezala, hasierako asmoa testu bat, kontaera bat egitea zen. Baina, gorputza hartzen joan zenez, argitaratzea erabaki genuen, eta 700 ale kaleratu ditugu. Berehala saldu dira; gehienak, gainera, Mendialdean: Kanpezun, Haranan, Maeztun, Bernedon...  Harrera ikusita, beste 700 ateratzea pentsatu dugu eta datozen egunotan jarriko dira salgai; oraingoan, Gasteiz aldean zabaltzeko asmoa ere badugu. Familia ezaguna da eta jarraian zabaldu da berria. Gainera, liburua ezagutarazteko asmoarekin, bideo bat ere egin dugu. Unai bera agertzen da bertan hitz egiten, bere burua aurkezten eta helburua zein den azaltzen.

Liburuarekin bildutako dirua nora bideratuko duzue?

Unairen beharrak asetzeko erabiliko da. Gaixotasuna oso aurreratuta dagoenez, mugikortasun arazo larriak ditu; gurpil-aulkia behar du mugitzeko eta ibilgailu handiago bat erosi behar izan du hori sartu ahal izateko. Eta etxerako ere garabi bat eskuratu behar izan dute. Gastu asko dituzte eta, beraz, diru hori behar dute. Aipatzekoa da, gainera, Kanpezuko Udalak bere gain hartu dituela liburua argitaratu ahal izateko gastu guztiak. Horrekin lotuta, pertsona bat ere gerturatu zitzaidan behin gastu guztiak ordaintzeko prest zegoela esateko, eta beste hainbat ere etorri izan dira laguntzeko prest daudela aipatzen. 

Liburua ez da Unairen alde antolatutako ekintza bakarra. Epe motzera begira, badago bestelakorik aurreikusita?

Bai. Bere familia, esaterako, kontzertu batzuk antolatzen ari da hilaren 25erako, AntoÒanan bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago