Joan den abenduaren 18an egin zuten lehendabiziko Merkatruf azoka Kanpezun, boilurra protagonista duen merkatua, eta igande honetan egingo dute hurrengo saioa, besteak beste, ekintza turistiko, gastronomiko eta informatiboekin prestatutako eguna.
Zer aurkituko du hilaren 29an Kanpezura gerturatzen denak?
Batzuek dagoeneko izena eman dute Guiartu eta Natouring moduko enpresek aurkeztu dituzten jardueretan, bisitaldiak eta boilur-biltze saioak egiteko, eta, horiez gainera, gerturatzen diren guztiek aukera izango dute hainbat jatetxek boilurrarekin prestatutako pintxo eta hamaiketakoekin gozatzeko edo boilurra erosteko. Frantzian egiten dituzten boilur azoken tankerako bat antolatu nahi genuen guk, zuzeneko salmentarekin, baina konturatu ginen horren aurretik ekintza osagarriak ezinbestekoak direla gurean; boilurraren kultura handia dute Frantzian, baina guri oraindik falta zaigu.
Ezezaguna da oraindik boilurra?
Oro har, boilurrei buruz hitz egiten dugunean jendeak badaki zer den, baina xehetasun handiegirik gabe. Boilur basatia edo labore boilurra den, zuria edo beltza, zein usain duen edo nola erabiltzen den. Askok ez dakite gastronomian zer aukera eman ditzakeen produktu honek, adibidez. Eta Basquetruf eta Etxeko Baratza moduko egitasmoen bitartez lan horretan ari gara, boilurra jendearengana pixka bat gerturatzeko helburuarekin. Ziurrenik ez da egunero kontsumituko duten produktu bat, baina egun berezietan zerbait desberdina egiteko aukera izan dezakete. Askotan uste dugu goi mailako jatetxeek bakarrik eskaini dezaketela, eta ez da hala.
Boilur garaia da hau?
Orain neguko boilurra edo boilur beltza izenekoa dugu (tuber melanosporum), eta laster hasiko da zurixka (tuber borchii), nahiz eta hori ez den horren ohikoa gurean.
"Uda oso lehorra izan da, boilur gutxi dago, eta prezioan ere nabari da hori"
Noiz hasi zinen zu boilur-hazle lanean?
Boilurrak zituen lagun bat ezagutu nuen, labore bat zuena. Frantziatik ekarri zituzten lehen landareetako bat zuen, duela 35 bat urte; izan ere, ordura arte basoan bildutakoak baino ez genituen. Kanpezu eta Antoñana aldera heldu ziren, eta ni ere ekoizten hasi nintzen; engantxatu, txakur bat trebatu eta horretan aritu naiz. Orain, 50 bat lagunek izango dituzte boilurrak Araban, ekoizle txikiak denak.
Egunerokoan ez da ohiko produktu bat, ordea...
Nik, egia esan, ia egunero jaten dut. Arrautzekin, pastarekin eta arrainekin nola geratzen den gustatzen zait. Baina, kontuz, indar handiko aroma du eta erraz pasa zaitezke; eta bada gustoko ez duenik ere, noski. Probatu ez duenari pixkanaka joateko gomendatuko nioke. Bestetik, kontuan izan behar dugu prestatuta datozen plater askok osagai artifizialak dituztela, eta benetako boilurra beste gauza bat dela; beste elikagai batzuekin gertatzen den moduan, honetan ere iruzur asko dago. Freskoa erosi beharra dago, ez du zerikusirik prestatutako produktuei botatzen dizkieten ustezko boilurrekin; askotan boilur zati txiki bat dute, eta gainontzean kimikoak botatzen dizkiete.
Zenbatean eros daiteke?
Eskaintza eta eskariaren araberako prezioa izaten du boilurrak, eta aurten garesti dago. Urte txarra izan da; uda oso lehorra izan da eta gutxi dago, denboraldi motza beraz, eta prezioan ere nabaritzen da hori. Merkatuan 1.000 euroan izango da boilur kiloa, baina inork ez du janaria prestatzeko kilo bat behar.
Jarraipenik izango al du azokak?
Gure asmoa otsaila amaieran beste bat antolatzea da, baina ikusiko dugu. Kezkatuta gaude kanpainak ez daramalako bide onik. Boilur gutxi dago, eta ez dakigu eskaintza egiteko aukera izango dugun. Daukagunaren araberako erabakia hartuko dugu aurrerago.