Altan Bernedoko greba batzordeak ostegun honetan jakitera eman duenez, Lan Ikuskaritzaren ebazpen batek enpresa zigortu du greba mugagabean zehar "arau-hausteak" egiteagatik; izan ere, ordezkapenak eta kontratazioak "legez kanpo" egin zituen. Gainera, ebazpenaren arabera, enpresak "alde bakarrez eta langileen estatutua errespetatu gabe" aldatu zituen ordutegiak.
Mendialdeko lantegi honetako langileek 2021eko azaroan jo zuten grebara, lan baldintzak duindu eta erosahalmenari eusteko helburuarekin. 100 eguneko lanuzteen ostean, martxoaren 7an amaitutzat eman zuten greba, zuzendaritzarekin akordioa lortuta.
Denbora horretan, enpresa batzordeak hainbat irregulartasunen berri eman zion Lan Ikuskaritzari: "Txanda aldaketak, ABLEen iruzurrezko kontratazioa eta grebalarien ordezkapenak" salatu dituzte langileen ordezkariek.
Orain, greba amaituta, Ikuskaritzak arrazoia eman die langileei, eta zigorra ezarri dio enpresari: alde batetik, onartu du "enpresak alde bakarreko txanda aldaketak egin zituela Langileen Estatutua errespetatu gabe"; bestetik, ABLEen iruzurrezko kontratazioak egin zirela frogatutzat eman du.
Ebazpena eta zigorrak "greba amaitu ondoren" iritsi izana deitoratu du enpresa batzordeak: "Ezin izan dituzte zuzendu arau hauste horiek greban zehar. Hori dela eta, berriz ere eskatzen dugu ikuskatzaileen kopurua bikoiztu dadila, halakoak saihesteko".
Azkenik, epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi dute sindikatuek, "txostenak agerian utzi baitu Altan Bernedok ez zuela errespetatu langileen grebarako eskubidea".