Anartz Gorrotxategi

"Ondo kokatuta dauden bi parke eoliko nahiago, parke txiki asko baino"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ots. 25a, 07:00
Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkatea eta Mendialdeko Kuadrillako lehendakaria da.

Udalerrian jarduera ekonomikoa suspertzeko zer bide hartu behar diren aztertu du Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategik, baita Azazetako parke eolikoaren asmoa ere.

2022ko udal aurrekontua onartu berri du Arraia-Maeztuko EAJko udal gobernuak, eta atzeratutako igerilekuaren obra da aurreikusi duen inbertsio handiena. Beste alde batetik, Azazetako zentral eolikoaren inguruan zuhur hitz egin du Anartz Gorrotxategi (Gasteiz, 1986) alkateak, eta udala objektibotasunez aritu behar dela eta prozedura administratiboa jarraitu behar duela azpimarratu du: "Ez diogu suari egur gehiago botako, giroa berotuta baitago".

Pandemiak markatu du legegintzaldiaren zati handi bat. Zer eragin izan du udalerrian?

Izan genuen ezusteko handiena erroldaren igoera izan zen. %10 igo zen, eta zorionez mantentzen ari da. Dena den, kontuan hartu behar da Gasteiz-Lizarra errepidean kokatuta dauden herrietan eman dela igoera hori, aldiz, Korres edo Zekuianotik gora beste egoera bat dago. Landa eremuan orokorrean garai berezi bat bizitzen ari gara, eta aprobetxatu behar dugu.

"Potentzial turistiko handia dugu, baina hori ezin da gure indargune bakarra izan"

Eta herriko ekonomian?

Zoritxarrez pandemia bat dago tarteko, baina ekonomikoki eragin positiboa izan du. Ostalaritzari dagokionez, zabalik egon direnean lan handia izan dute. Izkiko jatetxean, Roturosen edo Birgaran, esate baterako, azken hogei urteetatik azken bi urte hauek izan dira onenak. Sentsazioa dut Añana eta Arabako Mendialdea bereziki izan direla jende gehien edo gasteiztar gehien jaso dituzten eskualdeak, eta batzuetan ere inbadituta sentitu gara; Korresen sarritan herritarrentzat deserosoa izan da egoera.

2022ko udal aurrekontua onartu berri duzue. Zertara bideratuko dituzue inbertsio nagusiak?

Igerilekuaren obrak momentuz ez dira hasi. Lizitazioa egin genuen, baina enpresek uko egin zioten. Beraz, beste prozedura bat zabaldu behar izan dugu, eta dagoeneko enpresa bat interesatuta dago, eta eskaintza egin du. Dokumentazio guztia aurkeztu eta ontzat ematen denean, obrak lehenbaitlehen hastea da helburua; maiatzean amaitu nahi ditugu, eta ekainean zabaldu.

Bestelako obrarik aurreikusi duzue?

Guk inbertsioak egiteko dirulaguntzak behar ditugu, eta horiek ematen baldin badizkigute aurrekontuetan sartzen ditugu, baina hori jakin arte ez. Aurrekontuetan telekluba egingo dugula jasotzea –500.000 euroko obra–, dirulaguntzarik badugu ez du zentzurik. Oposizioak baietz uste du, baina guk ez dugu hala ikusten.

Baina lehentasunak izango dituzue?

Zerbitzuak mantentzea, batez ere helduentzat eta gazteentzat. Maeztuko eskola, adibidez, publikoa da, eta udalak mantentzen du, eta gastu osoa udalak ordaintzen du. Eguneko zentroa ere udalarena da. Bestalde, 2020-2030 Agendaren barruan inbertsio bat aurreikusi dugu bizilagunen zaurgarritasunaren inguruko diagnostikoa egiteko, bereziki helduei begira. Jakin nahi dugu nola bizi diren, nolakoak diren beraien etxeak, zer zerbitzu erabiltzen dituzten eta zeintzuk ez.

Europako Ekinbide Planaren lehen fasea amaitu da, eta horretan bi egitasmo aurreikusi dira: Mendialdeko meategiak eta Vasco Navarro-a.

Europako Planaren barruan, azken bi edo hiru urteetan, esperientziak trukatu ditugu eta beste tokietan egin direnak ezagutzeko aukera izan dugu. Hemengo meategiak Vasco Navarroarekin lotuta daude berez, hortaz, meategiak eta bide berdea ildo berean uztartu nahi ditugu, uste dugulako jarduera ekonomikoak eragiteko gai direla.

Zer urrats egingo dira aurrerantzean?

Egindako lanaren dosierrak Europak balioztatu beharko ditu, eta horren bidez finantziazioa lortzeko aukera gehiago zabalduko lirateke.

Zer proiektu jarri daitezke martxan?

Mendialdeko meategietan egon den historia ezagutaraztea da gure helburua hasiera-hasieratik, baina diru laguntzak behar dira edozein proiektu martxan jartzeko, bestela ezinezkoa da. Mina Lucian, adibidez, Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro jarri dituzte, eta horri esker, meategien inguru hori museo bihurtu eta meatzeak bisitagarri egiteko asmoa dago. Mina Lucian, une honetan, segurtasun neurriak ezartzen ari dira, mehatze-aho berri bat zabaldu dute larrialdi-irteera bat izateko, eta 2022-23an bisitatu ahal izatea espero dugu. Arabako Mendialdean meategiak nolakoak ziren eta zer garrantzia izan zuten azaldu nahi diogu jendeari.

Zeintzuk izan behar dira Mendialdeko motor ekonomikoak? Turismoa?

Ez. Turismoa bakarrik ez. Beti aurpegiratzen didate turismoari  buruz hitz egiten dudala komunikabideetan, baina horri buruz galdetzen didazue… Sekulako potentziala daukagu Arabako Mendialdean turismoarekin, baina ez dugu sinesten. Une honetan, 300 ohe ditugu eskualdean, eta gorantz doa urtero-urtero eskaintza; landetxeak eta ostatuak zabaltzen ari dira Mendialdea osoan. Potentzial turistiko handia dugu, baina hori ezin da gure indargune bakarra izan. Halere, industriaren alorrean, ezin dugu lehiatu Lautadarekin; beraz, enpresak erakarri ahal ditugu, baina askoz zailagoa da, eta beste mota batekoak izan beharko dira.

Industria suspertzeko ahalegin horretan, nola ikusten duzu Bernedoko Altan enpresaren etorkizuna?

Mendialdeko enpresa garrantzitsua da. Adierazpen bat sinatzeko eskatu ziguten langileek, eta hala egin dugu; eta agerraldia ere egin dute udaletxean bere eskaerak azaltzeko. Horretaz gain, konpromisoa hartu nuen plantaren zuzendariarekin biltzeko, eta hala egin genuen Bernedoko alkateak eta biok.

Nola joan zen bilera?

Ez ginen joan bitartekari lanak egitera, baizik eta haien jarrera ezagutu nahi genuelako. Oso argi esan genien ez ginela sartuko soldataren igoera zenbatekoa izan behar zen esaten, baina bai uste genuela 2022an hitzarmena sinatu behar zutela. Erantzun zuten jada enpresa akordio bat dutela, eta hitzarmena sinatuz gero, Toledon ere sinatu beharko zutela, baina hitzarmena beharrezkoa zela erantzun nien. Nik hitzarmen kolektiboaren beharra defendatzen dut, ez bakarrik Altan, baizik eta alor guztietan, eta, gainera, uste dut hitzarmen kolektiboa sinatzen baldin badute Altaneko arazoa konponduta dagoela, eta hala transmititu nien. Hitzarmena gutxienekoa da, eta administrazioaren aldetik hori azaldu genien. Espero dezagun zerbaitetarako balio izatea; guretzat oso inportantea baita enpresa bertan mantentzea.

Enpresak Mendialdera erakartzeko beharrezkoak dira diru laguntzak?

Nor etorriko da bestela Bernedora, Kanpezura edo Maeztura? Esandakoa, ez gaude Lautadan, hemen askoz zailagoa da enpresak finkatzea, eta inbertsioa handiagoa egin behar du enpresa batek hemen kokatzeko. Horregatik, administrazioak baliabideak eman behar dizkie, erraztasunak. Altan duela hogei urte Bernedon kokatu zen dena eman zitzaiolako, baina langileei ere esan diegu: ez pentsa zuen kontra gaudenik, baina kontuan hartu behar duzue enpresak enplegua sortu duela eta lan egin duela eskualdean, eta ez dakit amortizatua dagoen, espero dut ezetz.

Arraia-Maeztuko industrialdean enpresak kokatzeko eskaera dago?

Bai, autonomoak dira gehienbat, eta biltegiak izateko pabiloiak nahi dituzte. Arazoa da lurra ezin dugula tasazioaren azpitik saldu, eta prezio horretan, nori saltzen diogu pabiloia? Nola erakarriko ditugu enpresak? Eskuak lotuta ditugu alde horretatik, prezio horiekin enpresak kokatzea ezinezkoa da, eta zaila da hori desblokeatzea.

Nekazaritzak badu etorkizuna bertan?

Bai, baina arazoa da gero eta lur gehiago dagoela pertsona gutxiagoren esku; metro karratu berdinak landatzen dira, baina nekazari gutxiago dago. Ez dakit  zer gertatuko den hemendik 50 urtera, agian formatua nekazarien kooperatibak izango dira. Gure eguneroko bizimodua eta elikadura aldatzen ari dira, eta aldaketa eman behar da baita ere nekazarien aldetik. Horretarako, belaunaldien arteko erreleboa behar da, eta nekazari gazteak etorri behar dira ideia eta asmo berritzaileekin. Berrogeita hamabost urte dituen nekazari bati oso zaila da esatea erabat aldatu behar duela lan egiteko modua. Trantsizio batean gaude eta esku gehiago behar dira lurra landatzeko.

"Berriztagarrien arloan atzeratuta gaude, pausuak eman behar ditugu, ezin gara lokartu"

Azazetako parke eolikoaren inguruan zer jarrera du udalak?

Beti esaten didate ez naizela bustitzen gai honekin, baina arazoa ez da bustitzea edo ez bustitzea. Guk udal bezala egin behar duguna da normatibizatuta dauden prozedurak jarraitu, Azazetako parke eolikoarekin edo beste edozein proiektuarekin. Araudi guztiak, baimen guztiak eta dokumentazio guztiak ontzat ematen baldin badira eta lurraren jabeek baimena ematen baldin badute, udalak baimena eman behar die, bestela prebarikazioa egingo genuke. Proiektua gustatu ala ez, prozedura administratiboa jarraitu behar dugu. Momentu honetan ez dago proiektu hori udalean.

Azken hilabete hauetan Araban sortu den proiektu energetiko andanak zer sortzen dizu: kezka, poza?

Energia behar dugu eta berriztagarrien arloan atzeratuta gaude, beraz pausuak eman behar dira eta ezin gara lokartu. Egia da ezin dugula edozein modutara egin, jakin behar dugu non jarri, nola jarri eta zer motako energia jarri. Ni mendizalea naiz, eta gustuko dut mendia, ez zait gustatzen begiratzea eta haize-errota bat ikustea, baina berrogeita hamar errotarekin sortzen baldin badugu behar adina energia, nahiago dut hori eta ez ehun errota txikiago. Araban, parke bat edo bi jartzea nahiago dut, ondo kokatutakoak, nahiz eta berrehun metroko errotak izan, eta lur gutxiago okupatzea. Bestalde, eolikoarekin boskoiztu egiten da plaka fotovoltaikoekin sortzen den energia, eta fotovoltaikoek nekazaritza lurra hartzen dute; hortaz, nik nahiago dut nekazarien lurra ez ukitzea, eta parke eolikoak jartzeko kokapena ondo aukeratzea. Ingurumena kaltetuko dugu, jakina, eolikoekin eta fotovoltaikoekin. Inpaktua izango dute nahitaez, baina industrialdeek ere inpaktua dute.

Zure ustetan, energiaren egitasmoen planifikazioa da gakoa?

PTS (Lurralde Plan Sektoriala) bat dago, zaharkitua eta berritu behar dena, baina momentu honetan PTS baten tramitazioa luzea da, eta trantsizio hori egin arte zerbait egin behar da, bestela 2030era iritsiko gara ezer egin gabe.

Azazetako parke eolikoarekin udalak ez luke jarrera bat hartu behar?

Udalerrian denetarik entzuten da, eta nik iritzi guztiak errespetatzen ditut. Kontra dagoen jendea askoz gehiago ikusten eta entzuten da, eta alde daudenak ez dira ausartzen publikoki hitz egiten, agian beldurragatik. Niri esan didate parkearen alde nagoela, parkea nahi dudala, baina nik oraindik ez dut ezer esan. Zergatik esan behar du Arraia-Maeztuko Udalak proiektu hori bai ala proiektu hori ez? Azkenean, prozedura administratiboan berdin du udalak zer esaten duen, alde edo kontra dagoen.

Baina udalak bere kontrako edo aldeko jarrera adierazteak pisua du.

Non? Prozedura administratiboan ez, objektiboki ez. Arauak bete behar ditu egitasmoak eta betetzen ez baditu bertan behera geratuko da. Ez diogu suari egur gehiago botako, giroa berotuta baitago.

"Ez da Urkulluk esaten duena: hemen errota bat jartzen dut edo makro-etxalde bat"

Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Ingurumen Administrazio Lege berriak –Tapia legea– udalen eskumenen kontra doala uste duzu? Erasoa da?

Hori eta beste hainbat. PTS askotan ere arautzen dute udalerrietan gauzak nola egin behar diren, arau gorenak dira eta udalaren plan orokorraren gainetik daude, baina normalizatuak ditugu. Nik uste dut lege bermatzailea dela, ez da IÒigo Urkulluk esaten duena: "hemen jartzen dut errota bat edo hemen jartzen dut makro-etxalde bat"… Ez, gauzak zorionez ez dira horrela, 40 urte igaro dira diktaduraren garai horietatik. Prozedurak eta bermeak ditu legeak, eta erabakiak politikoak dira, baina finean txosten teknikoetan oinarritu behar dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide