Bernedoko alkateak festa "eskuetatik joan" zitzaiela aitortu du, baina ez du dimititu

Erredakzioa 2022ko ots. 2a, 12:10

Ruben Martinez alkatea (EAJ) ere Ertzaintzak desalojatutako festan zegoen. / ALEA

Igandean udal lokal batean desalojatutako festarengatik barkamena eskatu du Bernedoko alkate Ruben Martinezek (EAJ). Ospakizuna "eskuetatik joan" zitzaiela aitortu du eta bere kargua Udalaren esku utzi, baina ez du dimisiorik eman.

Igandeko 03:00ak pasata, Ertzaintzak ehun pertsona baino gehiagoren afaria desalojatu zuen Bernedoko Udalaren lokal batean, San Tirso jaien testuinguruan. Hasiera batean lokala husteko eskatu ostean, istiluak hasi ziren ertzainen eta festan bildutako lagunen artean; tartean, irainak, objektuen jaurtiketa eta zauritutako agente bat aipatu zituen Ertzaintzak.

Ospakizun jendetsu hori Udalaren lokal batean antolatu zuten larunbatean, Udalaren baimenarekin herri bazkari bat egiteko. Ruben Martinez alkatea (EAJ) bera ere bertan zegoen. Gaur egun indarrean dagoen araudiaren arabera, jarduera oro 01:00etan amaitu behar da derrigorrez, baita txoko eta elkarte gastronomikoetan ere; txokoak, gainera, 40 pertsonarentzako lekua du, eta edukiera nabarmen gainditu zuten ospakizunean.

"Gaztea naiz oraindik"

Gertakarien eta PPk egindako eskaeraren harira, alkateak azalpenak eman behar izan ditu gaur, ezohiko osoko bilkura batean: "Abeltzaintzan gogor lan egiten dut asteko egun guztietan, gaztea naiz oraindik, eta atsegin dut aisialdiaz gozatzea", aitortu du Martinezek. "Giza akats larria" eta "gogoeta gabeko ekintza" bat izan dela onartuz, "erantzukizun osoa" bere gain hartu du: "Festa eskuetatik joan zitzaigun; uste baino askoz gehiago luzatu zen eta behar baino pertsona gehiago bildu zituen".

Bestalde, Ertzaintzarekiko zein osasun agintariekiko "errespetua" aldarrikatu du, baina, modu berean, "Bernedoko gazte eta bizilagunak ez kriminalizatzea" eskatu die hedabideei.

Horregatik guztiagatik, alkateak barkamena eskatu die Bernedoko herritarrei, eta bere kargua Udalaren esku utzi du. Hala ere, beste zinegotziek barkamena onartu dute eta ez dute dimisioa beharrezkotzat jo, "herriaren alde egindakoa" goraipatuz.

Antza denez, Bernedoko bizilagun askok umorez hartu dute gertatutakoa, eta "Mendialdeko Boris Johnson" edo "Bernedis Johnson" bezalako ezizenak entzuten hasi dira.

"Erantzukizun gehigarri bat"

Bere aldetik, EAJko Araba Buru Batzarreko (ABB) presidente Jose Antonio Susok gertakariak gaitzetsi ditu. "Herriko beste gazte bat bezala parte hartu zuen arren, alkatea ere bada; beraz, erantzukizun gehigarri bat izan behar du. Ez da ona Bernedoren izena komunikabideetan ateratzea horrelako kontuengatik", deitoratu du Susok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago