Joan den asteburuan San Tirso jaiak ospatu zituzten Bernedon. Polemika larunbatetik iganderako gauen piztu zen, 03:00ak aldera, Ertzaintzak ehun pertsona baino gehiago bildu zituen festa bat desalojatu zuenean. Hasiera batean lokala husteko eskatu ostean, istiluak hasi ziren ertzainen eta festan bildutako lagunen artean; tartean, irainak, objektuen jaurtiketa eta zauritutako agente bat aipatu zituen Ertzaintzak.
Antza denez, herritar batek makro-botiloi bat salatzeko egindako deiak martxan jarri zuen Poliziaren esku-hartzea. Igandean, Ertzaintzak gertakarien berri eman zuen, eta hedabide gehienek gazteen festa bat bezala jaso zuten; hala ere, ez zen atxiloturik egon.
Ondoren jakin denez, festa jendetsu hori Udalaren lokal batean antolatu zuten, Udalaren baimenarekin herri bazkari bat egiteko. Hala ere, gaur egun indarrean dagoen araudiaren arabera, jarduera oro 01:00etan amaitu behar da derrigorrez, baita txoko eta elkarte gastronomikoetan ere; txokoak, gainera, 40 pertsonarentzako edukiera du, eta nabarmen gainditu zuten ospakizunean.
Horren harira, PPk azalpenak emateko eskatuko dio EAJko alkate Ruben Martinez Crespori, bihar, asteazkenean, udalbatzak egingo duen osoko bilkuran. "Zergatik utzi zen lokala San Tirso ospatzeko, oraindik Covid-19arengatik oraindik edukiera eta ordutegi mugak daudenean?", galdetu du Alderdi Popularrak.
"Udalbatzako edo administrazioko kideek parte hartu al zuten ekitaldian?", gaineratu du PPk. Izan ere, udalerriko hainbat iturrik salatu dutenez, alkatea bera ospakizunean parte hartzen ari zen, besteak beste.