Trikoma Bandaren single berria kalean da, Pantx Recordsen eskutik

Mikel Buruaga 2022ko urt. 10a, 18:33
Trikomak Arga Music estudioetan grabatu du bere azken lana. / Argazkia: PANTX RECORDS

Bi abestiko single berria kaleratu du Trikoma Bandak, Pantx Records zigiluarekin elkarlanean. Diskoari izenburua ematen dion Zuretzako mezua rocksteady ereserkiaz gain, ska tradizionalari eutsi diote Maeztukoek B aldeko Hiru koma abestian.

Pantx Records Bilboko zigilu eta kolektibo autogestionatua da. Euskal Herrian Jamaikako musika eta kultura sustatzeko helburuarekin jaio zen duela hainbat urte. Hainbat frontetan lanean dihardute, betiere eusko-jamaikar eszena bultzatzeko apustua ardatz. Adibidez, duela gutxi eta beste kolektibo askorekin elkarlanean, Reggaean Jarrai euskarazko reggae bilduma sortu dute; bertan parte hartu dute, besteak beste, Trikoma Banda eta Siroko talde arabarrek.

Hautsak harrotu eta eszena hankaz gora jarri duen bilduma horren ostean, denbora kontua zen Bilboko zigiluaren eta indartsu datorren talde arabarraren bideak gurutzatzea. Azkenean, bada, kalean da Trikoma Bandaren single berria: Zuretzako mezua.

Trikoma taldea 2011. urtean sortu zen, Maeztun (Mendialdea), kideek 15 eta 18 urte artean zituztela. "Presarik gabe baina lanean tinko joan dira talde gisa hazten eta beren doinuak doitzen", azpimarratu dute Pantx Recordseko lagunek.

Hamarkada oso bateko sukalde lanak emaitza aipagarriak izan ditu: besteak beste, 2019. urtean Gazte Talent saria irabazi zuten, eta horri esker grabatu ahal izan zuten beren lehenbiziko diskoa, 7 Tickets; zazpi kanta borobilez osatutako albuma. Jamaikar doinu zahar eta beroei leial, gaur egun zortzi kidek osatzen dute taldea, eta pandemiaren eraginez zuzenekoetan izandako etenaldia pairatu badute ere, "doinu zaharrak geratzeko etorri" direla argi dute.

 

Zuretzako mezua eta Hiru koma

Laster zuzeneko emanaldiak berreskuratzeko itxaronaldia, besteak beste, Pantx Recordsekin Zuretzako mezua singlea sortzeko baliatu dute Maeztukoek. Zazpi hazbeteko biniloaren formatua aukeratu dute rocksteadya eta ska tradizionalaren artean mugitzen den bi abestiko single-rako; laster —baina bizkor— eskuratu ahal izango dira edizio mugatuko 300 aleak. Arga Music estudioetan grabatua (Oroel Otal) eta Ibon Larruzeak (Euridia Studio) nahastua izan da.

Pantx Recordsek aurreratu duenez, A aldean rocksteady zoragarri bat topatuko dugu, Zuretzako mezua. Arrateren ahots leunak, piano ederraren laguntzaz, doinu goxo batean murgilduko gaitu, burutik ateratzeko zaila izango zaigun lelo batera eramanez. Abestia izen bereko kolektibo gasteiztarrari eskaini diote, jamaikar kulturaren bozgorailu izan baita. "Kanta, beraz, etengabeko mugimenduan dagoen kultura herrikoiaren gorazarre da", azaldu dute.

Bestalde, B aldeko Hiru koma autoerreferentziala da guztiz. Bertan, talde gisa aurrera jarraitzeko beharrezkoa den batasunaz hausnartu dute. Doinuen aldetik, sotiltasuna, dotorezia eta tenpo egokia darabilte, Akatz gogora ekartzen digun ska peto-petoa onduz.

Elkartasunezko edizioa

Azkenik, diskoaren salmentatik lortutako etekinen ehuneko jakin bat Bilboko Langile Autodefentsa Sareari emango dio Pantx Recordsek: "Gure egunerokoa ezin daiteke ulertu beste kolektibo asanbleario eta horizontalik gabe, haiekin baitihardugu elkarlanean", azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide