"Eusko Jaurlaritzak euskarazko reggaea debekatu du". Azaroaren hasieran, albiste fake horrekin abiatu zen moskeo kanpaina. Hainbat taldek Reggae ala hil (RAH) leloarekin erantzun zuten, eta ondoren bertan behera gelditu zen manifestazio bat ere deitu zuten Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Reggaezale, euskaltzale, musikazale eta albistearen berri izan zuten gainerako herritarren harridura piztuta zegoen. Egia ote zen? Zer demontre gertatzen ari zen sare sozialetan?
Pixkanaka, Pantx Recordsek eta beste 40 kolektibok baino gehiagok —tartean, Gasteizko Old Tower Stuff binilo denda eta Zuretzako Mezua kolektiboa— esku artean zutena argitzen hasi zen. Dena euskal reggae mugimendua biltzeko, bultzatzeko eta plazaren erdira eramateko artefaktu kultural baten promozio kanpaina bat baino ez zen.
Hiru aurrerapen-kanta plazaratu ostean, Reggaean Jarrai: Euskal folklore jamaikarra izeneko LP bildumak argia ikusi zuen hilabete amaieran. Duela bi urte baino gehiago abiatu zen proiektua, eta Euskal Herri osoko 250 pertsona baino gehiagoren auzolanari esker aurrera atera da.
Kolektibo sustatzaileez gain, Euskal Herriko hamalau talde inplikatu dira proiektuan, diskoa osatzen duten abestiak sortzeko: Arabako zigilua Trikoma (Mendialdea) eta Siroko (Gasteiz) taldeek jarri dute; horiez gain, Skakeo, Aggromondarrak, Ama Rebel, Skabidean, Steady Rockers, MG Banda, Xiberroots, Euskatalites, Tacumah, Errementarians, Jahgoikoa & Reggaezaharra eta Sound Riders.
Kanta guztiak euskal folklorearen klasikoen bertsioak dira, euskaraz eta doinu jamaikarrez lagunduta. Besteak beste, Jesus Guridi (1886-1961) musikagile gasteiztar ospetsuaren Boga, boga abestiaren bertsioa sortu du Errementarians taldeak, Sanfran Korue abesbatzarekin; Siroko gasteiztarrek Fandango kanta herrikoia jamaikartu dute; eta Trikoma Bandak, berriz, Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren Itsasoan urak haundi dire. Diskoarekin batera, egunkari formatuko fanzine bat dator, Euskal Herriko reggae mugimenduaren eta parte hartu duten musika talde zein kolektiboen inguruko informazioarekin.
Diskoaren mila kopia editatu dira eta, oraingoz, soilik binilo formatuan eskura daiteke, 16 euroko prezioan, hainbat dendatan —Gasteizen, Old Tower Stuff dendan— edo parte hartu duten kolektiboen bitartez.
AZALA ETA KONTRAZALA