Izki Landa Garapenerako Elkartearen (LGE) ibilbidea ezagutarazi nahi dute, eta egindako hiru hamarkadak ospatzen ari dira (30+1) egunotan, pandemiarengatik iaz ospakizunak bertan behera utzi ostean. Elkartearen eremu estrategiko bakoitza ardatz duen hiru saio antolatu dituzte. Joan den astean izan zuten lehendabizikoa Maeztun, ostegun honetan dute bigarrena Kanpezun, eta hilaren 13an hirugarrena Bernedon, Cristina Quintana teknikariak gogoratu bezala.
Mendialdeko nekazarien elkarte moduan jaio zen Izki LGEa. Nola aldatu da elkartea ibilbide honetan?
Hasiera batean hori zen lan eremu nagusia. Nekazariak eta euren beharrei aurre egiteko proiektuak garatzen ziren, orduan herrialdean beste LGErik ez zegoenean. Eta, urteekin, esparru hori zabaldu egin da, eta lan ildo desberdinak garatzen ditugu elkartetik. Zonaldearen garapenerako estrategikoak diren egitasmoak lantzen dira, eragile desberdinen elkarlanari esker. Horren guztiaren berri emateko asmoarekin antolatu ditugu jardunaldiak, erakundearen ibilbidea ezagutaraztea da helburua, eta eremu estrategikoen arabera bultzatu dituen proiektu nagusiak nabarmenduko dira. Urteurren hau Arabako Mendialdean egindako lan guztia ikusarazteko aukera bikaina izaten ari da, hemendik igaro diren pertsona askoren lana, hain zuzen ere.
Joan den ostegunean egin zenuten lehendabiziko saioa, Maeztun. Nolako harrera izan zuen ekitaldiak?
Oso pozik gaude erantzunarekin. Harrera polita izan zuen lehenengo deialdiak, eta publiko mota zabala ikusi ahal izan genuen, gazteak tartean. Lehen sektoreari lotuta urte hauetan guztietan antolatu diren proiektuen atzera begirako bat egin genuen, eta kuriosoa izan zen ikustea herritarrak beraiek harrituta geratu zirela egin diren gauza guztiekin. Proiektuak abian jarri dituzten sustatzaileen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten, eta askorentzat aurkikuntza izan dira egitasmo horiek. Aurkeztutako proiektuen artean, esaterako, abereentzako hesi birtualak izan ziren, teknologia berrien bidez garatzen ari direnak. Maeztun egin zen topaketa, hain zuzen, Laborariak elkarteak egoitza bertan duelako.
Besteak beste, Labean prozesuaren bitartez garatutako proiektuak ezagutuko dituzte bigarren saioan.
Bai, hilaren 4an izango da hurrengo saioa, Kanpezun. Jarduera iraunkorren motore diren jarduerak izango dira ardatz; besteak beste, landa turismoko proiektu bat eta arte eszenikoen inguruko beste bat aurkeztuko dituzte. Izkik eta Hazik abian jarritako Labean egitasmoan egindako lana ere bertan erakutsiko da; landa eremuan berrikuntza sozialaren kultura zabaltzeko egitasmoa da Labean. Mendialdeak ezaugarri jakin batzuk eta erronka propioak ditu, eta, ondorioz, lan egiteko tresna eta modu berriak ere behar ditu. Eta, Labean ekinaldiaren bitartez, besteak beste, coworking egitasmo bat martxan jartzen ari da Kanpezun; proiektu berriak garatzeko egitasmoa da, bai zonaldera doazen ekintzaileentzat, baina baita bertako ekoizleentzat ere. Badira oraindik aukera hau ezagutzen ez dutenak.
Bernedon izango da hirugarren saioa, azaroaren 13an.
Saio horretan lehen sektorerako, jarduera ekonomikoen garapenerako eta proiektu publikoetarako laguntza publikoak aurkeztuko dira, elkarteak gaur egun duen egoitzan, Bernedon. Baina atal ludikoago bat ere izango da egun horretan. Urte hauetan elkartetik igaro diren lagunak gogoratzeko saioa izango da, eta, besteak beste, elkarteak izan dituen presidente guztiak elkartuko dira. Dozenaka lagunek egin duten lana omenduko da. Baina, batik bat, landa eremuko emakumeek egindako lana nabarmendu nahi dugu, askotan ikusezina izan dena, eta ezinbestekoa. Emakume horiek omendu nahi ditugu; lehen sektoarekin lotutako emakumeak horietako asko, baina beste zeregin batzuk izan dituztenak ere, tartean belaunaldiz belaunaldi tradizioa eta kultura igorri dutenak. Askotan isilduta izan den lan hori azpimarratu nahi dugu hirugarren saioan.
Aurrerantzean, zein erronka nagusi du elkarteak?
Parte-hartzea sustatzen jarraitu behar dugu; hori ezinbesteko lana izango da. Herritarrek elkartea bere egitea da helburu nagusia, zonaldearentzat eta eurentzat proiektu estrategiko moduan. Eta horretarako egiten den lana ezagutarazten jarraitu behar dugu. Hain zuzen, jardunaldi hauek prestatzeko dokumentazio lan handia egin behar izan dugu, 1990etik abian jarritako proiektuak berreskuratu eta biltzen, eta lan hori guztia saio hauetan bakarrik aurkeztea ezinezkoa izango denez, motz geratzen direlako hiru saio, aldizkari bat prestatu dugu informazio guztiarekin. Udaletxeetan jaso daiteke material hori, baina arabakomendialdea.eus webgunean dugun txokoan ere irakurri ahal izango da jasotakoa. Konturatu gara, oraindik ere, herritar askok ez dituztela eskaintzen diren lanabes hauek ezagutzen, eta hori ezinbestekoa da eurena egiteko eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Azken batean, eskualde osorako proiektua da hau, eta guztiok izan behar dugu ardura; behar bezala baliatzen baldin badugu, kohesio eta lotura giltza gisa balio dezake honek, eta, era berean, zonaldearen eta herritarren nortasuna indartzeko aukera gisa.