Erreportajea

Bide zaharrak mintzo dira, baina isilpean

Juanma Gallego 2021ko aza. 6a, 06:00

Markizko Santa Eulalia elizaren atzean haitzuloak daude, eta gaurko elizaren aurretiko eraikina horiei lotuta egon zirela proposatu du Garcia-Gomezek. ALEA

Markiz inguruko historia ikertu du Ismael Garcia-Gomez arkeologoak, diziplina arteko talde baten laguntzarekin. Inguruko bideei erreparatu die, eta ondorioztatu du Erdi Aroan bide alternatibo eta segurua osatzen zutela. Santa Eulalia eliza ikertzean ere ezustekoa aurkitu du: baliteke garai batean haitzuloari lotua egon izana.

Sarritan alderatzen da arkeologoen lana eta detektibeena, eta, hori egia izanik ere, batzuetan alderaketa horrek gehiegikeria puntu bat badu. Sherlock Holmesen liburuetan argi adierazten den moduan, askotan, oharkabean igarotzen diren detaileak dira krimena argitzen laguntzen dutenak, espero ez diren bideetatik; baina lurperatutako estratuetan aurkitutakoak ez dira beti hain lagungarriak. Dedukzioak berezko mugak ditu sakontasunean lurperatutako objektuak baino ez daudenean.

Holmesen antzera, inguruari adi egonda, bestelako zantzuak eskura daitezke. Distantziak mantenduta, bide hori jarraitu du Ismael Garcia-Gomez arkeologoak Markizko haranari buruz egin duen ikerketa batean. Eusko Jaurlaritzarentzat prestatutako txosten batean abiatu zen proiektua, eta, orain, nahi duen ororen esku dago, dibulgazioari begira egindako egokitzapen batzuen ondoren. Emaitza Cómo se teje un paisaje histórico: Arqueología y Patrimonio Cultural en el enclave proto-urbano de Markinez izeneko argitalpen elektronikoa da, eta Jaurlaritzaren webgunean eskura daiteke, doan.

2015ean Garcia-Gomez Santa Eulalia eliza induskatzen ibili zen, eta orduan ikasitakoak orain baliatu ditu. ALEA

Horrelako deialdietan, erakunde publikoek kontuan hartzen dute diziplina arteko lana, eta horrelakoa izan da egin dutena ere. Besteak beste, topografia, arkeologia, dokumentazioa eta droneak baliatu ditu Garcia-Gomezek, eta, horretarako, lan talde baten laguntza izan du. "Ni neu, nolabait esateko, nire konfort zonatik atera naiz, eta, arkeologiaz gain, antropologia soziala edo etnografia landu dut. Izan ere, arlo hori jorratzea ere arras garrantzitsua zen, eta ikerketak berak eraman nau eremu horretara". Dioenez, haranean ikusitakoa interpretatu ahal izateko ezinbesteko tresna izan zaio antropologia soziala.

Doktoretza tesian jorratutako bidea urratu du oraingoan ere. Bidea urratu, zentzu literalean. Izan ere, mendeetan zehar bideek izan duten bilakaerari erreparatu dio. "Funtsean, paisaia historiko bat nola ehuntzen den ikusteko, bide sarea nola antolatu den ikertu dut. Izan ere, gaur erabiltzen ditugun bide eta errepidetako batzuk historiaurrean erabiltzen zirenen fosilak dira. Bide batzuetan, gainezarpenak gertatzen dira, eta ia-ia modu estratigrafiko batean bide zaharren gainean bide berriak ezartzen dira". Arkeologoaren esanetan, bide sare horren dentsitateak gakoak ematen ditu lurraldea nola ehuntzen den interpretatzeko. 

Lautadako 'baypass'-a

Komunikabideek marraztutako lerroez harago, leku desberdinetako biztanleen artean izandako harremanek ere iraganari buruzko zantzuak eskaintzen dituzte. Bi lekutako biztanleek harreman estuagoak izatea, edota leku batekoek beste leku batetik joera gehiago izateak… horrelako fenomenoek informazioa ematen diete adituei.  

Arkeologia eta geografia uztartu ohi ditu Ismael Garcia-Gomezek bere ikerketetan. ALEA

Ikerketa hau galdera batean abiatzen zen: Markizko eta Trebiñu ekialdeko eremua aintzat hartzean, beti kezka bat izan du buruan Garcia-Gomezek. "Bertan oso toki zailetan kokatutako haitzuloak daude. Baina, garai historiko zehatz batzuetan —batez ere Erdi Aroan—, garaiko gune garrantzitsuak mapa baten gainean jartzen dituzunean, konturatzen zara seguruenera oso ondo komunikatuta zeudela". Bada, kezka horretan abiatutako hipotesia berretsi duela uste du adituak. "Ondorioetako bat da Markizko bailara zeharkatzen zuen nolabaiteko bypass bat zegoela lautadako komunikabideekiko, hau da,  Erdi Aroan Araba gurutzatzeko erabiltzen zen bide nagusiarekiko; gerora Done Jakue bidea bilakatuko zena, hain zuzen".  Hala, Markizetik zihoan bideak lautadan zeharreko ibilbidea saihestea ahalbidetzen zuen. Zer abantaila izan zezakeen horrek? "Batez ere, segurtasun gehiago izatea", erantzun du Garcia-Gomezek. "Geografikoki, lautada oso eremu arriskugarria zen; esaterako, arabiarren erasoaldiak gertatzen zirenean. Horregatik, hain ezagunak ez ziren bideen babesa bilatzen zen garai korapilatsuetan". 

"Lautadakoa oso bide arriskugarria zen; hortaz, bide seguruagoak bilatzen ziren". ISMAEL GARCIA-GOMEZ, ARKEOLOGOA

Lan arkeologiko gehiena Markizko Santa Eulalia elizaren inguruan egin da. "Orain ez da erabiltzen, baina zutik mantentzen da". Haren kokapena, bestalde, arras bitxia da. "Markiz haitzarte antzeko batean dago, eta eliza haitzarte horren alde bati atxikita dago". Elizatik harkaitzera metro batzuk besterik ez daude, eta horrek iradokitzen du Faiduko Haitzeko Andre Mariaren elizan gertatzen den fenomeno berdina gerta zitekeela Markizen ere. Faiduko eliza hori oso ezaguna da erdi-haitzulo erdi-eliza izateagatik, eta eremitorioetatik elizetara egindako jauziaren adibide ontzat hartu ohi da. "Santa Eulaliaren atzeko hormetan zutoinetarako erabiltzen ziren zuloak aurkitu ditugu, hainbat nibeletan. Hortaz, badirudi Markizek eliza primitibo bat izan zuela arrokari itsatsita, eta bertako haitzuloak ere baliatu zituztela garaiko elizarako". Hipotesiaren arabera, urteak pasatu ahala, eliza hori arrokatik aldendu zen. 

Hagiotoponimia

Hipotesiaren alde egiteko Garcia-Gomezek erabili duen beste teknika bat hagiotoponimiarena izan da, hau da, santuen izenei lotutako toponimia. "Garaien arabera, santu izen batzuk bereziki erabiltzen dira, moda baten antzera. Esan dezakegu hagiotoponimia honen inguruan ia-ia estratifikazio bat dagoela: ez da berdina San Migel, San Jorge edo Santa Eulalia. Santa Eulaliaren izena XI. mendean jartzeari utzi zioten, eta horregatik ondorioztatu dugu eliza horrek garai horretan jatorria izan zuela. Baina agerikoa da eraikuntza ez dela XI. mendekoa".

Puzzleko piezak antolatzean azaltzen da paisaia. "Hau guztia informazio geografikoko sistema baten bitartez ordenean jartzen hasten zarenean, konturatzen zara denak logika historiko bat duela", laburbildu du adituak. Alor guztiak kontuan hartzeak duen garrantzia azpimarratu du, baita ere. "Oinarri batzuk jarri ditut etorkizunean ikertzaileek osotasuna ikus dezaten; hau da, haitzuloak ikertzen dituztenak, haitzuloetan geratu ez daitezen, eta berdina arte historialariekin edo toponimia lantzen dutenen kasuan ere. Gai zehatzetatik harago joan beharra dago".  

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago