Arraia-Maeztuk Iturrietako neurketa-dorrea baimendu zuen, hegaztien ugalketa aldia urratu arren

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 12:15
Dorre meteorologikoa maiatzaren 6tik dago Iturrietako Mendietan. / MENDIAK ASKE

Gaur argitaratu da Iturrietako Mendietan neurketa-dorrea jartzeko baimena emateko Arraia-Maeztuko alkatearen dekretua. Estazio meteorologikoa maiatzaren 6an kokatu zen, hegaztien ugalketa (martxoaren 1etik uztailaren 1era) babesteko akordioa urratu arren.

Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) asteazken honetan argitaratu du Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategiren (EAJ) dekretuaren laburpena. Agindua maiatzaren 6ko data duela dio dokumentuak, baina maiatzaren 9an oraindik ez zegoen agiri ofizialik eta alkateak berak horri buruzko informaziorik ez zuela ziurtatu zuen orduan.

Dekretu horren bitartez, Arraia-Maeztuko Udalak Aixeindar SA enpresari obra-baimena eman dio Iturrieta-1 estazio meteorologikoa instalatzeko eta desinstalatzeko proiektua aurrera eramateko, "ingurumen-inpaktuaren adierazpena kontuan hartuta".

Haizea neurtzeko dorre meteorologikoa maiatzaren 5ean eta 6an kokatu zen Iturrietako Mendietan. Orduan, Arabako Mendiak Aske plataformak dorrea "legez kanpokoa" zela salatu zuen, besteak beste, Erroetako kontzejuarekin 2019an sinatutako akordioa eta hegaztien ugalketa babesteko akordioa urratzen dituelako.

Horregatik, Aldundiko Ingurumen Sailari eskatu zioten "lurraldearen zaintza naturala zorrotz betetzea" bermatu dezan, eta Iturrietan kokatutako instalazio hori "berehala desinstalatzeko, argi eta garbi legez kontrakoa delako".

Hegaztien ugalketa aldi kritikoa

Izan ere, instalazio horretarako ingurumen-inpaktuaren azterketaren ebazpena lotesleak diren baldintzekin finkatu zen, EAEko Ingurumena Babesteko Legearen arabera. Baldintza horiek Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) natura ondarea babesteko neurriak dira.

2021eko martxoan argitaratutako ebazpen horrek ezarritako baldintzen artean dago hegaztien fauna babesteko ugalketa orokorreko aldi kritikoa errespetatzea, martxoaren 1etik uztailaren 1era. "Baldintza horiek ez dira errespetatu, eta dorre hori instalatzeko lanak hedaztientzako garai kritikoan egin dira", salatu du Arabako Mendiak Aske plataformak.

Instalaziorako ingurumen-inpaktuaren azterketaren ebazpenaren pasarte bat. / EUSKO JAURLARITZA

 

Horrez gain, Entzia mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bat eta Bonelli arranoa kudeatzen duen beste plan bat daude, hegazti horien bizi eremuak, elikatze eremuak eta anidazio aldiak babesten saiatzeko. "Aixeindarrek natura ondareari buruz indarrean dagoen legeria sistematikoki urratzen jarraitzen du", salatu dute.

Erroetako kontzejuaren akordioa

Bestalde, Arabako Mendiak Aske plataformak gogorarazi duenez, Erroetako administrazio batzarrak 2019ko ekainaren 30ean haizea neurtzeko dorrea jartzeko baimena eman zion Aixeindarri, eta urtebeteko epea adostu zuen enpresarekin. Aixeindarrek dorre meteorologikoa 2021eko maiatzaren 5ean eta 6an jarri izanak 2019ko abuztuan sinatutako akordioa urratzen duela ohartarazi dute.

Aixeindar eta Erroetako administrazio batzarraren arteko akordioa (2019)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide