Parke eolikoak

"Legez kontrako" dorre meteorologikoa Iturrietako Mendietatik kentzeko eskatu dute

Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 17:30

Dorre meteorologiko bat jarri dute Iturrietako Mendietan. / ARABAKO MENDIAK ASKE

Aixeindarrek Iturrietako Mendietan kokatu duen dorre meteorologiko berriak Erroetako kontzejuarekin 2019an sinatutako akordioa eta hegaztien ugalketa babesteko akordioa urratzen dituela salatu du Arabako Mendiak Aske plataformak.

Proiektu eolikoen ondorioz, Arabako kontzejuen eta Aixeindar sozietatearen arteko tirabirek ez dute etenik. Azken polemika Entzia mendilerroko Iturrietako Mendietan haizea neurtzeko dorre meteorologiko berri baten instalazioak piztu du. Instalazio hori zentral eolikoaren proiektua martxan jartzeko aldez aurreko urratsa da.

Arabako Mendiak Aske herri plataformak Arabako mendietako balio ekologiko handiko espazioak zentral eolikoengandik babestea du helburu. Joan den astean 18.500 alegazio baino gehiago entregatu zituzten Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektu eolikoen aurka, eta aste honetan bertan hiru alegazio-txosten entregatu dituzte.

Asteazken honetan, Iturrietako Mendietan dorre meteorologiko berria kokatu izana salatu du Mendiak Askek, besteak beste, Erroetako kontzejuaren akordioa eta hegaztiak babesteko akordioa urratzen dituelako.

Horrenbestez, Aldundiko Ingurumen Sailari eskatu diote "lurraldearen zaintza naturala zorrotz betetzea" bermatu dezan, eta Iturrietan kokatutako instalazio hori "berehala desinstalatzeko, argi eta garbi legez kontrakoa delako".

Erroetako kontzejuaren akordioa

Izan ere, plataformak gogorarazi duenez, Erroetako administrazio batzarrak 2019ko ekainaren 30ean haizea neurtzeko dorre bat jartzeko baimena eman zion Aixeindarri, eta urtebeteko epea adostu zuen enpresarekin. Aixeindarrek dorre meteorologikoa 2021eko maiatzaren 5ean eta 6an jarri izanak 2019ko abuztuan sinatutako akordioa urratzen duela ohartarazi du Arabako Mendiak Askek.

Aixeindar eta Erroetako administrazio batzarraren arteko akordioa (2019)

 

Hegaztien ugalketa aldi kritikoa

Bestalde, instalazio horretarako ingurumen-inpaktuaren azterketaren ebazpena lotesleak diren baldintzekin finkatu zen, EAEko Ingurumena Babesteko Legearen arabera. Baldintza horiek Entziako kontserbazio bereziko eremuko natura ondarea babesteko neurriak dira.

2021eko martxoan argitaratutako ebazpen horrek ezarritako baldintzen artean dago hegaztien fauna babesteko ugalketa orokorreko aldi kritikoa errespetatzea, martxoaren 1etik uztailaren 1era. "Baldintza horiek ez dira errespetatu, eta dorre hori instalatzeko lanak hedaztientzako garai kritikoan egin dira", salatu du Arabako Mendiak Aske plataformak.

Instalaziorako ingurumen-inpaktuaren azterketaren ebazpenaren pasarte bat. / EUSKO JAURLARITZA

 

Horrez gain, Entzia mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bat eta Bonelli arranoa kudeatzen duen beste plan bat daude, hegazti horien bizi eremuak, elikatze eremuak eta anidazio aldiak babesten saiatzeko. "Aixeindarrek natura ondareari buruz indarrean dagoen legeria sistematikoki urratzen jarraitzen du", salatu dute.

Kontzejuen "babesgabetasuna"

Era berean, Arabako Mendiak Aske plataformak salatu du "lurraldeko naturguneen eta kontzejuen ahalmenen babesgabetasun kritikoan gaudela, eta Aixeindarrek etengabe urratzen dituela". Halaber, hori guztia "natura eta landa ondarea zaindu beharko luketen estamentuek inolako eragozpenik jarri gabe" gertatzen ari dela uste dute.

Manifestazioa Agurainen

Azkenik, maiatzaren 22an, 12:30ean, Agurainen deitu duten manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, proiektu horiek geldiaraztea eskatzeko. "Orain arte jasotako 18.500 sinaduratik gora bermatzen gaituzte, eta Arkamo, Labraza eta Iturrietako Mendien kasuan alegazio-aldia luzatu egin denez, Azazetako zentralaren alegazioekin batera sinadurak biltzen jarraitzen dugu", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago