Arraia-Maeztuko hitzaldian Apilaiz herriko Aintzane Rodrigoren testigantza entzuteko aukera izango dute; hain justu, neska jaio baina txikitatik mutila zela argi izan duen Gorka eta haren ingurukoen bizipenak azalduko ditu Mendialdeko ama honek.
ALEAri azaldu dio txikitatik sumatu zutela etxean ume transexual bat zutela: "Bizpahiru urte zituela, etxean jolasten ari zela beti hartzen zuen mutilaren papera, eta eskolan ere, mutilekin joaten zen", azpimarratu du.
Eta denborak aurrera egin ahala, "gero eta garbiago" zuten mutila zela: "Lehen mailan hasi zen esaten nagusitzen zenean mutila nahi zuela izan. Gainera, umeak adin horrekin Aguraingo igerilekura joaten hasten dira eta orduan berak galdetu zigun mutilen aldageletara joateko aukera ote zuen. Informazio faltagatik, eskolatik ezetza jaso zuen", gogorarazi du.
Emaize zerbitzura
Informazioa bilatzen hasi ziren orduan. Irakasle baten bidez, Emaize zerbitzuaren berri izan zuten eta hara jotzea erabaki zuten: "Guk ordurako argi genuen umea transexuala zela, eta Emaizen esan ziguten aldaketa egiteko aukera zegoela.
Hirugarren mailan, gainera, beste irakasle bat izan zuen eta berak ere argi ikusi zuen mutila zela eta pausuak emateko ordua zela. Ordura arte, bai pediatrak eta baita eskolak ere txikiegia zela eta itxaron behar genuela esaten ziguten, eta irakasle horrek izugarri lagundu zigun".
"Gogoan dut behin ikastolara joan ginela eta ikaskideek naturaltasun osoz esan zigutela aldaketa egin gabe ere beraiek beti ikusi izan dutela mutil bat bezala".
Transitoa egiteko aukera proposatu zioten Gorkari eta berak erantzun zuen oraindik ez zela ordua: "Oraindik ez zuen egin nahi; bere lehengo izenarekin eta lagunekin ondo zegoela erantzun zigun. Baina, uda horretan bertan, izena aldatu eta mutila izatea nahi zuela esan zigun eta laugarren mailan hasi bezain pronto, irailean, hasi ginen. Gogoan dut behin ikastolara joan ginela eta ikaskideek naturaltasun osoz esan zigutela aldaketa egin gabe ere beraiek beti ikusi izan dutela mutil bat bezala. Ez zuten izena aldatzeko beharrik ikusi, berak aldatzea erabaki bazuen ere. Oso naturala izan da guztia". Horrekin lotuta, orain arte, traba askorik ez dutela topatu azpimarratu du Rodrigok.
"Gorka pozik dago eta gu ere; bera laguntzeko gaude eta berak markatutako erritmoak errespetatzen ditugu".
Maiatzean hamaika urte beteko ditu Gorkak eta Gurutzetako Genero Identitatearen unitatera joaten hasi da. "Berak ez du gorrotatzen bere gorputza, alua duen mutila da eta ez dio axola; eta txikitako oroitzapenak ere ez ditu gorroto. Bera pozik dago eta gu ere; bera laguntzeko gaude eta berak markatutako erritmoak errespetatzen ditugu", adierazi du amak.
Bestetik, gaztaroari begira, "beldurra" dutela onartu dute: "Institutura joango da Kanpezura, eta han ezberdina izango da. Bestetik, gaztaroari beldurra diogu baina alaba txikikiarekin dugun bezala. Ausarta izan behar dela esaten diogu. Nik bi esaldi ditut ahoan: batetik, ezagutzen ez den errealitatea ez dela errespetatzen; eta bestetik, ez dudala eskatzen ulertzeko, errespetatzeko baizik. Hori da nahi dudana".
Lamingorriak elkartea
Amaitu aurretik, bidean izandakoen laguntza eskertu du: Emaize zerbitzuaz, Naizen elkarteaz eta irakasleez gain, bestelakoena ere gogorazi da; tartean, familiarena eta baita Mendialdeko Lamingorriak emakumeen taldekoena ere: "Informazioa bilatzen lagundu digute eta errealitatea gure ingurunean ezagutarazten", nabarmendu nahi izan du Gorkaren amak.