Instalazio hidrauliko txiki batek energiaz hornituko du Apilaiz

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 19:27
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak instalazioa bisitatu du. / AFA

Aldundiak instalazio hidrauliko txiki bat jarri du martxan Apilaizen, herria zero kilometroko energia jasangarriaz hornitzeko. Horretarako, duela mende bat eraikitako antzinako errotaren turbina eta Karrantan presa zaharra zaharberritu ditu.

Apilaizko errota zaharreko turbina zaharberritu du Arabako Foru Aldundiak, instalazio hidrauliko txiki bihurtzeko. Urtean orduko 40.000 kilowatt sortuko ditu eta, horrela, herriko argiteria publikoa nahikoa energiaz hornituko da. "Energia jasangarria eta zero kilometrokoa izango da, eta atmosferara gutxienez 15,5 tona CO2 isurtzea saihestuko du", azaldu du diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek.

Trantsizio energetikoa bultzatzeko maila txikiko proiektuen aldeko apustuan, ekimen aitzindaria da EAEn. Ahaldun nagusiak energia jasangarria sortzeko estrategiaren barruan kokatu du proiektua, proiektu guztiak "garrantzitsuak" direla azpimarratuz: Ekian eguzki parkea bezalako proiektu handiak; ertainak, laster sortuko diren Ekiolak bezala; baita txikiagoak ere, kasu honetan bezala.

Teknologia berriak eta XX. mendeko ingeniaritza

Izan ere, Ingurumen Sailak hainbat urte daramatza Apilaizko errota zaharberritzen, antzinako jarduera errespetatzeko asmoz. Hori dela eta, turbina berri bat jarri beharrean, zegoena zaharberritu dute. 1921ean iritsi zen Hanburgotik Apilaizera, eta garai hartan 3.160 pezetako prezioa izan zuen.

Mende bat beranduago, instalazioa erabat automatizatuta dago, eta ordenagailu edo smartphone bidez programatu ahal izango dira ekoiztu beharreko potentzia, abiarazteak eta geldiarazteak.

Gainera, 400.000 euroko inbertsioari esker, Karrantan presa-urmaela, hodiak eta presa txikia birgaitu dituzte. Aldundiak, bidez batez, presa eta errota lotzen dituen urhodiaren trazadura aprobetxatu du bidezidor txiki bat egokitzeko, bisitariak Karrantan inguru ikusgarrira hurbildu ahal izan daitezen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide