Azazetako zeharbideko lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira

Erredakzioa 2019ko irailaren 24a

2018ko urtarrilean Azazetako lagunek eginiko protesta. ALEA

Espaloiak egingo dituzte, autobus geltokiak egokituko dira eta herrirako sarbidea hobetuko dute.

Arabako Foru Aldundiak A-132 errepideko Azazetako zeharbideko urbanizazioa lizitatu du, behingoz. Proiektuan aurreikusten dute espaloiak egitea, bi autobus geltoki egokitzea eta herrirako sarbidea hobetzea garbitegi parean.

Obrak 272.000 euroko aurrekontua du, eta sei hilabetetan gauzatu beharko da. Ziurrenik, urtea bukatu baino lehen hasiko dira lanak, eta 2020ko uda baino lehen bukatuta egon beharko dira.

Helburua oinezkoentzako ibilbide seguruak egitea da, eta zeharbide honetatik egunero igarotzen diren 3.500 gidariak abiadura mugak errespetatzera behartzea. Hala, 6,5 metroko galtzada bat egingo dute, metro erdiko erdibitzaile bat abiadura jaisteko, eta 1 eta 1,5 metro arteko bazterbideak ere egingo dira. Era berean, ahal duten tokietan, espaloiak egingo dira. Halaber, semaforo bat jarriko da, autobus geltokiaren ondoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago