2.537 milioi argi urtera dago Andromeda galaxia, baina apirilean gertuago egongo da: Izkiko parketxean bertan, hain zuzen. Mikel Martinez astronomia zaleak galaxia horri ateratako irudi bikaina ikus daiteke Korresen. Ez da bakarra, noski. 30 bat irudiz osatutako argazki-sorta prestatu dute La Otra Mitad elkarteko kideek. Horiekin guztiekin, zeruan begi hutsez edo teleskopio bitartez ikus daitezkeen objektuen katalogo txikia osatu dute. Kumuluak, nebulosak, galaxiak, planetak… edota Zeledon. Bai, Zeledon bera ere. "Duela hainbat urte zunda estratosferiko bat 35.000 metrora bota genuen, eta bertan Zeledon zihoan ere", azaldu du astronomia elkarteko kide Julio Correderak.
Astroargazkilaritzaren inguruko ikuspegi zabala eman nahi izan dutela azaldu du Correderak, "bai objektu astronomikoei zein argazki-teknikei dagokienez". Adibidez, eremu handiko argazkiak eta teleskopio bitartez ateratako irudiak tartekatu dituzte erakusketan. Irudi guztiak elkarteko kideek egindakoak direla dio Correderak. "Jendeari gure lana hurbiltzeko modua da hau, zeren, askotan, elkarteen lana ez baita islatzen gizartean".
Profesionala ez baizik zaletuen elkartea da La Otra Mitad, eta, zentzu honetan, gaueko zeruari argazkiak ateratzea jende gehienaren esku dagoela nabarmendu du Correderak. Teknologiak gauzak erabat erraztu dituela erantsi du.
"Duela 15 bat urte oso lazgarria zen astronomia argazki bat egitea. Zaletu amorratua izan behar zenuen hori egiteko". Argazkilaritza analogikoaren garaiak ondo gordetzen ditu oroimenean. "Ia-ia itsuan joan behar zenuen. Karretea errebelatu baino lehen ez zenekien bertan zer atera zitekeen. Orain, berriz, pantaila batean ikusten duzu prozesua, esposizioa neurtu ahal duzularik. Argazki mordoa egin ditzakezu eta bertan jasotako datuen batezbestekoa egin. Modu horretan, irudiari zarata asko kentzeko aukera dago".
Zeruari egin beharreko jarraipena ere nabarmen erraztu da. Konturatzen ez bagara ere, ortzia mugitu egiten da, eta, argazkilariek izarrei eta beste objektuei jarraipena egin behar diete, puntu horiek mugituta ageri ez daitezen. "Lehen, jarraipena begi hutsez egin behar genuen, beste teleskopio baten bitartez, eta ia inoiz ez zen ondo ateratzen", dio barrezka. Orain, ordenagailu txiki bat eta teleskopio xume bat besterik ez dira behar prozesu hori modu txukunean egiteko, jarraipen automatikoaren bitartez".
Argazki-kamera ere ez da halabeharrez oso aurreratua izan behar. "Oroitzen naiz beste garai batean zenbat kostatzen zitzaidan Jupiterri irudi bat ateratzea. Bada, aurreko gau batean, neska batek sakelako telefonoarekin izugarri irudi polita atera zion; pazientzia eta pultsu pixkat besterik ez zuen behar izan". Teleskopiorik gabe ere, sakelako soilarekin ere Esne Bidearen irudi ederrak lortzen ari direla azaldu du.
Martxoaren 23an egin zuten erakusketaren inaugurazioa, eta hitzordua baliatu zuten ere eguzki-behaketa bat antolatzeko. "Gogo asko genituen, antolatu genuen azkena bertan behera utzi behar izan genuelako, eguraldi eskasa zela eta". Larunbat horretan, bada, zortea izan zuten. Ez soilik egun ederra atera zelako, Eguzkia bera ere lagungarria izan zelako baizik. "Eguzkiak 11 urteko zikloak izan ohi ditu, eta orain gutxieneko jarduerako fasean dago. Baina, hala eta guztiz ere, eguzki-orban bat ikusteko aukera izan genuen, eta, alboan, protuberantzia bat". Bi modutara behatu ahal izan zuten: iragazki batekin hornitutako teleskopio baten bidez eta eguzkia behatzeko beren-beregi prestatutako beste teleskopio batekin. Astronomia mundu guztiaren esku dagoen arren, Eguzkia behatzerako orduan horretan trebatuta daudenen laguntza jasotzea ezinbestekoa dela gogoratu du Correderak.