Harri puskak mahai baten gainean jarri dituzte, eta haurrak berehala gerturatu dira, jakin-minez. Liburutegi guztiak mundu izugarrietara iristeko leku aproposak izan ohi dira, baina, arratsalde honetan, Artziniegako liburutegia bereziki egokia da horretarako. Harri horiek ukitzerik ote dagoen galdetu du gaztetxo batek. Horietako batzuk baietz, ukitzerik badagoela erantzun dio alboan dagoen helduak. Beste batzuk, berriz, hobe ez ukitzea, oxidatu litezke eta.
Beste behin ere, testuinguruan dago gakoa: mahai gainean dauden horiek ez dira harri normalak, espazioan egon diren arrokak baizik; meteoritoak. Eta horrek gauzak zeharo aldatzen ditu.
La Otra Mitad astronomia elkarteko kide Julio Correderak pantaila batean azaldu die haurrei meteorito horien jatorria. Eta azalpenei adi-adi daude bertaratu direnak. Haurrak izanda, dinosauroen kontua da arreta gehien eman diena, eta, jakina da, zerutik etorritako harritzar bat izan zela animalia horiek ikusi zuten azken gauza. Horregatik, meteoritoen inguruan gauzak ikastea jakin-minetik harago doa. Edozein momentuan gerta litekeen talka batetik onik ateratzeko bide bakarra izan daiteke hori. Jakina da dinosauroek ez zutela espazio programarik. Gizakiok bai. Xumea, baina badugu. Eta haur horiek heldu bihurtzen direnerako, esperokoa da programa hori are garatuagoa egotea.
“Halako harri bat gainera erortzen bazaigu, zer?”, galdetu du beste ume batek. Horri aurre egiteko moduak bilatzen ari direla azaldu die Correderak. Tartean, filmetan ikusten diren arma nuklearren aukera kontuan hartu dela esan die, baina Bruce Willis-en beharra ez duten bestelako aterabideak bilatzen ari direla esan die. Suntsitzerik ez badago, zunda baten bitartez asteroidearen ibilbidea aldatzeko aukera aztertzen ari da, bai grabitazioa erabilita edota asteroidearen gainean margotuta, eguzkiaren eragina zati honetan desberdina izan dadin lortzeko. Horretarako, noski, aldez aurretik ezagutu behar da asteroide horien ibilbidea, eta horretan ari dira, besteak beste, Izkiko behatokian. Beste zenbait arlotan ez bezala, astronomian adituek badute zeresanik, zerua uneoro ikuskatzea arras zaila da eta.
Irina eta Cola-Caoa
Hitzaldiaren ostean, dibertigarriena heldu da. Eskuak zikintzeko garaia. Ez da izan, noski, zikintze hutsagatik. Esperimentua izan da. Irina eta Cola-Caoa baliatu dituzte. Irina behean eta kakaoa gainean. Lurra eta lurrazala. Harri koskor bat gainera botata, harri horrek utzitako kraterra ederki irudikatzen da horrela. Baina hoberena ikustear dago. Kamera geldo baten bitartez grabatu du talka Jaime Fernandez astronomia zaleak, eta pantaila handian jarri ditu irudiak. Ahoa bete hotz gelditu dira gaztetxoak, duela minutu pare bat ziztu bizian zihoan eta ikusezina zen talka hori ederki asko ikusi ahal izan dutelako, abiadura geldoan.
Hautsa garbitzen lagundu ostean, kalera atera dira gaztetxoak. Eguraldi eskasa dago gaur, baina, halere, teleskopioak erabiltzen saiatuko dira, hodeien arteko zirrikituren batetik eguzkia azalduko den esperantzan. Oharra luzatu diete, badaezpada ere. “Ez begiratu inoiz zuzenean eguzkira. Hori egin ahal izateko, guk teleskopio bereziak ditugu”.
Barruan geratu da Corredera, materiala biltzen. Pozik azaldu da emaitzarekin. “Oso zintzo mantendu dira hitzaldian zehar, jakina baita normalean umeak asko mugitzen direla”. Astronomia zaleak azaldu du gaztetxo horiek hilabete osoa daramatela gaia lantzen. Ohituta daude hau bezalako jarduerak prestatzen, eta behin baino gehiagotan Izkiko behatokian (Korres) ikasleak artatu dituzte ere. “Material arruntekin prestatutako esperimentu txikiak erabiltzea oso lagungarria da fenomeno konplexuak azaltzeko orduan”, nabarmendu du Correderak. Adin handiagoko gazteekin egiten dutenean gehiago sakontzen dutela azaldu du, geologiaren oinarrizko kontzeptuak ikasita dituztelako. Baina adin guztietako jendea hurbil daiteke astronomiara. Hurrengo hitzordua prestatzen ari dira: uztailaren amaieran izango den ilargi eklipsea ikusteko eguna antolatu dute. Lagunartean zerua ikusteko aitzakia ederra.
Unibertsoaren mirariak, etxeko atariraTamalez, Araban planetariorik ez dago, baina, horren trukean, nahiko gertu dago ospe handia duen Iruñeko Pamplonetarioa. Halere, eta hara gerturatzea guztiz gomendagarria izan arren, Araban planetario txiki batekin gozatzeko modurik bada. Luminica Ambiental enpresak Cosmium 360 Planetario Mugikorra kudeatzen du, eta horri esker horrelako egitura batera sartzeko aukera dago. Vital Fundazioaren laguntzari esker, Izarren bidaiariak izeneko proiektua aurrera eramaten ari dira, eta, modu horretan, unibertsoa Arabako ikastetxeetara eta hainbat kultur ekitalditara eramaten dute."Zeru izartsuaren mirariak eta xarma" ikasleei hurbiltzea da asmoa. Horretarako, esperientzian oinarritutako jarduera egiten dute gazteekin, kupula osoa ikusita, unibertsoak inguratzen dituen sentsazioa helarazteko. Irudi errealak eta simulazioak tartekatzen dituzte, ahalik eta esperientziarik osatuena lortzeko. Iaz 36 ikastetxetara iritsi zen planetarioa; orotara, 6.175 gazte inguru bertatik igaro dira. Hasieran Lurraren mugimenduak azaltzen dira, bertan abiatzen baitira gaua, eguna eta urtaroak. Ondoren, eguzki sisteman zehar bidaia egiten dute, planeta guztiak arakatuz, eta, azkenik, espazio urrunera bidaiatzen da: Esne-bidea, beste galaxiak, supernobak, zulo beltzak, pulsarrak... zeruaren inguruan gizakiak eratu dituen mitologiak ahaztu gabe. Baina, astronomiaz harago, ingurumena ere lantzen dute planetarioaren bitartez landutako programan. Ezaguna da argi kutsadura arazo handia dela, eta ez soilik arlo estetikoari dagokionean. Gero eta hobeto ezagutzen dira argiaren eta iluntasunaren arteko erritmoen apurketak dituen ondorioak, bai animaliengan zein gizakiengan ere. Gaiaren inguruan ikasleak kontzientziatu nahi dituzte, funtsean, haien esku egongo delako etorkizunean egoera bideratuko duten politikak asmatzea eta martxan jartzea. |