Mendian izanik, aldaparik ez

Juanma Gallego 2018ko aza. 30a, 06:00

Euskaraldiari hasiera emateko pintaketa kolektiboa egin dute Maeztun. / EUSKARALDIA

Gogo askorekin prestatu dute Euskaraldia Mendialdean, eta jendea animatzeko bideo sorta ederra prestatu dute. Kanpezun eta Maeztun ez ezik, kuadrilla osora zabaldu dituzte ekimenak.

Kanpezun, Birgaran eta Urizaharrean egindako ekitaldi berezien bitartez ongietorria eman diete ostiralean Euskaraldiari Mendialdeko herritarrek: gaua heltzearekin batera, txapa-jartze ekitaldia egin dute bertan.
Lagranen eta Ataurin, berriz, larunbatean abiatu dituzte ekimenak. Mendialdeko Aisia programaren baitan, gazteenei begira jarri dira Lagranen: aiton-amonen jolasak lantzeko tailerra egin dute, eta, ondoren, Ines Bengoaren eskutik ipuin kontaketa izan dute. Arratsaldean, berriz, Atauriko tabernan Ane Gebarak helduentzako prestatutako narrazio ikuskizuna antzeztu dute, Harriek kontatu didatena izenburupean, txalapartaren doinuez lagunduta.

Erronkari eusten laguntzeko, astean zehar askotariko ekimenak izan dituzte Maeztun eta Kanpezun, bereziki haurrak gogoan edukita: ludoteka, pintaketa eta putxea… baina helduek ere aisialdirako tartea izan dute; mingainak dantzan jartzen lagundu nahian edo, mintzalagun saioa eta poteoa egin dituzte.

Astebururako planei dagokienean, larunbaterako bertso-bazkaria antolatu dute Kontrastan, Ane Labaka eta Julen Zulaika bertsolariekin. Igandean Maeztun bazkaria egingo dute, eta, ondoren, euskal musikarekin girotuko dute arratsaldea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago