Lagrango udalerriko euskal jatorrizko toponimoen eta hitzen gaineko liburua aurkeztuko dute larunbatean, hilaren 23an, herriko askotariko erabilerako gelan. 11:30ean hasiko da esandako ekitaldia, eta amaitutakoan, ibilalditxoa egingo dute Lagran herritik; bidean topatzen dituzten inguruneen toponimoak azaltzea du helburu irteera horrek.
Argitalpenaren egile Andoni Llosak azaldu du aspalditik dagoela lana eginda: "Orain dela hainbat urte egindako lana da larunbatean aurkeztuko dudana. Lagranen euskarak utzitako aztarnak bilatzen urtebete inguru eman nuen, baina, orduz geroztik, gordeta izan dut, argitaratzeko aukera agertu den arte", azaldu du. Batetik, euskal jatorria duten lekuen toponimoak batu ditu; eta bestetik, egunerokoan udalerrian oraindik ere erabiltzen diren euskal hitzak.
Albino Larrauri
Llosak nabarmendu du, bereziki, bi bide erabili dituela hori guztia jasotzeko: dokumentazio zaharrera joanda, eta bertako herritarrak elkarrizketatuz. Azken atal horretan, Albino Larrauriren lana eskertu nahi izan du. Horrekin lotuta, honakoa azpimarratu du Llosak: "Informazio asko batu dut berari esker. Lagrango mendiak eta ezagutzeaz gain, oso jarrera ona izan du berarekin egon naizen bakoitzean eta hori txalogarria da". Pozik dago egindako lanarekin, informazio ugari batzea lortu duelako.
Lanak bigarren helburu bat ere baduela aitortu du Llosak: "hain justu ere, herritarren artean arbasoen euskaltasunaz kontzientziatzea ere lortu da liburuarekin".