“Trebiñuko ekialdeko eta Arabako Mendialdeko toponimoen %30 eta % 50 bitartean euskarazkoak dira”

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2017ko ira. 20a, 09:58

Duela hainbat urte osatua izan zen arren, aurten argitaratu den 'Palabras y topónimos de origen vasco en el municipio de Lagran' liburuaren harira hainbat galdera egin dizkiogu Andoni Llosa Ozaitari (1970). Irailaren 23an, Lagran herrian bertan, liburuaren aurkezpena, hitzaldia eta ibilbide toponimikoaz gozatzeko aukera izango dugu.

Nola sortu zen Lagrango toponimia biltzeko ideia?

Betidanik gustatu izan zaidan esparrua da. Familia daukat oso hurbil; Obekurin, hain zuzen ere. Txikitatik oso erne izan naiz beti haien hitz eta toponimoak batu nahirik. Arabako Mendialdeko toponimoak eta tokiko berbak batzen izugarri gozatzen dut. Eta eguneroko bizitzan erabiltzen ditut.

Zer ekarpen dakar egun euskalduna ez den, baina iraganeko euskararen aztarnak dituen herri bateko toponimia berreskuratzeak?

Ekarpena, nire ustez, alor anitzetan sustraitzen da; batetik, bertoko adineko jendea (euskaraz ez dakitenak) haien arbasoen euskal izaeraz jabetzen laguntzea. Ildo horretatik, helburu etnografiko edo historikoa dago. Bestetik, berriz, gazteek eta umeek –euskaraz jakin arren, agure-atsoek ez bezala- bertako zenbait hitz eta mendiko eta soroetako hainbat izen jakiten laguntzea. Helburu pedagokikoa, akaso, nostalgia apur batekin. Eta beste zeregin batzuk ere betetzen dituela pentsatu nahi nuke…

Zenbat denbora eman zenuen bilketa, ikerketa eta edizio lanean?

Nahiko denbora eman nuen baina orain ez nezake esan zehazki zenbat. Edozelan ere, garrantzitsuena kalean ikustea da eta bertakoek aprobetxatu ahal izatea, batez ere.

Zergatik Lagran?

Euskaltasunaren gaiarekin Lagranek sasoi hartan oso irudi garbia erakusten zuelako: euskaraz ez zekiten agure eta atso pilo, haien burua euskaratik erabat kanpo ikusten zutenak, baina eguneroko bizitzan oraindik ere euskal hitz eta toponimo asko erabiltzen zituztenak.

Lan handia eman dizue jatorrizko izenetara heltzeak?

Kasu batzuetan erraza da, garbia, begibistakoa. Beste batzuetan dokumentazio zaharrera jo behar duzu eta hala ere zaila izan daiteke. Eta beste hainbatetan, tamalez, ezin dugu jakin toponimo baten jatorri eta esangura, euskal kutsu garbia izan arren.

Adibide batzuk jar zenitzake?

Bai, nola ez. Lehenengo taldean, Artamendia esango nuke, arteek osatutako mendia. Antuspia toponimoaren kasuan, ostera, oso gaitza da bere esangura jakitea, nahiz eta euskal antz handia duen edo, behintzat, gaztelerarekin oso antz txikia.

Trebiñu eta Mendialdean noraino iristen da euskararen presentzia toponimoetan?

Aldakorra da zonaldeka. Trebiñuko Konderriko mendebaldean eta Argantzunen oso urriak dira euskal toponimoak, euskara askoz lehenago galdu baitzen bertan. Konderriko ekialdeko gune menditsuetan eta Arabako Mendialdeko leku askotan gaur egungo toponimoen %30 eta  % 50 bitartean euskal toponimoak dira.

Orokorrean, zein da gizartearentzat toponimiak duen interesa?

Interes puntuak ugariak izan daitezke, horregatik zenbait zoro txunditzen gaitu toponimiak. Nik azpimarratuko nituzke bi: bata, linguistikoa; eta bestea, historikoa. Toponimoek erakusten dizkigute duela mende batzuk zuhaitz eta animaliak aipatzeko erabili zituzten izenak. Eta, horrez gain, toponimoen bidez jakin dezakegu eremu edo paraje jakin batek bizi izan duen aldaketa. Adibidez, gaur egun garisoroa baldin badago baina bere izena Artatza baldin bada, argi eta garbi dago gariaren aurretik zer zuhaitz bizi zen hor.

Zein izango da irailaren 23ko programa? Ekintzak?

Gauza xume baina beroa eta hurbila egin nahi dut: Lagrango lantxo hau egiteko arrazoiak, toponimo eta berba batzuk azaldu, galderak erantzun eta zenbait toponimo tokian bertan komentatzeko paseo bat egin.

 

Berri hau zuzenean EUSKARABA webgunean ikusi nahi duzu?

Hona hemen:

http://euskaraba.eus/trebinuko-ekialdeko-eta-arabako-mendialdeko-leku-askotan-gaur-egungo-toponimoen-0-eta-50-bitartean-euskal-toponimoak-dira/

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago