Euskararen Eguna 2016

"Egunero euskaraz eginez, eredugarri bilakatuko da"

Mirian Biteri 2016ko abe. 2a, 11:55

Lazarraga saria jaso berri du Etxeko baratza familia enpresak euskararen presentzia txertatzeko eta hedatzeko egindako ahaleginagatik. Euskararen Egunaren harira, bertako Irune Martinez de Antoñanarekin izan da Alea.

Zorionak, Irune!
Eskerrik asko!   

Zer suposatzen du zuretzako horrelako saria irabazteak?
Opari bat bezala jaso dugu etxean. Azkenean, euskararen sustapena modu xumean eta finean egiten dugu gure egunerokotasunean eta horrelako sari potoloa jasotzea sekulako ohorea izan da.

Etxean euskara erabiltzeko ohitura duzue orduan...  
Amarekin eta amamarekin bai. Aita ez da guztiz euskalduna; askotan saiatu da ikasten, eta ulermena landua dauka baina hitz egiterako orduan kosta egiten zaio.

Eta kalean? Nola ikusten duzu euskara Mendialdean?  
Nik ikusten dudana da haurrek gero eta gehiago erabiltzen dutela; eta, Urbisu mailan, badugu talde bat euskararen erabilera sustatzen duena. Oinarri bihurtu gara, besteek ikus dezaten leku batzuetan euskaraz egin dezaketela;  eta, modu horretan, Mendialdera osora zabaltzen dugu erabilera.

Eta nekazaritzan, zelan ikusten duzu hizkuntza?
Nahiko ondo, jende askok egiten duelako euskaraz. Heldu asko baldin badago ere, gero eta gazte gehiago ari dira nekazaritzan sartzen; hori da behintzat nik ikusten dudana etxera etortzen direnekin edo merkatura datozenekin. Gazteek euskara dakite, eta hori eskertzekoa da. Arlo honetan euskaraz egitea miresgarria da. Dena dela, egoera nahiko ona baldin bada ere, erabilera beste modu batean sustatu beharra dagoela iruditzen zait.  

Nola egin daiteke?  
Egunerokotasunean erabiliz. Hor dago gakoa. Egunero euskaraz egiten badugu oinarritzat hartuko dugu. Jendearen aurrean gaudenok euskaraz egiten badugu, bezero horiek horretaz jabetuko dira, eta hurrengoan gerturatzen direnean, euskaraz etorriko dira gurera.

Neurri hori gainerako arloetara zabaldu daitekeela uste duzu?  
Noski baietz. Nik lerro hauetatik mundu guztia gonbidatu nahi dut euskaraz egitera; gure hizkuntza, ohitura eta sustraietako elementu garrantzitsuenetarikoa delako. Besteengandik ezberdintzen gaituen hizkuntza da euskara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago