Okarizkoa zara, ezta? Noizkoa?
Bai, nire gurasoak biak Okarizkoak. 1956ko apirilaren 27an jaio nintzen. Eskerrak Prudentzi ez zidaten jarri!
Zenbat senide zineten?
Gu lau neba-arreba ginen; neba hil egin zen. Nebak kanpoan ikasi ahal izan zuen, neskek ez. Ni gazteena nintzen. 13 urtera arte Okarizko eskolan egon nintzen, eta gero mojekin Agurainera. 14 urterekin lanean hasi nintzen bulego batean, Eguino Hermanos altzari enpresan. Lana gogorra egin zitzaidan, neska bat nintzen, nerabezaroan, baserri batekoa... Sufritu nuen, baina baita asko ikasi ere. ELA sindikatuan sartu nintzen, eta gero LABen. Etxean gero baserriko lanak ere egin behar genituen: patata, garia, animaliak... Larraina genuen guk etxe aurrean. Hamar urte pasa nuen Agurainen, Eguinon. Asko markatu ninduen. Azkenean, lanetik bota ninduten. Talka egiten genuen, nik kontabilitate bikoitza eta bestelako iruzur batzuk ez nituen ondo eramaten, eta haientzat arazo bat nintzen. Baina epaiketa irabazi, eta diru horrekin Nikaraguara joan nintzen.
Iraultza sandinistara...
Urte eta erdiz egon nintzen han, Hondurasko mugan, iparraldean. Askapenarekin joan nintzen eta han geratu nintzen, kintxoekin (umeekin). Kuartel batean egin genuen komuna bat. Arratsaldeetan zaharrekin saskiak egiten ibili nintzen hango landareekin. Asko sufritu nuen. Hasieran etxe handi batean bizi ginen familia batean, gero neska batekin eta bere alabatxoarekin. Emakume bezala gogorra izan zen, matxismo handia zegoen, nahiz eta prozesua askatzailea izan, gizonak gehienak... Eta emakumeekiko konpromisoan ere murgildu nintzen. Nire filosofia beti izan da ekonomikoki independentea izatea. 14 urtetatik hala ibili naiz. Batzuetan dirua irabazten banuen ikastaro eta bestelakoekin, ba urte bat pasatzen nuen lagunekin, Lemoizko martxetara joan, edo Nikaraguakoa... Askatasun kontzeptu trinko batean bizi ginen, asko irakurriz, konpartituz, teoria bat, beste bat... Asko gustatzen zait irakurtzea; gustatzen zait gizartearen aniztasuna, baina gutxitan entzuten diogu elkarri, sakonduz. Han hartu nuen militantziaren zentzua, eta itzuli nintzenean politikan sartu nintzen hemen, Askapenan, Donemiliagan zinegotzi, herri mugimenduetan, Gestoras Pro-Amnistian...
"Askatasun kontzeptu trinko batean bizi ginen, asko irakurriz, konpartituz..."
Eta euskaldundu!
Horretan lehenago hasi nintzen. 18 urterekin Agurainen gau-eskolan sartu nintzen, eta bidea oso polita izan zen. Euskara niretzat natura bezalakoa da. Ataunera joaten nintzen belarretan egin eta euskaraz bizitzera! Nahi nuen euskaraz pentsatu, eta amets egin. Sufritu ere bai, e! Ataungo euskara... Uf! Nik batua ikasi nuen, eta lotsatzen nintzen. Asko maite dut Goierri.
Nikaraguatik itzultzean nekazaritzan hasi zinen, baina beste era batera...
Bai, ez zitzaidan gustatzen zegoen ekoizteko modua. Lehenago, lur soroak oso lotuta zeuden naturarekin. Gero, parcelaria-rekin handiagoak egin behar izan ziren lur sailak, eta ongarri kimikoak eta herbizidak erabiltzen hasi ziren. Dena zen ekoizpena handitzea eta lurrarekiko lotura naturala haustea. Nire bidea beti izan zen alternatiboa, naturarekin lotuta. Gurasoak zaharrak ziren eta zaintzen ibili nintzen, orduan aitari esan nion: "Aita, zuk lurra nire erara lantzen utziz gero, nik hil arte zainduko zaituztet". Hasieran ez zidan utzi nahi traktorea hartzen ere. Lurrak txandakatzen hasi nintzen eta lantzen: guztiz irauli gabe lurrak berritu, belar txarrak beste era batera landu... Gure herriko lurra oso gogorra da, buztintsua.
Nekazaritza ekologikoan...
Bai, baina oso zaila da instituzioekin. Alde batera ondo dago, baina aldameneko batek herbizida bat botatzen badu, ba arazoak dituzu, nahiz eta zuk gauzak ondo egin. Egoera oso gaizki dago. Estatistikei begiratzea besterik ez dago. Ez dago eskema bat lan egiteko, administrazioan ez dute sinesten, adibidez, eskola eta leku publikoetan garbi jatea. Baina prezioari begiratzen diote bakarrik. Guk nahi genuen kostatzen dena kobratu, besterik ez. Baina merkatua eta instituzioak...
Eta lurraren transmisioa?
Gipuzkoan, adibidez, nagusiarentzat uzten zen baserria. Araban, seme-alaba guztientzat uzten zen. Alde batera ondo dago eta zerikusia du lursailen hedadurarekin, baina nire aitaren belaunaldian, adibidez, seiren artean banatu zuten, eta gurekin berdin. Gero espekulazioa sartzen da... Lurra izan beharko litzateke lantzen duenarentzat.

Asko aldatu da baserriko bizitza...
Lehen haragi gutxi jaten genuen, txorizo pixkatxo bat opari bat zen. Oiloa Okarizko jaietan jaten genuen! Txerritik den-den-dena jaten zen urtean zehar. Badakit kritikagarria dela, txerriaren hilketa eta abar. Saiatzen ginen ahalik eta ondoen egiten, baina hil behar duzu. Orain ez dago ondo ikusia, nik nahiko nuke hiltzean nire gorputza putreek jatea, baina... Ijitoak urtero etortzen ziren, erreketan geratzen ziren, hango landareekin saskiak egiten zituzten eta gero trukea egiten genuen; haiek saskia eman eta trukean oiloa edo patatak ematen genizkien.
Eta zu otarregile noiz hasi zinen?
Amarekin eta osabarekin ikasi nuen saskigintzan, zekaleaz eta masustaren adarrez ere bai. Agurainen gerra-ostean lantegi bat zegoen saskiak ekoizten zituena eta, eta han ibilitako bi gizonekin, Santiago eta Pakorekin, jarraitu nuen. Eguino-tik kaleratu ondoren, jada ez nuen lantegi batean lan egin nahi. Jendea ezagutzen hasi nintzen Gasteizko Alde Zaharrean, Legution, Peraltan eta apurka-apurka bidea egiten, ikastaroak ematen, azoketara joaten... Zirimiri enpresarekin Gasteizen kontratu bat nuen zaharren elkarteetan ikastaroak emateko. Gero, baina, hainbeste jenderekin harremanetan xurgatu zidaten energia, eta pixkanaka bakartzen hasi nahi izan nuen.
"Amarekin eta osabarekin ikasi nuen saskigintzan; apurka nire bidea egiten hasi nintzen"
Eta Garaion ezagutu zenuen.
Leku hau, egiten duten lana, zoragarria da; naturaren museo bizi bat da. Nire material asko ekarri nien, baina sitsa zeukan eta bota behar izan genuen. Ahal dudan moduan eta indarrez zainduko dut, baina zer lan duten, zenbat! Ederrak dira hemengo emakumeak. Asteburu honetan ikastaro bat egingo dugu gaztaina xaflekin, nik inoiz ez dut egin, begira! Orain ikasiko dut.
Eta eskualdean harreman ugari sortu dira, ezta?
Aljeriar emakume batekin egin genuen ikastaro bat zumearekin. Han herri oso bat dago zumearekin lan egiten duena, eta artoen hostoekin. Gero, Agurainen emakume talde bat dago eta hasi ziren zume ikastaroak egiten, eta emakumeen egunerako munduko hainbat herritatik etorritako emakumeek eskultura bat egin genuen, harresiaren ondoan. Oso espazio polita sortu da.
Ondarea eta transmisioa.
Bai, oso garrantzitsuak dira niretzat, naturarekin bat bizitzea. Ni antiplastikoa naiz, Nikaraguan plastikoa sartzen ikusi nuenean asko sufritu nuen. Haiek, hemen ezagutu nuen bezala, naturarekin lan egiteko beren kultura galtzen hasi ziren, eta denean plastikoa sartzen. Bestalde, zeinen ederra zen hangoa, zer gauza gutxirekin antolatu zezaketen festa bat hildakoen alde edo beste edozeren alde, komunitatean di-da, lanean hasi, eta antolatuta!
Eta osasunez zer moduz zabiltza?
55 bat urterekin, bizkarra arazoak ematen hasi zitzaidan. Txikitatik bizimodu gogorra izan nuen, lurreko gauzak ganbaran gordetzen genituen, bizkarrean igo behar. Orain bizitza beste leku batetik ikusten dut, lehen asko egitekoa nintzen, parte hartzailea... Orain ez daukat hori, mugimenduen alde nago, eta jarraitzen ditut, elkartasuna jorratu eta ahal dudan moduan parte hartuz.