Pepe Olalde Ezpeleta Aguraingo argazkilariaren ondare grafiko osoa galtzeko zorian egon zen 1970eko hamarkadan bere etxean gertatu zen sute izugarri batean, eta horrekin batera herriko argazki artxibo historikoaren zati handi bat betiko desagertu zen. "Garai horretan kanpaiak jotzen zituzten suteen berri emateko, eta egun horretan kanpaiak jo zituzten, eta korrika joan ginen denak, argazkilariaren estudioa erretzen ari zelako. Sekulako galera izan zen, garai hartan negatibo asko zintzilik zituelako Olaldek bere estudioan. Negatiboak oso erraz erretzen ziren, zelulosa nitratoz eginak zeudelako, eta material guztia hondatu zen".
Kepa Ruiz de Egino Aguraingo ikertzaileak kontatu dio ALEAri Olalderen estudioan jazotako sute malapartatu horren historia. Azaldu du, zorionez, duela hogei bat urte obrak egiten hasi zirela Olalderen estudio zaharrean sozietate bat egiteko, eta altxor bat deskubritu zutela. "Atzeko aldean, gela bat edo beste konpondu gabe geratu ziren, eta igeltsero bat etorri zitzaigun egun batean esanez argazkiak ziruditen dokumentuak eta paper pila bat aurkitu zituela".
Olaldek egindako argazkiak ziren. Oso hondatuta zeuden eta suak amatatzeko bota behar izan zuten urak horietako asko txikitu zituen. Halere, artxiboa berreskuratzeko lanari ekin zioten duela gutxi zendu den Jaso Ruiz de Alegria aguraindar ospetsuak eta Ruiz de Eginok berak.
"Agian 300 argazki salbatuko genituen, baina beste asko berreskuraezinak dira"
Kepa Ruiz de Egino
Argazkiak banan-banan lisatu eta lehortu dituzte eta argazki bakoitzari argazki bat atera diote. "Agian 300 argazki salbatuko genituen, baina beste asko... berreskuraezinak dira. Agian 400 edo 500 egongo ziren", azaldu du Ruiz de Eginok.
Hurrengo urratsa argazki horiek guztiak ordenatzea, katalogatzea eta digitalizatzea izango da. "Hori da orain Tarteka Mediarekin egiten ari garena. Ditudan argazki guztiak eskaneatzen hasi gara, ondo digitalizatuko ditugu eta katalogazioarekin hasiko gara".

Oso familia ezaguna eta maitatua da Olalderena Agurainen. Ruiz de Eginok azpimarratu du herriko familia handi baten aita izan zela Pepe, "irakasleak, argazkilariak eta kulturarekin eta historiarekin lotutako profesionalak barne". Hala nola, Joseba Olalde semea izango dute askok gogoan, ibilbide luzeko argazkilaria, besteak beste Egin, Berria, eta Argia hedabideekin lan egin zuena.
Estudioaren ondoan, gainera, denda bat zuen Olalde-Azkorreta familiak, eta oso harreman estua izan zuten beti herriarekin.
Berreskuratu duten argazki artxiboan bitxiak aurkitu dituzte. Ruiz de Eginok azaldu duenez, ezagutzen ez zituzten tradizioak aurkitu dituzte. Esaterako, deskubritu dute Corpus egunean "erreginez jantzita" edo lehen jaunartzeko jantziekin ateratzen zirela herriko neskatoak. "Argazki askotan daude neskatoak Kristoa zaintzen. Kristo bat hilda dago kutxa batean, kristalezko kutxa batean, eta tradizioetako bat zen neskatoak inguruan paratzea. Eliza izugarria izan da beti gauza horietan", esan du.

Agurainen egiten ziren ospakizun nagusien argazkiak egin zituen Pepe Olaldek: San Juan jaietako karrozen irudiak berreskuratu dituzte, El Pellejoko askarian bildutako familien argazki ugari, sannikolasetan eskean ateratzen ziren umeenak. "Oso argazki politak aurkitu ditugu. Olaldek taldeen argazki asko ditu, herriko familia asko ikusten dira. Han-hemenka zebilen Pepe, eta jende guztia parrandan eta askarian zebilen bitartean argazkiak ateratzen zituen, eta horrekin dirua ateratzen zuen, noski. Familia asko ikusten dira, eta jende askok inoiz ikusi ez dituen bere gurasoen edo aitona-amonen argazkiak daude", azaldu du Ruiz de Eginok. Asko eta asko ere herriko familien jaunartzeetan eta ezkontzetan ateratako argazkiak dira, Olalderi enkargatzen baitzizkioten horrelako lanak.
Bastidatik Agurainera, Oñate leinua
Alta, Olalde familia ez da Agurainek eman duen argazkilarien leinu bakarra. Herrian garai batean finkatu ziren Pascual Oñate aitaren eta Emilio Oñate Reynares semearen ondare grafiko ikusgarria ehun urtez gorde zen familiaren etxean, senide batek aurkitu eta Arabako Foru Aldundiaren artxibora eman arte.
Pascual Oñate (1844-1905) errioxarra zen eta Bastidan ireki zuen Arabako lehen argazki estudioa, baina gero, Ruiz de Eginok jakin duenez, Agurainen finkatu zen familia. Gasteizen ere estudio bat izan zuen Oñatek eta argazki kamerak egiten zituzten bertan aitak eta semeak.
"Argazkilari bikaina zen, eta Arabako Errioxako diruduna zela uste da, Egiptoko eta Persiako argazki mordoa atera baitzituen. Garai hartan ez zuen inork kamerarik, eta ez zuen inork toki horietara bidaiatzen", esan du ikertzaileak.
Emilio semea, berriz, Aguraingo medikua izan zen, eta Zapatari kaleko 16. zenbakian izan zuen kontsultategia. Lanbidez medikua izan arren, aitarengandik jaso zuen argazkigintzarako zaletasuna eta interes handiko erreportajeak egin zituen. "Gizon hori 1918an hil zen Espainiako sukarrak jota. Bere izebak, orain 96 urte dituenak, kontatu zidan Zalduondora gaixo bat artatzera joan zela eta hor gaixotu zela; etxera itzuli eta hiru egunera hil egin zela".
Hain zuzen Arabako Foru Aldundiaren artxiboan gorde diren irudi gehienak Emiliorenak dira. Familiaren argazkiak dira batik bat, baita Arabako landa eta hiri bizitzako paisaiak eta ohiturak jasotzen dituztenak ere, bereziki Arabako Errioxakoak, Errioxakoak edo Burgoskoak. Atzerrira egindako hainbat bidaietan egindako argazkiak ere aurkitu daitezke bilduman: Egipto, Paris, Filipinak…
Atapuercako haitzuloan 1900 eta 1910 inguruan egindako argazkien serieak, esaterako, garrantzi berezia du, aztarnategiaren historiaren lehen etapetan egindako bisita baten lekukotasun grafiko bakarrenetakoa delako.
Halaber,1905eko abuztuaren 30eko eguzki eklipseari buruzko irudiak daude Oñateren funtsean. Argazkilari aguraindarrak, gainera, ez zuen soilik eklipsearen argazkia egin, fenomeno zientifikoa behatzeko prestaketa eta behaketa ingurunea ere dokumentatu zituen. Eguzki eklipse osoa Burgos ingurutik behatu zuen aguraindarrak. Argazki horietako batean eguzkiari zuzenean begirako argazkia ageri da. Argazkia beirazko plaka batean dago. Beste serie batean, Burgostik kilometro gutxira, Campo de Lilaila Madrilgo Behatokiak eklipsea behatzeko eraiki zuten kanpamentuaren argazkiak ageri dira, 1905eko abuztuaren 25etik 30era bitartean.

Bestalde, Alfontso XIII.aren ezkontzari buruzko argazkiak ere egin zituen Oñatek, eta baita Gasteizera errege-erreginak egindako bisita batzuei buruzko erreportajeak ere.
Oianguren, argazkiak eta pedalontzia
Behin bi ezkero, hirugarrena ia seguru izaten omen da, eta hala da Aguraingo argazkilarien kasuan ere.
"Pedalontzien patentea atera zuen Oiangurenek eta Benalmadenara joan zen bizitzera, aberastu egin zen"
Kepa Ruiz de Egino
"Oianguren izeneko bat" aipatu dio Kepa Ruiz de Eginok ALEAri: "Oianguren hau Agurainen gurdiak egiten zituenaren semea da, eta argazkilaria, baina argazkiak egiteari utzi zion pedalontzia asmatu zuenean, urtegietan eta itsasoan ikusten ditugun pedalontzi famatu horiek. Oianguren hau arotza zen eta argazkilaria, eta urtegira eramaten gintuen umeok Centoren gurdian, eta han pedalontziak probatzen genituen, zurezko txalupak bezalakoak ziren, pila bat pisatzen zutenak, eta umeak zoroak bezala. Pedalontzien patentea eta guzti dauka, trenez Benalmadenara eramaten zituzten. Azkenean bera ere Benalmadenara joan zen bizitzera, aberastu egin zen, eta ederto batean bezala bizi izan zen han".
Zaila da Oianguren argazkilariaren erreferentziak aurkitzea. Ruiz de Eginok berak aitortu duenez, oraindik gehiago sakondu beharko da aguraindarraren historian eta ondare grafikoan.
Alta, Oianguren pedalontziaren asmatzailearen erreferentziak badaude. Jabetza Industrialaren Artxibo Historikoan aurkitu du ALEAk Felix Oianguren Iñiguez de Gordoa aguraindarraren izena, 1959ko urriaren 16an Pedaflot izeneko produktua erregistratu omen zuen. Diseinu horrek zurezko hidropedal komertzialen oinarriak ezarri zituen. Izan ere, geroago, patente horren eskubideak Manuel Moreno Marinek erosi zituen, eta 1974tik aurrera Churrianan (Malaga, Espainia) merkaturatzeko asmoz, egurrezko hidropedalak fabrikatzeari ekin zion.
Ondoren, 1980an, enpresa horrek Astilleros La Noria izena hartu zuen. Haiek izan ziren zurezko ontzi haiek poliesterrez eta, azkenik, polietilenoz (gaur egungo plastikozko pedaloak) ordezkatzeko prozesuaren aitzindari nagusiak.
"Sorginkeriaren eta poesiaren artean"
"Argazkigintza gure historiaren oroimen bizia da, eta uste dut benetako denboraren intentsitatea, benetako jendearena, gure herrietako kaleena, inon ez dagoela argazkien zuri-beltzean baino hobeto erretratatuta, beti harritzen gaituen optikaren, kimikaren eta argiaren misterio horretan, sorginkeriaren eta poesiaren artean, artisau lanik garbienaren eta kasualitaterik sinesgaitzaren artean".
Kepa Ruiz de Eginok sare sozialetan partekatu ditu Pepe Olalderen argazkien gorabeherak, eta horrekin batera argazkigintzak eta argazkilarien lanak herri baten memorian duen garrantziari buruzko hausnarketa egin du. "Berreskuratu ditugun argazkiek gure herriko historiaren eta jendearen oroimen zabala eskaini digute. Argazkiek bakarrik ematen diguten denboraren eta gauzen emozio bat dago, esperientziaren edo oroitzapenaren forma bat, horiek gabe ezinezkoa litzatekeena eta beste inon aurkitu ezin daitekeena".
Aguraingo kronistak dioen bezala, "argazkiari esker, nahiz eta gure aspaldiko lagun, senide eta auzokide asko desagertzen joan diren, haiek sortutako gure herriaren historia gure artean geratuko da".
Herriko argazkilariena bezala, Lautadako historiaren zirrikituak artxiboetan bilatzen ikerketa ugari argitaratu ditu Ruiz de Eginok azken urteetan. Ikerketa gehienak salvatierra-agurain.com eta agurainberria.blogspot.com webguneetan argitaratu ditu 2011. urteaz geroztik, baita facebook bezalako sare sozialetan ere; eta ehunka jarraitzaile ditu.
Halaber, beste egile batzuekin batera, Agurain eta Arabako Lautadaren historia, ohiturak, hirigintza, etnografia, artea eta kulturari buruzko 300 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta hainbat liburu: Mapa Toponímico de Salvatierra-Agurain, Mapa Toponímico de Iruraiz-Gauna, edota Historia de la pelota en Agurain-Salvatierra.
Kepa Ruiz de Egino bere herriaren bilakaera ezagutarazteko lan mardula egiten ari da. ARABARTXIBO.EUS
Aguraingo Kale Nagusia 50eko hamarkadan. PHOTO.ARABA