631. azokak jaietan murgilduko du Agurain

Anakoz Amenabar

Urriaren 6an ospatuko dute Aguraingo abere azoka. PHOT. OK

Duplari egingo dioten omenaldiak emango die hasiera festei.

Urriaren hasierarekin batera, Agurainek bere jaigiro nagusia berreskuratuko du egitarau askotariko eta zabalarekin. Irailaren amaieran egindako kirol zein elkartasun jardueren ondoren, tartean minbiziaren aurkako martxa, txirrindularitza lasterketa eta kros herrikoia, eta urriaren 3an jaurtiko duten txupinazoaren ostean, jaietako egun nagusia iritsiko da: urriaren 6a, asteartea. Egun horretan ospatuko dute Aguraingo abere eta nekazaritza azoka entzutetsua, Arabako eta Euskal Herriko abeltzaintza tradizioaren erakusleiho nagusia.

Aurten 631. edizioa beteko du Aguraingo azokak, mendeetako ohitura eta historia bizirik daudela erakutsiz. Goizeko hamaiketatik aurrera, herriko kaleak eta guneak abelburuz, ekoizlez eta bisitariz beteko dira. Egun horretan bertan hainbat lehiaketa eta erakusketa nagusi antolatu dituzte, hala nola Euskal Herriko mendiko zaldiaren XVII. lehiaketa morfologikoa eta artzain gazten lehiaketa. Horiez gain, behi, txerri, ahuntz eta ardi azienden erakustaldia egongo da ikusgai, nekazaritzako azken makineriarekin eta euskal artisautza zein gastronomia produktuen salmenta postuekin batera. Goiza musikaz janzteko, Aguraingo Musika Eskolako ikasleek trikitixa kalejira eskainiko dute azokan zehar.

Azokaren ostean festak ez du etenik izango eta arratsaldean kultur zein kirol eskaintza zabala egongo da. Pilota zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute 17:15ean, udal kiroldegian, profesionalen lehen mailako pilota partidarekin. Etxeko txikienek ere euren tartea izango dute txosnagunean, 18:00etan Julen Magoaren ikuskizunarekin eta ondorengo txokolatadarekin. Arratsaldeari amaiera emateko, 19:00etan Xaibor Musikak San Juan plaza dantzaz eta giroz beteko du.

Duplari omenaldia

Azoka egunaren aurretik, urriaren 3an, Dupla talde aguraindarrari omenaldi berezia egingo diote, herriko txistulari eta dantzarien agurrarekin batera. Ekitaldi honen ostean, 19:00etan, jaiei hasiera emango dien txupinazoa jaurtiko dute, herriko kaleak erraldoi, buruhandi eta Aguraingo Musika Bandaren soinuekin betez. Azoka egun handia tarteko, festak urriaren 11ra arte luzatuko dira herrian. Hurrengo egunetan, besteak beste, euskal dantzak, bolo txapelketa, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio bat, eta Neomak taldearen kontzertua izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago