Araia ingurukoek betidanik ezagutzen duten tokia da, baina jende asko harrituko da bertako San Pedro galdategi zaharra edo Ajuria eta Urigoitiaren fabrika lehen aldiz ikustean. Lurraldeko ondare industrialaren adierazle bikaina da eraikina, baina baita horren inguruan dauden beste elementu asko ere. Horretaz jakitun, erakunde publikoek ingurua ezagutzeko ibilaldi bat atondu dute, Aizkorri-Aratz parke naturalean ibilbide didaktikoa estreinatuz. Orotara, 5,3 kilometroko ibilbide zirkularra da, eta horren aurkezpen publikoa egin dute Saray Zarate Ekonomia foru diputatuak, Clara Navas Jaurlaritzako Turismo zuzendariak eta Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak.
Navasek gogora ekarri du Europako Funtsak EAEri 105 milioi eman dizkiola turismo eskaintzak berritzeko. Horien bitartez, "helmuga erakargarriak, irisgarriak eta kalitatezkoak" izatea nahi dituzte, udalerrientzat zein bertoko enpresentzat aukera berriak sortu aldera, "betiere ingurunea eta bertan bizi diren pertsonak errespetatuz". Ibilaldi honen kasuan, ia 70.000 euro bideratu dituzte eremua atontzera.
"Ura, zura, harria eta burdina funtsezko baliabideak izan ziren tokiko biztanleentzat belaunaldiz belaunaldi, eta haien aprobetxamenduak aztarna sakona utzi zuen lurraldean. Egun, aztarna horiek aukera ematen dute gaur egunera arte iritsi den paisaia nola eratu zen ulertzeko", esan du Zaratek bisitan. Aldundiaren arabera, "inguruko paisaia eta industria garapena" moldekatu dituzten elementuak ezagutzeko ibilbide aproposa da orain aurkeztu dutena.
Hainbat panel informatibo paratu dituzte ibilbidean zehar, elementu bakoitzaren esanahia hobeto ulertu aldera. Azken aldiotan gero eta ohikoagoa den bezala, paneletan aurkituko dituen QR kodeei jarraiki, bisitariak gailu mugikor batetik informazio gehiago jasotzeko aukera du: besteak beste, bi bideo didaktikorekin. Liburuxka batean ere jaso dute ibilbidea.
Askotarikoak dira Aizkorri-Arazko Parketxetik abiatzen den ibilbidean zehar inguruneko historia industrialari lotuta dauden elementuak: antzinako kanal eta egitura hidraulikoak, harrobiak, bagonetak arrastatzeko bideak, zamalekuak, eraikinen hondarrak, zuhaitz lepatuak edo Arrazpiko bolborategi zaharra, esate baterako. Baina, ondare industrialaz jabetzeko ez ezik, ibilbideak parada ematen du gune bakoitzak naturarekin izan zuen harremana ezagutzeko.
Auzolanean txukunduta
2012. urtearen bueltan Asparreneko Udalak paisaiari buruzko plan bat egin zuen, mendian zehar dauden aztarnak, fabrikarekin lotura duten elementu sakabanatuak lotu nahian. "Duela bost urte inguru, berriz, auzokide batzuek Arrazpiko harrobia lehengoratzeko auzolanari ekin zioten", gogora ekarri du Auzmendik. Bi uda eman zituzten tokia txukuntzen, eta, horri esker, orain ibilbide didaktiko horren parte dira. "Fabrikan zeuden piezak ordezkatzeko harriak lantzen zituzten bertan", azaldu du alkateak. Harriak zamaleku batera eramaten zituen bagoneten sistema bat zegoen, eta ondoren aire kable baten bidez materiala fabrikara eramaten zen. Eremu horretan dinamita gordetzeko etxola bat zegoen ere. Zaharberritu denez, ingurunea oso txukun dago orain, eta, gaur egun autoz joaterik ez dagoenez, lapurretatik salbu geratu da material gehiena. San Miguel harrobitik, berriz, kareharria ateratzen zuten.
Baina, zalantza barik, ibilbide berriaren protagonista Ajuria fabrika da. Eraikinak historia luzea du atzean, 1848tik 1985era martxan egon zelako. Espainiako lehenengo indukzio labe elektrikoa izan zen, eta EAE mailan, berriz, lehenengo labe garaietako bat.
Alacanteko Unibertsitateko Miguel Angel Saez Garcia historialariak fabrikari buruzko doktoretza tesia egin zuen, EHUn zegoenean. Gogora ekarri duenez, tesia egiteko gai bila ari zenean, Ajuria familiaren artxiboaren zati bat eskuratu zuen Arabako Lurralde Historikoko Artxiboak, eta horrek, noski, historialariei aukera berriak ireki zizkien gaian sakondu ahal izateko, historiografiari ekarpen bat egiteko aukera emanez.
Testuinguruaz galdetuta, azaldu du XIX. mendearen erdialdean horrelako enpresak gehienetan familia enpresak zirela, eta hau ere hala izan zen. "Normalean, gertukoen kapitala biltzen zuen ekintzaile baten jarduna ohi zegoen abiapuntuan. Kasu honetan lau sozio izan ziren hasieran. Fundatzailea Leon Urigoitia izan zen".
Nola bururatzen zaio Urigoitiari, ba, horrelako fabrika bat eraikitzea? Aintzat hartu behar da aurretik bertan galdategi bat zegoela, eta garai horretan Araian egurgintzak izugarrizko indarra zuela. Urigoitia merkatu horretan aritutakoa zen, eta, beraz, gertutik ezagutzen zuen. "Hasiera batean bi alorrek zerikusirik ez dutela eman dezakeen arren, funtsezkoa zen, lehen siderurgietan burdina ikatz begetalarekin urtzen zelako, eta ez ikatz mineralarekin", argitu du Saez Garciak.
Gauzak hala, enpresa gizonak fabrika moderno bat —ingeles erara—, eraikitzea pentsatu zuen. Garai horretan, gainera, familiak harreman oso estua izan zuen Araiarekin, eta herritarren artean ospe handia zuten. "Horrek ahalbidetu zien ere Gorteetan diputatu eta senatariak izatea".
Aintzat hartu behar da enpresa beti oinarritu behar izan zela ikatz begetalean. Eta XIX. mendean ikatz begetala ohikoa bazen ere, XX. mendearen hasieran gauzak aldatzen hasiak zirela. Horrek bereizi zuen fabrika besteetatik. "Baina, behin une batera iritsita, ezin ziren lehiatu Bizkaiko eta Asturiasko siderurgia fabrika handiekin, horiek ikatz mineralarekin ekoizpen askoz handiagoa zutelako. Araban, noski, ez geneukan ikatz mineralik, eta, erabil nahi izatekotan, ekarri beharra zegoen Asturiastik edo Britainia Handitik, bizkaitarrek egiten zuten moduan. Halere, Arabaren kokapena ez zen egokia horretarako, jakina".
Denborak aurrera egin ahala aldeak gero eta nabariagoak ziren. "XIX. mendearen amaieran berrikuntza handia egon zen altzairuaren ekoizpenean, modu merkeagoan ekoizteko teknikak sartu zirenean. Honetaz, berriro ere, Bizkaiak eta Asturiasek aurrea hartua zuten". Araiako enpresaren jabeek, ordea, ez zuten amore eman, eta, irakaslearen hitzetan, "beharra bertute bihurtu zuten". Ikatz begetalarekin egindako burdinek kalitate berezia zutenez, merkatu txoko bat lortu zuten, burdina mota hau ekoizten zuten bakarrenetakoak zirelako. "Espainian, azkenak izan ziren burdina pudelatua izenarekin ezagutzen den produktua ekoizten. Hori altzairua baino hobeagoa zen zenbait aplikaziotarako. Horrelako kalitatezko ekoizpen horrekin lortu zuten hainbat urtez merkatuan mantentzea".
1980ko hamarkadan itxi zutenean, Araiarentzat trauma txiki bat izan zen, jende askok hor lan egiten zuelako. Kuwaiteko talde industrial batek fabrika erosi zuen, baina gaur egun erabili gabe dago. Udalarena izan ez arren, IHOBEren laguntza bati esker, 2016an bertatik uralita kentzeari ekin zion udalak, amiantoarekiko arriskuak saihestu ahal izateko.