Akordioa lortu dute Aguraingo kale garbiketan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Aguraingo jaietan greba iragarri zuten iragan astean langileek. LAB

Aguraingo jaietan antolatuta zegoen greba bertan behera utzi dutela iragarri du LAB sindikatuak.

Aguraingo kale garbiketan Seula enpresarekin zuten lan gatazka bideratzea lortu dute langileek. Goizean iragarri du LAB sindikatuak akordioa lortu dutela azken orduan enpresarekin, eta horrenbestez, urrian deituta zituzten sei greba egun bertan behera utzi dituela.

"Ez digute ezer oparitu. Lortu duguna langileon batasunari, antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugu. Beste behin ere erakutsi dugu antolatzeak balio duela, borrokatzeak emaitzak ekartzen dituela eta langileok elkarrekin indartsuagoak garela", esan du LABek.

Akordioak langileentzat "hobekuntza garrantzitsuak" ekarriko dituela azpimarratu du sindikatuak.  Hartara, urteko lanaldia 1.604 ordura murriztea lortu da, baja osagarria hobetzea, soldatak KPIaren arabera eguneratzea, jaiegunetako orduaren balioa %33 igotzea, eta bi opor egun gehiago eta norberaren aukerako egun bat gehiago.

Halaber, makineria erabiltzeagatik hilean 30 euroko plus berria adostu dute Seularekin eta laneko arropa eta uniformeetan ere hobekuntzak izango dira. Era berean, lizentzia eta baimenetan hobekuntzak izango dituzte aurrerantzean: senideak mediku kontsultetara laguntzeko ordu kopurua handitzea, eta Aguraingo jaietarako bi egun libre izatea.

 

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago