Aguraingo kale garbiketako langileek sei eguneko grebara deitu dute herriko jaietan. LAB sindikatuak iragarri duenez, urriaren 4, 5, 6, 10, 11 eta 12an egingo dituzte lanuzteak, eta azaldu du langileak urtarriletik daramatela Seula enpresarekin itun berri bat negoziatzen saiatzen.
Hilabete hauetan, esan du LABek, enpresak negoziatzeko "borondate eskasa erakutsi du", bilerak eta erantzunak atzeratuz. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo zuten langileek negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.
Irailaren 4an, azkenik, akordioa sinatzear zegoenean Seulak beste proposamen bat aurkeztu zuela azaldu du sindikatuak adostuta zeuden sei artikulu aldatzeko asmoarekin. Proposatutako aldaketen artean gai "oso garrantzitsuak" daudela esan du LABek, tartean plusak,ezintasuneko osagarriak, eta bajak.
Greba deialdiaren aurrean, EH Bilduko udal gobernua "harrituta eta kezkatuta" dagoela esan du Raul Lopez de Uralde alkateak. Azaldu duenez, kale garbiketako kontratu berria duela urtebete eskas sinatu zuten, eta %60ko hazkunde ekonomikoa ekarri zuen. "Helburu argia zen: kale garbiketako kalitatezko zerbitzua eskaintzea, langileentzako lan baldintza duinekin. Hori da, hain zuzen ere, datozen orduetan zerbitzu horren ardura duen enpresari helaraziko dioguna, esan du.
Beraz, udalak akordio bat lortzeko borondatearekin negoziatzeko eskatu die aldeei, eta premiazko bilera batera deitu du Seula enpresa, gatazka horren inguruan duen kezka azaltzeko.