Harreragune: ongietorri integrala iritsi berriei

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Gustavo Fernandez Kuadrillako presidentea eta Hanane El Fakiri zerbitzuko arduraduna. PHOT.OK

Migratzaileak artatzeko zerbitzua abiatu du Lautadako Kuadrillak.

Harreragune izeneko zerbitzua martxan jarri berri du Arabako Lautadako Kuadrillak, eskualdera iristen diren atzerritar jatorriko lagunak artatzeko. "Gure ardura da pertsona horiei informazioa eta baliabideak ematea hemen duintasunez bizi daitezen", azaldu du Hanane El Fakiri zerbitzuko arduradunak.

Adsis Fundazioarekin batera abiatu den zerbitzuaren helburua da iritsi berriei harrera egokia ematea eta, besteak beste, hezkuntzaz zein osasun sistemaz, erroldatzeaz eta administrazioaren funtzionamenduaz informatzea, "hona heltzerakoan eskubide guztiekin bizitzen hasteko nahikoa informazio izan dezaten", azpimarratu du Hananek. Zerbitzua Lautadako Kuadrillako egoitzan ematen da astelehenero, eta asteartero, txandaka, Araian eta Dulantzin (hamabostean behin herri bakoitzean). Arreta jasotzeko, beti hartu behar da hitzordua, Kuadrillako zenbakira deituz.

Bulegora iritsi diren kezka nagusiak etxebizitza, erroldatzea eta euskara ikastea dira

Irailean bulegoa martxan jarri zutenetik kezka nagusiak etxebizitza, erroldatzea eta euskara ikastea izan dira. "Familiei dagokienez, seme-alaba txikiek euskaraz hitz egiten duten arren, gurasoek ez dute ulertzen eta helduentzako euskaltegiak nola funtzionatzen duen jakin nahi dute", azaldu du Hananek.

Bestetik, zerbitzuko arduradunak argitu du Harreragune zerbitzua ez dagoela zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei bakarrik zuzenduta, "etorri berria den edozein pertsonari baizik".

Koordinazioa 

Informazioa emateaz gain, bitartekari lana ere egiten du Harreragunek, eta norbaitek behar konkretu bat duenean zerbitzu sozialetara bidaltzen dutela ere esan du arduradunak. Halaber, beste elkarte batzuekin koordinatzen dira: Gurutze Gorriarekin arlo juridikoa lantzeko eta Caritasekin formakuntzak bideratzeko.

Migratzaileak jasotzeko zerbitzuaren proiektua Lautadako Kuadrillak sustatu du, eskualdeko udal guztien babesarekin, hutsune bat ikusi zutelako. "Migratzaile kopuru sendo bat zegoen eskualdean, batez ere herri handienetan (Agurainen, Dulantzin...), eta administrazioaren aldetik pertsona horien arretan ez zegoen baliabiderik". Gustavo Fernandez Villate Kuadrillako lehendakariak azaldu duenez, "ez genuen lan zehatzik egiten pertsona horiek eskubideen jabe izateko; etortzen ziren, hala moduz moldatzen ziren gure artean, baina politika sozialetan orokorrean ez genuen inolako ekimenik egiten, eta babesgabetasun bat zegoela jabetu ginen. Horregatik erabaki genuen plan bat osatzea". 

Lehen urratsa atzerritar jatorriko lagunen inguruko diagnostikoa egitea izan zen. Horretan aditua den enpresa bat kontratatu zuen Lautadako Kuadrillak, eta eskualdeko eragileei ere zabaldu zieten parte hartzeko aukera. "Prozesu horretan pertsonen eta kolektiboen parte hartzea bermatu nahi genuen, eta lantalde bat osatu genuen: programako langileak, gizarte langileak, ikastetxe ezberdinetako guraso elkarteak eta ikastetxeetako zuzendaritza zein pertsonala bildu genituen", azaldu du Fernandezek. 

Prozesu horren ondorioz sortu zen harrera emateko lehenengo plana. Horretan definitzen da zer den zehazki harrera ematea. "Harrera ez da egoeraren araberako edo behin behineko laguntza sozial bat, baizik eta tokiko ekintza publikoaren dimentsio egonkor eta egituratua". Azpimarratu dutenez, planak erantzuna eman nahi die Lautadako herritar guztien premiei (bertakoei nahiz atzerritar jatorrikoei), "gizarte kohesioa eta kulturarteko bizikidetza helburu hartuta". 

Eskubideen ikuspegitik, Lautadako Kuadrillak onartu duen planak oinarri du herritar berriek zerbitzu publikoetarako sarbidea izatea bermatzea, tratu berdintasuna bermatzea eta arrazakeriari zein diskriminazioari aurre egitea. Halaber, euskararen eta generoaren dimentsioak ere kontuan hartu dituzte. "Euskara ikasteko eskubidea gizarteratzeko zein parte hartzeko giltzarritzat jotzen da, eta genero ikuspegia zeharkako lan ardatza da". 

Harreragune ez dago zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei bakarrik zuzenduta

Lautadako lehendakariak azaldu duenez, Harreragunerekin batera, beste ekimen batzuk jasotzen ditu planak. "Paraleloan gida digital bat prestatzen ari gara berriei zein administrazioko langileei informazio argia emateko". Osasuna, etxebizitza, enplegua, hezkuntza eta erregularizazioari buruzko informazioa bilduko duen gida digitala da. 

Horrez gain, Kuadrillako zein udaletako administrazioko langileentzat atzerritartasun eta kulturartekotasun formakuntza antolatuko dute, "harrera eta aniztasun soziala hobeto kudeatzeko dauden baliabide guztiak ezagutu ditzaten".

Profilak eta beharrak

Plana osatzeko Lautadako Kuadrillako migratzaileei buruz egindako diagnosiaren arabera, 2024an 1.576 pertsona ziren atzerritar jatorrikoak, hau da, biztanleria osoaren %12,3. Azken 25 urteetan hazkunde etengabea izan da (1998an 110 pertsona ziren, %1,26). Beraz, egiturazko biztanleria da jada, eta urtero 75 eta 100 pertsona artean iristen direla kalkulatzen da.

Jatorri geografikoaren arabera, Afrikatik iritsitako taldea nabarmentzen da (%46,53): Nagusiki Marokotik (%27,66) eta Aljeriatik (%11,28); ondoren Hego Amerikakoak daude (%26,00), tartean Kolonbia (%5,99) eta Dominikar Errepublika (%4,84); eta azkenik Europatik (%15,68) eta Asiatik iristen direnak daude (% 11,22), horien artean Pakistan (%9,50) nabarmentzen da.

Etorreraren motibazio nagusia ekonomikoa da. Hala ziurtatu dute Lautadako presidenteak zein Harreraguneko arduradunak: "Datorren jendeak bizitza berria eta lana bilatzen ditu, askotan jada hemen dagoen familia sare baten laguntzaz", esan du Hananek. Asko enpresak lekualdatzearen eraginez iritsi dira Lautadara, Fernandezek zehaztu duenez. 

Nolanahi ere, atzerritar jatorriko biztanleriaren langabezia tasa bertakoena baino handiagoa da, neurri handi batean administratiboki egoera irregularrean daudelako. Hori dela eta, nahiz eta lanean aritu, kasu askotan Bn, estatistikoki ez dago jasota. Hala, atzerritartasunari buruzko aholkularitza juridikoa, orientazio soziolaboral goiztiarra eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzea ezinbestekoa dela deritzo Kuadrillak.

Adinari erreparatuz gero, oso gazteak dira migratzaileak. Gehien-gehienek, %86,61 (1.365 pertsona), 16 eta 64 urte artean dituzte, eta %7,68 dira 16 urtetik beherakoak (121 adingabe). Eskola da gazteen sarbide eta sozializazio esparru naturala, eta alor horretan errendimendu akademikoaz harago, alderdi emozionalak eta identitatezkoak zaintzea eta hezkuntza sarean zein hizkuntza ereduetan segregaziorik ez gertatzea prebenitzea nahi dute Kuadrillak eta udalek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago