Garaio zaharraren hondarrak berriz zutik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Mariaren etxea birgaitzen ari dira. PHOT.OK

Herri zaharraren Mariaren etxea eta Goyoren bidea berreskuratuko dituzte.

Zadorrako urtegien eraikuntzak inguruko herrietan eta bizilagunen bizitzan izan zuen eragina balioan jartzeko proiektua aurrera egiten ari da pixkanaka. Garaio herri zaharraren "aztarna fisikoak" sendotzeko lanetan zentratzen ari dira hilabeteotan.

San Esteban elizatik gertuen dagoen Mariaren etxearen hondakinak garbitu eta finkatzen ari dira, eta etxe ondoan dagoen lurpeko uharka berreskuratzeko eta babesteko obrak ere egingo dituzte. Halaber, memoria historikoaren ibilbide interpretatiboa antolatzeko herriko hainbat bide zahar berreskuratuko dituzte, tartean Oreninera zihoan Goyoren bidea.

Hiru hilabeteko epean garatuko den jarduera ez da egituren birgaitze arkitektoniko batera mugatuko, "herriaren ondarea, paisaia eta natura integratzen dituen ibilbide interpretatiboa sortzera baizik", azaldu du Arabako Foru Aldundiak obraren memorian. Garaioko memoria historikoa berreskuratzeko eta nabarmentzeko 2015. urtean abian jarri zen egitasmoaren barruan kokatzen dira azken jarduerak, eta 116.399 euroko aurrekontua inbertituko dute obra horretan.

Mariaren etxea eta Goyoren bidea

Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu. Batetik, Mariaren etxea eta bere uharka birgaitzeko lanak egingo dituzte. Landarediaren azpian ezkutatuta gorde da etxea, baina 80ko hamarkadan Uribarri-Ganboako urtegiaren hondartzetara errepidea ireki zutenean bere larrain eta baratze eremua eta iparraldera atxikitako eraikinen zati bat ere eraitsi zituzten. Bertako harriak berreskuratu eta etxearen hormak berregiten hasi dira. Barrualdeko hormak erabili ahalko dira, gainera, Garaioko bizimodua eta herriaren abandonua azalduz interpretazio panelak eta aire zabaleko erakusketak jartzeko.

Halaber, Mariaren etxearen hormaren beste aldean, lurpean, uharka bat dago, harrizko eskailera batzuetatik iristen dena. Ingurunea garbitu eta egokitzen ari dira bisitarientzat. Hala, uharkari buruzko informazio panel bat ere jarriko dute sarreran, etxeetan ur bilketaren garrantzia azalduz.

Memoria historikoaren ibilbide interpretatiboa egingo dute hainbat bide berreskuratuz

Bestalde, XX. mendeko 50. hamarkadara arte Garaioko bizilagunek ibili zituzten herriko kaleak berreskuratuko dituzte, eta memoria historikoaren ibilbide interpretatiboa sortuko dute horietan. 1932-1934 urteetako ortofoto historikoak oinarritzat hartuz, herria antzina egituratzen zuten bideen trazadura berreskuratzeko asmoa dago. 

Hala, San Esteban elizatik –gaur egun behatokia dagoen tokitik–  herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen zuen bide nagusiaren 50 metroko zatia garbitu eta finkatuko da; eta era berean, Goyoren bidearen 30 metro lehengoratuko dira, gaur egun hondartzetara jaisten den bidea.

Proiektuaren barruan Lautadako baserrien tradizioari lotutako paisaia eta biodibertsitatea ere gorde eta nabarmendu nahi dute. Beraz, azken urteetan zabaldu diren landare espezie inbaditzaileak erabat kenduko dira eta baserri inguruetan ohikoak ziren landare loretsuak eta lurrintsuak (lirioak, arrosondo narrastariak, izpilikua, salbia, ezkaia eta oreganoa) landatuko dira. "Horri esker, esperientzia interpretatiboa ikusmenaz gain usaimen eta zentzumenen bidez ere biziko da", azaldu du Aldundiak.

Urtegia eraikitzean, 1950eko hamarkadan, Garaio herria uretatik salbu eta lehorrean geratu zen, urak ez baitzituen etxebizitzak hartu. Alta, bizilagunek beren lanbide eta bizibide nagusia ziren alor eta nekazaritza lurrak galdu zituzten, eta horregatik bertatik emigratu behar izan zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago