"Arabako zonalde honek betidanik izan du fama handia gaztagintzan"

Jon Hidalgo

Araian du gaztandegia Lekuona familiak. EKAITZ ANDA

Lekuona gaztandegiak irabazi du aurten Ordiziako Ardi Latxa Gazta lehiaketa. Unai Lekuona izan zen saria jasotzen, eta lanera itzuli da jadanik, haien 500 ardiak gobernatzera.

Ordiziako txapelketa irabazi duzue aurten. Zorionak.

Eskerrik asko. Oso ondo joan zen, eta oso pozik gaude Ordiziako txapelketa irabazteagatik.

Honek zer aldatzen du zuentzat?

Ba orain medio guztietatik deiak jasotzea, eta jende berria etorri da ezagutzera edo gazta ere erostera. Pixka bat hori, aldatu zaigu bizitza. Gu berez lasai ibiltzen ginen medioetaz, ez genuen ia hitz egiten, eta orain lio pixka bat izan da. Hori dauka. Gazta eramaten dugunean badakigu irabazten badugu zuei kaso egin behar dizuegula.

Irabazi duzue, eta zuen gazta erdia 5.400 euroan saldu da.

Bai. El Vasquitok erosi zuen, Donostiako jatetxe batek. Baina dirua ez da guretzat, gizarte ekintzako elkarteren batentzako da. Ez dakit zehazki nola kudeatzen den, Ordiziako Udalak edo [Idiazabal Gaztaren] kofradiak, baina erabilera solidarioa izaten du.

Ohiko lanetara itzuli zarete jada?

Bai. Artalde erdia Legairen daukagu, eta bestea behean. Dena lehorra dago, behekoei jada belarra eta pentsua ematen gabiltza, eta goikoei pentsua bakarrik. Urriaren 15 aldera jaitsiko ditugu jada menditik, urriaren amaieran hasi behar direlako arkumeak egiten. Berriz hasten da gure bizitza, ardiak zaindu, jetzi, gazta egin,... horrela ekaina bukaerara arte. Hori da gure laneko garai fuertea. Orain artekoa izan da guretzat garai lasaiagoa, ekainetik azarora arte edo; lana egin behar da, baina beste era batean.

Euririk ez dagoela eta, zer arazo sortzen dizkizue horrek?

Ba kanpoan ardiek ez dutela ezer jaten. Garai honetan normalean kalean jaten dute gehiena, eta agian ematen zaie pentsu pixka bat, laguntzeagatik. Aurten kalean ez dagoenez ezer, dena eman behar zaie barruan.

"Lehortea nabaritu da gaztan, tenperatura oso altuak egon direlako eta gazta gehiago lehortzen da"

Gaztaren ezaugarriak aldatzen ditu horrek?

Ez, asko ez, garai honetan ez ditugulako ardiak jezten. Egindako gaztan lehortea nabaritu da, baina tenperatura oso altuak egon direlako. Nola guk kamerak hamabi gradutan izaten ditugun, kalean bero asko egiten badu kamerak lan gehiago egin behar du eta gazta pixka bat lehortzen da, baina beroagatik, ez hainbeste pentsuagatik. Orain gainera ez diegu ardiei esnea kentzen.

Semearekin igo zinen saria jasotzera. Gustuko du mundu hau?

Bai, gustatzen zaio. Ez dakigu jarraituko duen, bizitzak hogei buelta ematen dituelako. Baina gustura ibiltzen da eta asko laguntzen digu; alabak ere asko laguntzen digu, eta pozik gaude.

Hogeigarren aldiz aurkeztu zarete Ordiziako txapelketara.

Hogei aldiz bai. Bigarren, hirugarren eta bosgarren postua geneukan aterata, eta aurten ba lehenengoa.

Azken zazpi edizioetatik arabarrek irabazi dituzte bost.

Betidanik Arabako zonalde honek fama handia izan du. Ez dakigu airea den, edo altitudea, edo agian gauzak ondo egiten ditugula ere bai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago